Ainhoa Arrubarrena eta Jone Zalduegi | EMOKIko kideak
‘TXAPA’-RIK GABE HIZKETAN
Guraso elkarte bat gara, gure seme-alabei sare sozialen eta sakelako telefonoari buruz hitz egin diegu, baina ohartzen gara "txapa" gisa hartzen gaituztela. Gaiaz euren
hizkuntzan baina eduki interesgarriarekin hitz egingo dien norbait edo bideorik edo zerbait ezagutzen al duzue?
HAIENTZAT erakargarria izan daitekeen ariketaren bat egitea aukera aproposa izan daiteke, zuzenean ideia zaparrada bat egitea eta haien iritzia ematera animatuz. Haiekin, ikusten dituzten bideoak eta edukiak ikustea ere interesgarria izan daiteke, komentatzen dituzuen bitartean, pentsamendu kritikoa garatzeko helburuarekin. Bestalde, interesa izan dezaketen beste haur eta guraso batzuekin elkartzea aukera paregabea izan daiteke eta guztiok batera espazio hori sortu. Edozein kasutan, Emoki elkartetik, sare sozialak eta mugikorraren inguruko hainbat tailer eskaintzen ditugu. Beraz, gurekin harremanetan jar zaitezkete nahi izanez gero.
ADINEAN GERO ETA LEHENAGO
Alaba nagusitik bigarren alabara gauzak asko azkartu direla konturatu gara, lehenago hartu du sakelakoa, lehenago sartu da sare sozialetan, eskolan teknologia berriak azkarrago hasi dira erabiltzen… Arduratuta nago nahikoa heldutasun ba ote duen alabak 12 urterekin mundu horretan sartzeko… Non jarri beharko genituzke marra gorriak? Zer eduki behar dugu kontuan leiho horiek irekitzean?
HELDUTASUN MAILA kontuan hartzea inportantea da. Hala ere, neurri batzuk argi edukitzea ezinbestekoa da.
- Pantailaren aurrean igarotzen duten denbora mugatua izatea garrantzitsua da. Posiblea bada, egunean bi ordu baino gutxiago izaten saiatu beharko gara.
- Haien adinerako egokiak diren bideo-jokoak aukeratzen laguntzea komenigarria da. Horretarako, bideo-jokoaren PEGI sisteman fijatzea komenigarria da. Sistema honek zenbat urtetik aurrera jolastea den egokia esango digu eta baita bideo-jokoen edukiaren inguruko informazioa erraztu ere.
- Sare-sozialetako bideoak sarritan ikusten dituzte eta haientzat horien interpretazioa era desegokian egitea erraza da. Guraso moduan, ikusten dituzten bideoak zein diren ikustatzeko askotariko app-ak deskargatu ditzakegu, baina inportanteena haiekin noizbehinka ikustea eta horien inguruan hausnartzea da.
- 12 urterekin ez dute zertan sare sozialetan ibili, eta ibiltzekotan haiekin erabilera akordioetara heltzea ezinbestekoa da. Bestalde, erabiltzekotan segurtasun neurriak hartzea funtsezkoa da: kontuak era pribatuan jartzea, ezagutzen duten jendea bakarrik onartzea, komentarioak desaktibatzea, etab.
- Pornografia geroz eta lehenago ikusten dute eta gurasoekin sexualitateari buruz hitz egiteko gogorik ez edukitzea edo lotsa sentitzea ohikoa izaten da, baina elkarrekin pelikula edo serie bat ikusi eta gero, harremanetaz eta tratu onez hitz egiteko momentu aproposa izan daiteke.
- Ikastetxearen arabera, bakoitzak teknologiaren erabilera desberdina planteatzen du, batzuk gehiago, beste batzuk gutxiago, jarduera batzuetarako, beste batzuetarako... Horregatik, arlo honetan ere hausnarketa inportante bat egin beharko genuke, tresna digitalak zenbat eta nola erabiltzen ditugun aztertzeko.
GURASOEN EZAGUTZA
Guraso bezala sare sozialen gaian erabat atzeratua gelditzen ari naizela sentitzen dut. Iritsi naiz Facebook, Twitter eta Instagramera... baina ihes egiten didate berriek. Leku guztietan egon behar al dugu gurasook haurrengandik gertu egoteko?
HAINBESTE SARE SOZIAL, app eta bideo-jokoez inguratuta bizi garenean, sentsazio hori edukitzea naturala da. Gainera, alaba-semeen hizkuntza ez dugula menderatzen eta haiengandik urrun sentitzea gurasoen sentsazio orokorra izaten da. Belaunaldiz belaunaldi harremanak edukitzeko moduek aldaketak izaten dituzte eta gure funtzioak argi izatea inportantea da. Alaba-semeen adina eta garapen prozesu unea kontuan hartzea ezinbestekoa da. Sare sozialak ez dira haurrak ibiltzeko gunerik seguruena, ikusten duten eduki motagatik eta bertan egin daitezkeen ekintza desberdinek izan ditzaketen ondorioengatik. Adinaren arabera, planteatu beharko genuke ia interesatzen zaigun gure alaba-semeak sare sozialetan murgilduta egotea, eta gurasoen esku dago baimen hori ematea, 14 urte bete bitartean gurasoen baimenik gabe edozein sare sozial erabiltzea ez baita legala. Beraz, mugak eta akordioak lantzea nahitaezkoa izango da. Alde batetik, guraso bezala arduratu eta galdetu zer erabiltzen duten, eta haiekin era ez epaitzailean komunikatzera animatzen bagara aukera paregabea izan daiteke haiengana hurbiltzeko eta interakzio horren parte izateko. Bestalde, gure esperientziatik laguntzea eta guraso moduan akonpainamendu emozionala eskaintzea ezinbestekoa da, alaba-semeek etxea espazio lagungarria eta segurua dela sentituz.
SMARTWATCH
7 urteko alabaren gelan ia denek smartwacha daukate. Interneterako sarbiderik ez daukala eta segurutzat jotzen dute gurasoek, baina niri zalantzak sortzen dizkit. Smartwatcharen inguruan, zer eduki beharko genuke kontuan haurrei eman aurretik? Zehaztu al daiteke adin bat egokiago izan daitekeena?
LEHENIK ETA BEHIN, guraso moduan geure buruari egin beharreko galdera batzuk planteatu nahi ditugu: benetan behar du Smartwatch-a gure 7 urteko alabak? Norena da beharra, gurasoena edo haurrena? Zein da gailu hori ematearen helburua? Edozein kasutan, Smartwatch mota desberdinak daude, aukera desberdinak ematen dituztenak. Badaude deiak jaso eta egiteko aukera besterik ez dutenak, eta aldiz, Smartphone batek izan ditzakeen aukera guztiak dauzkatenak ere badaude.
Eskumuturrean komunikaziorako tresna izateak gure atentzioa zuzenean erakartzen du eta notifikazioak zuzenean ikusiko ditugu, erantzuteko aukerarik ez eduki arren. Horregatik, zein motatako Smartwatch-a eta nola konfiguratzen dugun inportantea izango da. Hala ere, sakelakoa eskaini baino arinago aukera bat izan daiteke Smartwatch-a erabiltzea, betiere haurrari zertarako eta zergatik ematen diogun azaltzea funtsezkoa izango delarik. Planteatutako galderak eta aukera desberdinak aztertu eta hausnartu ondoren, azken erabakia gurasoena izango da.