Amaia Arroyo Sagasta | HUHEZIko irakaslea tea ikerlaria
Kontraesanak
Gure alabaren institutuan debekatu egin dute mugikorrak eramatea. Alaba txikiaren eskolan (LH) ere debekatu dituzte eta baita smartwatch-ak ere. Hala ere, gurasoek 7 urterekin horrelako erlojuak erosten dizkiegu eta 10-12 urterekin sakelakoa ematen diegu. Eskola eta familiak ez goazela batera iruditzen zait. Nerabeak zoramen baten erdian dauzkagula iruditzen zait. Argi pixka bat jar zenezake gai hori elkarrekin nola bidera dezakegun jakiteko?
ZELAKO ONDO deskribatu duzun gaur egungo egoera! Bejondeizula! Argi dago gizaki moduan kontraesanez betetako izakiak garela; baina, gure haurren eta gazteen heziketaz ari gara: beren komunikatzeko moduak, aisialdia, ikasteko baliabideak… artikulatzen. Horregatik, gai horrek behar duen garrantzia mahai-gaineratzen hasi da. Nola, ordea? Oso modu polarizatuan: teknologia digitalak “besarkatzen” ditugu edo “gorrotatzen” ditugu; teknologiaz busti edo teknologia debekatu. Badakigu jarrera polarizatuek ez gaituztela inora eramaten, are gutxiago gure gizartearen parte den teknologia digitalari dagokionean. Nire ustez, hiru izan daitezke gaiari heltzeko gakoak: informatzea, eztabaidatzea eta erabakitzea.
- Informatu egin behar dugu: teknologiak (izan) duen inpaktua ulertu behar dugu eta horrek arlo guztiak bustitzen ditu (pertsonala, soziala, kulturala, ikaskuntza, ekonomikoa…). Zergatik sustatu nahi da konpetentzia digitala ikasleengan? Ez da ikasleak, seme-alabak eta etorkizuneko herritarrak teknologiaren erabiltzaile hutsak izateko; hain zuzen ere, etorkizuneko gizartea (digitala) eraldatzeko eta bide horretan ahaldundu eta justizia sozialera bideratutako erabakiak (teknologikoak ere bai) hartzeko.
- Eztabaidatu egin behar dugu: hezkuntza-komunitatearen parte garen eragile guztiok elkarrekin aritzeko foroak behar ditugu. Gurasoak mobilizatzea ondo dago, baina gure seme-alaben hezkuntzan askotariko eragileak daude eta sintonian joan behar gara. Eta haien ahotsa jasota. Horren gaineko proiektu bat martxan jarri beharko genuke, hezkuntza proiektu eraldatzaile bat, modu sistematizatuan aurrera egiteko, ez soilik momentuko erantzuna emateko.
- Erabakiak hartu behar ditugu: behin informatuta eta eztabaidatuta, erabakiak hartu behar ditugu. Erabaki horiek plano guztietarako baliagarriak izan beharko lirateke (ikastetxea, aisialdia, etxea, herria…). Horrela, sintonian, gaur egun antzeman duzun koherentzia falta horri erantzuteko aukera izango genuke.
Hitz potoloak dira, badakit; baina, arduratik eta kezkatik ari garen honetan, haurrek eta gazteek etorkizunean behar duten funtsezko konpetentzia digitalaren deabrutzerantz doan negazionismo digitalean erortzen ari garela uste dut, eta horren eragina espero dugunaren kontra joan daitekeen susmoa daukat.
Gune interesgarriak
Etxean pantailen tartea mugatua daukagu, baina egunero uzten diegu tartetxo batez alabei (11 eta 14 urte) tabletean ibiltzen. Eskolako irakasgaietan sakontzeko baliatu nahiko genuke tableteko tarte hori, baina ez ditugu aplikazio edo webgune interesgarriak ezagutzen.
NIRE USTEZ, seme-alabek berez dakartzaten etxerako lanez gain tabletaren erabilera errefortzu edo sakontze ariketak egiteko erabiltzea gehiegi izan daiteke haientzat. Uste dut enfokea pixka bat aldatu dezakegula, eta ikastetxean ikasi dutenarekin zerbait sortzera bideratu dezakegula. Hiru adibide ekarri ditut. Lehenengoa, Canva aplikazioa, eduki digitalak sortzeko: horrekin infografiak, bideoak, aurkezpenak edo eduki interaktiboa sor ditzakete, ikasi dituzten kontzeptu edo gauza harrigarriak beste modu batean adierazteko. Bigarrena, Scratch, bloke bidezko programazioaren bidez sormena lantzeko: kasu horretan, beren kabuz sortutako bideo-jolasak edota, Makey Makey gisako tresnekin lotuta, elementu fisikoekin interakzioa programatzeko sormena landu daiteke. Hirugarrena eta azkena, Aurasma, errealitate areagotuan oinarritutako edukia sortzeko: horrekin, ikastetxean landu dituztenak errealitatearekin lotzeko aukera dute, tabletaren kamerarekin gauza fisikoak eskaneatzeko eta edukia agertzeko.
Bilaketa kritikoak
LH1etik gaur LH3ra arte, gure alabak askotan ekartzen du etxerako lan moduan, Interneten pertsonaia bati buruzko informazioa bilatzea. Wikipedian sartu eta kopiatu egiten du informazioa. Gu saiatzen gara beste orrialde batzuk erakusten, baina euskaraz ez dugu asko aurkitzen… Eta gainera esaten digu gela osoak informazio berdina edukitzen duela kopiatuta. Nola sustatu genezake etxetik beste bilaketa bat eta jarrera kritikoago bat?
POZGARRIA DA guraso moduan behar horretaz kontziente zaretela irakurtzea. Bilaketak zentzu guztia galtzen du kopiatu-itsatsi bihurtzen denean, are gehiago guztiek informazio bera eskuratzen dutenean. Bi gai azpimarratuko nituzke mahai-gaineratzen duzun egoeran. Alde batetik, eskolari dagokion proposamen didaktikoa: bilaketa egiteko orduan, ikasle guztiei berdina ez eskatzea izan daiteke alternatiba bat. Horrela, gelan informazio-trukaketa bat egotea bermatu dezakegu. Beste alde batetik, etxera etorrita, uste dut kontuan hartu behar dugula gure seme-alabek laguntza behar dutela bilaketa horiek egiteko. 6-8 urteko haurrak txikiak dira beren kabuz bilaketa kritikoak egiteko. Horregatik, guraso moduan, gidatu egin behar ditugu bilaketa horiek egiteko orduan. Zer esan nahi du horrek? Bada, Wikipediara baino Txikipediara bideratzea, esaterako, eta bertako testua irakurtzen eta ulertzen laguntzea. LH1 eta LH2n irakurketa-idazketa prozesuen hasierako faseetan kokatzen dira haurrak (oro har) eta ulermenetik urrun egoten dira modu autonomoan lan eginda. Horrez gain, Txikipediatik haratago, gaien araberako atari propioak egon daitezke (adibidez, mitologiako bilaketa bat eginda, https://euskalmitologia.com ataria aurkitu dut). Bestela, beren adinerako aproposa den kalitatezko edukia gaztelerazko webgune batean aurkitzen baduzue, gurasook irakurri eta seme-alabei konta diezaiokezue, haiek beren informazio-jasoketa egin dezaten. Ideia garbia da: haurren adinari eta heldutasun-mailari dagozkion gaitasunak hartu behar ditugu kontuan. 6-8 urteko umeei beren kabuz bilaketa kritikoa, aberatsa eta oparoa egitea gehiegi eskatzea da, nire ustez. Horrek ez du esan nahi eskatu ezin diegunik, baina aurrera eramateko estrategiak eta laguntza eskaini behar dizkiegu.