Ainhoa Arruabarrena eta Jone Zalduegi | EMOKI taldeko kideak

SARE SOZIALEN ABIADURA ETA ERREALITATEA

Gure seme-alabak sare sozialen abiaduran konektatuta daude, dena da azkarra eta berehalakoa. Errealitatearen erritmoa, ordea, mantsoagoa da. Errealitatean ez dago abiadura hori. Nola kudeatu talka edo desberdintasun hori?

ONLINE ETA OFFLINE munduak errealitate berdinaren islada dira. Internet eta sare-sozialetan sortzen diren jokabide eta ekintzek hedapen azkarragoa eta askoz ere zabalagoa hartzen dute, baina ez dugu ahaztu behar aukerak eta jarrerak guk eraikitzen eta sortzen ditugula. Horretarako, tresna digitalek, sare sozialek eta bideo-jokoek gugan daukaten eragina zein den ezagutzea lagungarria da, gure erabakiak era esanguratsuan manipula ditzaketelako. Beraz, gure esku dago kontzientzia hori garatzea eta kudeaketaren kontrola geureganatzea, egiten dugun erabilera neurtuz. Hona hemen adibide batzuk oreka mantentzeko online eta offline erritmoekin dantzan gabiltzanean:
- Familian eta lagunekin betiko jolasetara elkarrekin jolastu. Hemen eta orain egotera eramaten gaituzten uneak berreskuratzeko eta haietaz gozatzeko aukera paregabea dugu.
- Etxean gaudenean tresna digitalei denbora eta espazio konkretu eta murriztuak esleitu.
- Elkarbizitza eta aurrez aurreko komunikazioa errazten duten ohiturak hartu: otorduetan mugikorra mahaitik kanpo utzi, neurtu haur eta nerabeen aurrean tresna digitalen erabilera, gauean mugikorrak kutxa batean utzi…
- Ingurukoekin dauzkagun harremanetan mugak jarri. Ez dugu zertan momentuan erantzun norbaitek idazten digunean, eta eskuragarritasun hori kudeatzea gure esku dago.


APLIKAZIO EGOKIAK

8 eta 6 urteko semeak ditugu. Haurrek sormena lantzeko ezagutzen al duzue teknologia aplikazio egokirik? Gomendatuko al zenigukete bateren bat?

GALTZAGORRI ELKARTEAK irakurketa eta sormena sustatzeko ipuin eta aplikazio digital askotarikoak sortu ditu. Hainbat aukera dauzkate, batzuk 8 urteko haurrei hobeto egokitzen direnak eta beste batzuk 6 urtekoek erabil ditzaketenak. Edukiak eta aplikazioak euskaraz daude, eta zuen helburua betetzeko aproposak direla uste dugu.

Bestalde, Edebe taldearen barruko Giltza argitaletxeak badauzka ipuin interaktiboak eta jolas desberdinak barne dituen aplikazio digitalak. Horiek arakatu ditzakezue.

Azkenik, bideo-jokoen arloan, oso ezaguna den Minecraft jolasa daukazue. PEGI Sistemaren arabera, 7 urtetik gorakoentzat dago gomendatuta. Kasu honetan, bideojokoak zerotik hasita eta kuboak erabiliz mundu oso bat sortzeko aukera ematen du. Hala ere, jakin behar dugu indarkeria eta beldur elementuak izan ditzakela jolasteko moduaren arabera.


ARGAZKIAK SEGURU GORDETZEN

Familian argazki ugari ateratzen ditugu eta pisu handia hartzen dutelako Interneteko sarean edo lainoa deitutako horretan gordetzen ditugu etxekoen argazkiak. Azkenaldian kezka apur bat badugu horren gainean. Lainoan gure argazkiak gordetzeak zer ondorio izan ditzake?

ZAILA DA INOLAKO ARRISKU GABEKO GUNEAK aurkitzea, bai online eta baita offline ere. Baina hauek dira kontuan hartu ditzakegun alderdiak lainoan gure argazkiak gordetzeko erabakia hartu baino lehen:

- Laino horren atzetik beti dago kudeatzaileren bat (enpresa bat edo banakakoren bat). Horrek esan nahi du, horren atzean gure argazkien edukira sarbidea duten pertsonak daudela, eta hortik datuak atera eta dena delako helburuekin erabili ditzaketela. Batez ere, erabiltzen dugun aplikazioa doakoa bada, era batean edo bestean etekina ateratzen dutela pentsatu behar dugu.

- Datuen babesarekin ere arazoak eduki ditzakegu. Beste pertsona batzuen argazkiak edo datuak gordetzeko orduan, kontuan eduki behar dugu pertsona horien intimitatea eta pribatutasuna babestera eta zaintzera behartuta gaudela.

- Segurtasunari dagokionez, gure lainoaren kontura heltzen baldin badira (pasahitza lapurtu digutelako, mugikorra edo tresna digitalen bat galdu dugulako gure aplikazioak zabalik utziz…), gure argazkiak eta edukiak pertsona ezezagunen eskuetan eror daitezke.  

Alternatiba bat izan daiteke kanpoko disko gogor bat izatea argazkiak bertan gordetzeko, aparatu hori etxean toki seguru batean gorde dezakegularik.


NERABEEN ERABILERA

Nerabeek gurasoen kontroletik ihes egiteko sare alternatiboak bilatzen dituztela irakurri izan dut. Zein arrisku ikusten dizkiozue horri?

NERABEZAROAREN EZAUGARRI nagusietako bat familiarengandik edo gurasoengandik aldentzea da, alderdi edo talde sozialak eragin eta indar handiagoa bereganatuz. Nerabeen artean komunikatzeko eta harremanak sortzeko sare sozial askotarikoak erabiltzen dituzte, batzuk gurasoentzako ezagunak izan daitezkeenak eta beste batzuk ezezagunak.

Alderdi teknologikoarekin beste alor batzuekin gertatzen den bezala, oso garrantzitsua izango da momentu horretara arte gurasoek hezitzaile moduan egin duten lana. Eta beraz, sare sozialetan aurkituko dituzten arrisku eta gatazkei aurre egiteko erreminta eta estrategiak erraztu behar dizkiegu.
Gurasook onartu behar dugu ez dugula gure alabek eta semeek egingo duten guztia jakingo. Baina tresna digitalak erabiltzeko ohitura osasuntsuak ezarri ditzakegu etxean, eta komunikazioa sustatuz ardura sortzen diguten gaiak jorratu ditzakegu haiekin. Nagusitzen doazen heinean, autonomia garatzen lagundu behar diegu era progresibo batean, haien espazioa errespetatuz baina arazoak dauzkatenean bertan egonez eta laguntza eskatzea erraztuz.

Arrisku konkretuei dagokienez, sare sozial guztiek komunak izan daitezkeen kalteak dauzkate, hala nola, pribatutasun galera, gehiegizko erakusketa, autoestimu eta autokontzeptu arazoak, osasunerako kaltegarriak diren ekintza eta ideien imitazioa, etab.