Amaia Arroyo Sagasta | HUHEZIko irakaslea eta ikerlaria

Denbora pantailekin

Seme-alabek eskolan pantailekin pasatzen duten denborak arduratzen nau, LH3ko alaba eta DBH4ko semea antzeko denboran jarduten baitira pantailekin. Progresiboa izan beharko al luke? Pantailarik gabe egin daitezkeen gauza asko pantailarekin geroz eta lehenago egiten ari direla iruditzen zait.

GUZTIZ BAT nator diozunarekin. Egoera horretan, bi kontu azpimarratuko nituzke: alde batetik, esposizio-denbora eta, bestetik, pertinentzia didaktikoa. Lehenengoari dagokionez, hezkuntza formalean zaindu egin behar dugu ikasleei zenbat denboraz eskatzen diegun pantailaren aurrean egotea. Izan ere, eskolako zereginetatik eratorritako pantailaren erabilerari aisialdikoa ere gehitu behar diogu. Hortik dator gidaritza digitalaren estrategiak hezkuntza-komunitate osoaren artean adostearen beharra eta garrantzia (familiak, irakasleak, ikasleak). Bigarrenari dagokionez, ez dut uste teknologia digitala ikaskuntza prozesuan erabiltzeko irizpidea pantailekin ikasgai gutxi lantzetik gehiagora joatea denik. Kontuan hartu behar duguna da ikaskuntza prozesuan, lantzen ari garen arloan, proiektuan… zer leku eta zentzu duen. Horri pertinentzia didaktikoa deitzen diot. Noiz eskaintzen digu teknologia digitalak balio erantsi bat? Noiz zabaltzen dizkigu aukerak ikaskuntza prozesuak elikatzeko edo aberasteko? Galdera horien baiezko erantzunak didaktikoki eta pedagogikoki argudiatua denean soilik izango du zentzua. Beraz, ez da soilik adin kontua. Pertinentzia kontua da eta, noski, pantailarik gabe egin daitekeen gauza asko dago.   


Irakurketan laguntzeko teknologiarik?

LH 3ko gelako tutorea naiz. Irakurketa maila oso desberdina daukaten ikasleak ditut gelan, eta gainera, batzuk euskara maila baxua daukate. Guztiekin ezin ditut helburu berdinak eduki, baina ba al dago euskaraz irakurketan laguntzeko teknologia edo baliabiderik?

EUSKARAZ EZAGUTZEN dudan aplikazioa Irakurle digitala da, baina ez dut uste zuk aurkezten duzun egoeran eta daukazun helburua betetzen lagunduko dizunik. Tresna horrek dekodifikazioan laguntzen du eta arlo horretan oztopoak dituzten ikasleei lagun diezaieke. Hala ere, ez du irakurketaren beste arlo batzuetan ekarpen handirik egiten; adibidez, ulermenean, ez dut uste lagungarria denik, ez duelako horretan eragiteko ahalmenik. Horren aurrean, testuen egokitzapena eta ikaskideen arteko lanketa (irakurketa binaka bezalako proiektuak) izan daitezke estrategia edo aukera batzuk. Sentitzen dut gehiago lagundu ez izana.


Visual thinking 

Gure semeari, 13 urterekin, irakurketa-idazketa kosta egiten zaio eta edukietan atzean gelditzeko arriskua ikusten dugu. Ezagutza beste modu batzuetan barneratzeko zer teknologia, baliabide edota aplikazio erabil dezakegu berarekin? Ba al dago euskaraz irakurketan laguntzeko teknologia edo baliabiderik?

ARGI IZAN beharko genuke zuen semeak duen erronka ez dela berea soilik. Azken urteetan asko azpimarratu dira Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalean (IDU) oinarritutako esku-hartzeak eta irakasle asko horretan formatzen ari dira. Ikastetxean bertan zuen semearen beharrei egokitzeko askotariko formatuak eskaintzeko aukera asko zabaltzen ditu teknologia digitalak: infografiak, azpitituludun bideoak, audio bidezko azalpenak, audioa duten aurkezpenak, eskema bisualak… Horiek guztiak garatzeko nik Canva tresna erabiltzen dut: erabilerraza da eta diseinu aukera asko eskaintzen ditu. Zuen semeak horixe erabil dezake, bere ikaskuntzan jasotakoa beste formatu batean irudikatzeko. Dena dela, idatziz (analogikoan) egindako lanen balioa ere azpimarratuko nuke eta osagarritasunaren aldeko apustua egingo nuke. Galdetu semeari zer formaturekin konpontzen den hobeto eta, hori oinarri gisa hartuta, saiatu osagarritasuna bilatzen, irakurketa-idazketa prozesuan laguntzarekin aurrera egiteko aukerak eskaintzen jarraitzeko.


Kanpo motibazioa

Gure 6 urteko alabari ingelesa ikasteko aplikazio bat jaitsi diogu (Duolingo), eta ikaragarri gustura eta motibatuta dabil. Kanpotik datozen motibazio horiek (ongi egiten duen guztian txaloak jasotzeak, izarrak, konfetiak…) eta pantailek sortzen dioten erakargarritasunak zalantza sortzen didate. Gisa horretako aplikazioak eta programak lagungarriak al dira?

MOTIBAZIOA GARRANTZITSUA da, baina ikaskuntzaz ari garenean, ez luke dena justifikatu behar. Nire ustez, motibazioak ezin gaitzake pantailen gehiegizko erabilerara eraman. Badakit zaila dela “gehiegi” hori neurtzea. Horregatik, beste aukera batzuk pentsatzera eta esploratzera animatu nahi zaituztet. Zuen alaba ingelesa ikasteko hain motibatuta badago, Duolingoz haratago beste ekintza batzuk egitera anima dezakezue. Hona hemen adibide batzuk:
• Ingelesezko abestiak ulertzen ote dituen frogatzera: hartu zuek ezagutzen duzuen abesti bat eta lagundu hitz berri batzuk identifikatzen.
• Ingelesez idaztera: irakurketa-idazketa esperimentatzen ibiliko den fase honetan, asteko menua, etxeko arauak edo eskutitz/email bat idatz dezakezue elkarrekin.
• Bere burua ingelesez hitz egiten grabatzera: gero, bideoa elkarrekin aztertu dezakezue eta galdetu nola sentitzen den bere burua ingelesez hitz egiten ikusten duenean.
Aipatutako adibideak eta ideiak pantailekin egiteko pentsatuta daude; baina, Duolingok ez bezala, haurraren protagonismoa bilatzen dute, inplikazioaren eta sormenaren bitartez, batez ere. Eta badute beste bereizgarri bat: interakzioa, pantailekin izateaz gain, pertsonekin ere badela. Halakoekin proba eginda zuen alabaren motibazioak behera egiten baldin badu, horrek erakutsiko digu benetako motibazioa Duolingoren gamifikazio estrategietan dagoela, berehalako sarietan, alegia. Puntu horretara iritsita, esango nuke lagungarria baino kaltegarriagoa dela eta beste estrategia batzuen alde egiten saiatzea gomendatuko nizueke.