Amaia Arroyo Sagasta, HUHEZIko irakaslea
Adimen artifiziala
Adimen artifizialak irakaskuntzan leku handia izango duela iragartzen digute etengabe, baina zertaz ari dira? Zer-nolako teknologiaz ari dira? Bideo bidezko irakaskuntzaz? Robotei buruz? Teknologiek egingo dizkiguten testu-irudi konposizio pertsonalizatuez? Zer dispositibo eta zer gaitasun irudikatu behar ditugu? Argituko al zeniguke zer esan nahi duen adimen artifizialak hezkuntzan lekua hartuko duela esaten denean?
ADIMEN ARTIFIZIALA esaten dugunean, makinek berez gizakionak diren gaitasunekin lotutako zereginak egiteko daukaten gaitasunaz ari gara, hala nola, hizkuntzaren prozesamendua, arazoen ebazpena edo ikaskuntza bera. Teknologia mota horren “katapultarik” handiena adimen artifizial sortzailea izan da, zehazki, ChatGPT txatbotarekin, 2021eko azaroan. Niri laguntzen dit ulertzeak makinekin harremanak modu desberdinean izatea ahalbideratu duen teknologiaz ari garela eta horrek esan nahi du informaziora beste modu batera gerturatzen garela. Lehen bilatzaileetara jotzen baldin bagenuen eta hainbat esteketan murgiltzeko aukera baldin bagenuen, orain iturri bakarrera jotzen dugu (txatbota) eta hark emandako erantzunarekin gelditzen gara. Hori oso arriskutsua da, iturri fidagarri eta orojakile agentzia ematen diogulako. Ikaskuntza informazioaren prozesamenduan oinarritzen dela kontuan hartuta (ez hori soilik, jakina), zer gertatzen da informazioaren prozesamendua makina batean delegatzen baldin badugu? Interpretazioa, sintesia, mamitzea… makinak egiten badu, ikaskuntza prozesuan interferentzia sortzen da eta, nolabait esateko, katea eten egiten da. Ezin dugu debekatu, teknologia batek aukerak ematen baditu gizakiok baliatu egingo dugulako; horregatik, hezkuntzak ardura dauka (gutxi zituen jada!) halako teknologia digitalen erabilera kritikoa, kontzientea, arduratsua… egiteko baliabideak eta estrategiak lantzeko. Ikaskuntzan eragiten duelako, zuzen-zuzenean.
Sare sozialak
Eskolako guraso taldeak Whatsapp-etik Telegram-era pasatzeko deia egin digute eskolatik, modu horretan euskaraz idatzitakoa norberak bere hizkuntzara itzuli dezakeelako eta Telegram konfidentzialagoa omen delako. Ez nuen sekula pentsatu kanal bat edo bestea erabiltzeak garrantzirik zuenik, arriskurik duenik…
OSO BERRI ona da halako “mugimendu aldaketen” atzean dagoenari buruz hausnarraraztea. Tentuz pentsatzen baldin badugu, sare sozialetan denbora asko pasatzen dugu eta gure komunikazioaren oinarri sendoa dira: gure intimitate guztiak kontatzen ditugu bertan eta argazkiak, bideoak, audioak… bidaltzen ditugu eta horien guztien datuak biltzen dituzte. Informazio hori gure interes, portaera eta ohiturei buruzko profil zehatzak sortzeko erabiltzen dute. Datuak modu masiboan biltzen dira askotan gure baimen espliziturik gabe, ez dakigulako edo ez diogulako erreparatzen, eta gure pribatutasuna eta segurtasuna arriskuan jar ditzake. Gure informazio pertsonala babesteko eta komunikazio seguruagoa bermatzeko, funtsezkoa da zifratzea eta datuen babesa duten tresna digitalak erabiltzea, hala nola, Telegram. Plataforma horiek teknologia aurreratuak erabiltzen dituzte gure mezuak baimenik gabeko sarbideetatik babestuta daudela ziurtatzeko. Horregatik dira aukera egokia: mundu digitalean dugun pribatutasunaren gaineko kontrol handiagoa ematen digutelako.
Heziketa digitala
Askotan irakurri diet adituei, debekatu ez eta hezi egin behar ditugula haurrak eta nerabeak sakelakoa (eta pantailak oro har) ongi erabili dezaten. DBHko irakaslea naiz, eta sakelakoarekiko mendekotasun handia ikusten dut nire ikasleengan; denbora gehienean bideoak eta sare sozialak kontsumitzen dituzte. Ez dakit debekua den antsietatea sortzen diena, edo debekua behar duten. Nola hezi behar ditugu sakelakoaren erabilera kaltegarria egiten dutenean?
EGUNGO EGOERA oso modu argian deskribatu duzu. Argi dago sekulako erronka daukagula gure nerabeei eta gazteei laguntzeko. Murrizketa eta erregulazioa behar-beharrezkoak direla uste dut, batez ere, aurretik berariazko lanketa eta bidelaguntza egin ez denean (ez dugu egin, ez dugulako jakin izan: ez da epaia). Orain, arriskuak ikusten ditugun unean, esku hartzeko hiru eremu daudela esango nuke: murrizketa edo erregulazioa (arauak), arriskuen gaineko lanketa esplizitua eta ohitura osasuntsuak sustatzea. Azken urteetan heldu zaie lehenengo biei, nahiz eta azkenaldian intentsitate handiagoz izan, eta uste dut badela garaia teknologia digitalekin (izan mugikor, izan ordenagailu) harreman osasuntsua eraikitzeko gakoak sustatzeko. Ez daukat formula magikorik eta uste dut erronka konplexu bati erantzun konplexua zor zaiola, baina uste dut eredugarriak diren jarrerak, portaerak eta harremanak lantzeko ordua dela. Agerikoa dirudien arren, jatorduetatik pantailak kentzea, elkarrekin hitz egiteko tartea hartzea edota mugikorrik gabeko ekimenak (asteak, bidaiak…) bultzatzea, teknologia digitala, bideoak egitetik eta sare sozialak erabiltzetik harago, sortzeko erabil daitekeela… Eraiki nahi dugun harremanari buruz hausnartzeko guneak behar ditugu. Teknologia digitala ez da gure (eta haien) bizitzatik aterako, baina “on” eta “off” momentuen artean oreka aurki dezakegula sinetsi eta erakutsi behar diegu.