Egoera tamalean, poztekoa da Konkolotx elkartearen ahalegina. Garai batean euskarazko lehen ikastolak sortu zituzten andereñoen moduan, 0-3 urte arteko etapa ureztatzen ari diren emakumezko hezitzaileen kemenez eta ahaleginez ari dira euskararena beharko lukeen espazioa eta denbora berreskuratzen Ipar Euskal Herrian.
Tantaz tanta, frantsesa Ipar Euskal Herrian gero eta indar handiagoz hartzen ari den hedadurari, gure hizkuntza bizkar gainean konkolotx hartuta ari zaizkio erantzuten hezitzaileak. Tantaz tanta, euskarazko oasi txikien arteko zubia eraiki nahi dute, hain zuzen ere, Konkolotx elkartean batu diren haurtzain-etxe eta haurtzaindegietako hezitzaileek. 0-3 bitarteko etapa mortua baita euskararentzat, salbuespenezko oasi horiengatik ez balitz.
Gaitza baita egoera. Basamortuaz eta oasiez hitz egitea, tamalez, ez da exajerazio bat. Ipar Euskal Herriko lehen haurtzaroko hezkuntza eskaintzaren argazki bat egin beharko bagenu, egoera oso kaskarra dela ikusiko genuke: euskarazko haurtzainen zerbitzua ez da % 5era iristen Ipar Euskal Herrian. Gero, eskolatzen direnean, datuek diote haurren % 20 murgiltze ereduan eskolatzen dela, Seaskan, Euskal Haziak-en edo Ikas-Bin. Beraz, 3 urtera bitartean % 5era ez da iristen euskarazko eskaintza eta etapa horretan haurren % 15 galdua du euskarak. Hain zuzen ere, oinarriak barneratzen diren adin-tartea izanik, galera ikaragarria da, bai haurrentzat eta baita euskararentzat ere.
Egoera tamalean, poztekoa da, beraz, Konkolotxen ahalegina. Poztekoa eta ezinbestekoa. Garai batean euskarazko lehen ikastolak sortu zituzten andereñoen moduan, 0-3 urte arteko etapa ureztatzen ari diren emakumezko hezitzaileen kemenez eta ahaleginez ari dira euskararena beharko lukeen espazioa eta denbora berreskuratzen. Nahiz eta datuak hizkuntza baten biziraupena bermatzeko beharrezko den % 20tik oso behera dauden hala eta guztiz ere.
Gai nagusiak ez ezik, elkarrizketa nagusiak ere euskara du ardatz 294. zenbaki honetan, Karmele Perez Lizarralde HUHEZIko irakasle eta ikerlariaren eskutik. Badugulako zer hobetu euskararen ikaskuntzan eta irakaskuntzan, etapa guztietan eta lurralde zein sare guztietan. Ikasleek hobeto eta gehiago ikas eta erabil dezaten euskara, irakasleok geure egiteko moduaz hausnartu eta formatu behar dugu, eraginkorragoak izateko. Irakasle guztiok geure lana hobetuko genuke euskara irakasle guztion ardura dela behin betiko ulertuko bagenu, tantaz tanta ur jauzi bihurtzeko.
Katalan institutuetako patioetan oso ohikoa da “ musika... Estatuak bere hedapenean bultzatzen dituen instrumentu guztiak, gaztelaniaz direlako.
Salvador Cardús