Ainhoa Arrubarrena eta Jone Zalduegi | EMOKIko kideak
DEPENDENTZIA
Konfinamenduan nahi baino gehiago erabili dituz pantailak gure umeak eta orain batzuetan kosta egiten zaio kalera ateratzea, bultzatu egin behar dugu, nahiago du etxean mugikorrarekin edo tabletarekin jolasten gelditu. Dependentzia eduki dezake?
Bizitako egoerak pantailak gehiago erabiltzera eraman gaitu eta haiei azaldu beharko diegu ez dela osasuntsua hainbeste denbora pantailen aurrean egotea eta ariketa fisikoarekin edo beste jarduera batzuekin tartekatu beharko dituztela. Ohiturak ez dira egun batetik bestera erraz aldatzen, beraz, pixkanaka-pixkanaka aldatu beharko ditugu. Gainera, ikastetxeetara itzuli direnez, ordutegi eta ohitura berriak aprobetxatzea komenigarria da eta etxean pantailak noiz eta nola erabiliko diren ezartzea. Bestalde, beste familia batzuekin harremanetan ipintzea ideia interesgarria izan daiteke. Batzuetan haur eta nerabe guztiak antzeko prozesua bizitzen ari badira, kalera joateko orduan ez dutela norekin joan sentitu dezakete. Horregatik, gainerako familiekin adostuta, beste ekintza amankomun batzuk egitera bideratu ditzakegu. Azkenik, helduok, pertsona arduradun moduan egiten dugun pantailen erabilerak ere eragin zuzena dauka, inguruko haur eta nerabeek egingo duten erabilera horretan. Beraz, autokritika eta hausnarketa pertsonala egitea beharrezkoa ikusten dugu.
ORDENAGAILU AURREAN
Gure haurrek gero eta gehiago erabiltzen dute eskolan ordenagailua eta etxera etorri eta lanak egiteko berriro ordenagailua pizten dute. Ordenagailuaren aurrean ordu gehitxo pasatzen dituzte iruditzen zaigu. Non egon daiteke muga?
HAURREK ORDENAGAILU aurrean komenigarria izango litzatekeena baino askoz ere ordu gehiago pasatzen dituztela argi dago. Horregatik, haien aisialdian beste jarduera batzuk egitera animatzea komenigarria da eta jarduera desberdinak probatzera animatu, haiekin espazio horiek partekatzen ditugun heinean. Aisialdiaren barruan bideo-jokoetara jolasten badute, ordutegiak eta mugak jarri beharko dizkiegu eta gure hitza bete, haiek guk ezarritako mugekin ez jolasteko. Hala ere, muga hauek ondo zehaztu beharko ditugu eta haiek oso argi eduki. Haur eta nerabeentzat, inportantea da oso, haien iritzia erabakien parte izan dela sentitzea eta guk, heldu bezala, beraien bizimodua, testuingurua, etab. kontuan hartu dezakegula nabaritzea. Bestalde, hezkuntza sisteman, hausnarketa sakon bat egitea interesgarria eta beharrezkoa ikusten dugu, pantailen erabilerari dagokienez. Teknologia baliabide aberasgarri bat izan daiteke, baina ez da baliabide bakarra eta, zentzu honetan, oreka bat bilatzea garrantzitsua ikusten dugu.
PANTAILAK ETA LOA
Lotara joan aurretik pantailaren aurrean egotea ez dela komeni entzun dugu. Zer eragin izan dezake umeen, gazteen edota helduon loan ohera joan aurreko minutuetan ere pantailari begira egoteak? Zenbat denbora lehenago utzi beharko genioke pantailari begira egoteari?
PERTSONON LOA hartzeko moduan eragina du pantailaren aurrean egoteak eta arrazoia pantailek askatzen dituzten distirek melatonina alteratzen dutela da (distirek burmuina engainatu dezakete egunez gaudela pentsaraziz). Melatonina, REM loaren hormona induktorea da. REM fasean gaudenean amesten dugu eta gure burmuina berregituratzen da. Beraz, loa hartu baino ordu bat arinago behintzat komenigarria da inolako pantailarik ez erabiltzea eta pantailak logelatik kanpo uzten baditugu, askoz hobeto.
ARAUAK
Whatsapp, Instagram, TiK-toK... sare sozialetako gero eta aplikazio gehiago erabiltzen dituzte gure 11 urteko alabak eta haren lagunek eta guk ez ditugu apenas ezagutzen. Gure kontroletik at daudela sentitzen dugu eta ez dakigu nolako jarraipena egin. Iradokizunik baduzue?
MOMENTU EGOKIA izan daiteke haien interesetara hurbiltzeko saiakera egiteko. Era honetan, komunikazioa erraztu dezakegu eta guraso eta alaba-semeen arteko ezagutza handitu daiteke. Komunikabide eta sare-sozialetan ikusten eta barneratzen ari diren informazioa ulertzen eta antolatzen lagundu beharko diegu eta kontuan hartzeko premisa garrantzitsuenetako bat askotan itxurakerian eta zentzugabekerian oinarritutako edukia kontsumitzen dutela da, haien pentsamendu kritikoaren garapenean eta autoestimuan eragina izanez. Sare sozialetan 14 urte bete arte ezin da kontu berri bat ireki gurasoen baimenik gabe, datu babeserako legeak esaten duenaren arabera. Horregatik, adin horretatik behera gurasoen baimena izango ez balute printzipioz ez lukete sare sozial hau erabili behar. Baina, jaiotze data faltsu bat jartzearekin nahikoa da kontua egiteko. Bestalde, garrantzitsua da sare sozial horien inguruko informazio minimo bat izatea, edota azaltzeko zuzenean eskatzea alaba-semeei, laguntza prozesu egoki bat egin ahal izateko. Aplikazioak erraz erabili arren, garapen prozesuak eta gaitasun naturalak direla eta, sare sozialek eta Internetek dakartzaten egoera eta testuinguru guztiak ulertzeko gaitasunik ez daukatela argi izan behar dugu.
TELESAILAK
Gure seme nerabeak Netflixen serieak bata bestearen atzetik ikusteko joera hartu du eta kezka eragiten digu. Zer egin dezakegu? Zer-nolako jarrera hartu beharko genuke?
NERABEZAROAN BERE ESPAZIOA bilatzen ari da eta bere barruko munduan eta lagunekin espazioak bilatzea ohikoa izaten da. Alaba-semeak serieak ikustean ez dago arazorik, baina agian erabilera erregulatzeko laguntza beharko du eta bere onurarako izan daitezken neurri batzuk kontuan izan ditzakegu eta etxeko guztientzat ohitura antzerakoak izan.
- Gauean edo etxeko guztiek erabakitzen duzuen ordu batetik aurrera WIFI-a kendu dezakegu, eta erabaki honek gaueko erabilera murriztuko du.
- Ondo lo egiteko eta tentagarri moduan mugikorra ondoan ez izateko, mugikorrak edota beste edozein dispositibo digital logeletan sartzea saihestuko dugu.
- Guztiok gustuko duzuen telesail bat elkarrekin ikusteko aukera aproposa izan daiteke eta astean kapitulu bat edo bi ikusteko konpromisoa hartu dezakezue, horrelako plataformak nola erabili guk kudeatzen dugula agerian jarriz.