Amaia Arroyo Sagasta | HUHEZIko irakaslea eta ikerlaria

Bideo-jokoak

Gure 13 urteko semea egunero ordubetez bideo-jokoetan ibiltzen da, askotan estresa bideratzeko erabiltzen duela iruditzen zaigu. Alde batetik ona izan daiteke, baina gu kezkatuta gaude, mendekotasuna ari ote zaion sortzen. Zertan jarri beharko genuke arreta? 

MENDEKOTASUN SINTOMARIK garbiena da bideo-jokorik ez daukanean “abstinentzia sindromea” agertzea: antsietatea, ezinegona, suminkortasuna… Nire iritziz, ordubetez bideo- jokoetara jolastea ez da kezkagarria, bideo-joko mota eta bertan dagoen edukiari erreparatzea da garrantzitsua: zer pertsonaia mota daude? Zer egiten dute? Zer komunikazio mota azaltzen da? Zer egiten du joko horretan? Agian, sormena, estrategia, komunikazioa… lantzen ari da. Hala balitz, aisialdiko ordubete bat horretara bideratzea probetxugarria izan daiteke. Aldiz, bere adinerako aproposak ez diren jokoetara jolastea (GTA, adibidez) ez nuke egokitzat joko. Gakoa zera izan daiteke: berarekin hitz egitea eta jolastea, egiten ari dena ezagutzeko, baloratzeko eta, zergatik ez, baita berarekin gozatzeko ere. Argi dago 13 urterekin bere espazioa behar dutela eta, zuen semearen kasuan, bideo-jokoa izan daiteke berarentzat bere espazio hori. Zuek, guraso moduan, egiten duzuena egiten duzuela, zaintzatik egiten ari zaretela ulertaraztea oso garrantzitsua da, bere espazioari duen garrantzia ere emanda.


Gurasoen eredua

9 eta 11 urteko seme-alabekin oso presente daukagu sakelakoak noiz ematearen gaia. Aldiz, nire bikotea “oso konektatuta” dago, gehienetan lanagatik mezuak erantzun beharra izaten du… Sentsazioa daukat seme-alabei gauza bat esan eta guk (bikoteak) beste bat egiten dugula.  

ERREALITATE GORDINA deskribatzen ari zara. Badakigu haur eta gazteek esaten zaienetik baino ikusten dituzten ereduetatik ikasten dutela, eta horregatik da hain garrantzitsua gure erabileraren kontzientzia hartzea. Konexio maila jaistea posible ez bada, 9 eta 11 urteko seme-alabak izanda, uste dut posible dela haiei azaltzea aita zertan ari den, lanagatik erabiltzen duela azaltzeko. Dena den, deskonexio osasuntsuaren gaia azalarazteko aitzakia bat ere bada, eta ondo legoke eredu izate horrek gehiegizko erabileran aldaketak ekartzea, zure bikotearen ongizatearen alde eginez. Ordu jakin batetik aurrera edota tarte batean (haurrekin zaudetenean) ez erabiltzea adostu dezakezue. Ordu edo tarte horrek, nahitaez, afal ordua hartu beharko luke bere baitan, familian hitz egiteko giroa ahalbideratzeko.


Arrakala digitala

DBHko irakaslea naiz. Nire geletako umeen artean desberdintasun handiak ikusten ditut, batzuek dituzten baliabide teknologikoen eta besteek dituztenen artean, eta baita, ikasle batzuen gurasoen ezagutza mailaren eta besteen gurasoen ezagutza mailaren artean. Irakasleok nola lagundu dezakegu arrakala hori saihesten?

HAUSNARKETA HORRETARA heldu bazara, bejondeizula! Argi dago bi eragin-eremu daudela deskribatzen duzun errealitatean: alde batetik, azpiegiturari dagokiona; eta bestetik, familien formazioaren gainekoa. Lehenengoari dagokionez, ikastetxean ikasle guztiek gailu teknologiko berberak eskura dituztela bermatu beharko genuke. Horretarako, liburutegian jar daitezke batzuk eskuragarri maileguan, “zaharkituta” gelditzen direnei beste bizitza bat emanda (Luberri Linux sistema eragilea jarrita, adibidez, gailu zaharrak ondo aprobetxatu daitezke). Gailu horiek zentroak berak jar ditzake edo ondoko enpresengana edo familiengana jo dezakezue, ekarpena eskatzeko. Bigarrenari dagokionez, familien formazioa ikastetxeen eragin-esparruan sartzea behar-beharrezkoa dela deritzot. Azken finean, hezkuntza-komunitatearen parte dira familiak eta haien formazio mailak eragin handia du ikasleen egunerokotasunean. Galdetegi bat pasa daiteke, haien beharrak ezagutzeko eta formazio-saio batzuk eskaintzeko. Saio horiek zuek edo kanpo adituren batek eskaini ditzake, gaiaren arabera. Baina garrantzitsua da azpimarratzea azpiegituraren erronkari soilik helduta ezingo diogula heldu arrakala digitalari.


Instagram

Gure 14 eta 16 urte semeek Instagramen jarraitzen dituzten eta haiei jarraitzen dieten pertsona gehienak ez dituzte ezagutzen. Haiei like-ak ematen dizkiete, eta haien like-ak espero dituzte. Denbora asko eskaintzen diote sare sozial horri, eta 16 urtekoari umorean ere eragiten dio elkarrekintzak. Egiten duen guztia Instan erakutsi behar du eta gauzak propio egiten ditu Instan erakusteko. Eskuetatik joaten ari zaiola iruditzen zaigu. Zer kontrol neurri har genezake?

LEHENENGO ETA BEHIN, haiekin hitz egitea da gomendagarriena: beren motibazioak ulertzeko eta, bide batez, haiengan kontzientzia pizteko. Askotan, ez dute beren ekintzen pertzepziorik edo, behintzat, ez dute gehiegi pentsatzen zentzuan, eraginean edo ondorioetan. 14 eta 16 urtekoak izanda, erabiltzeko eskubidea dute (legeak baimentzen du), baina erabilera osasuntsua eta egokia zer den ikasten lagundu behar diegu. Erronka moduko bat ere proposatu diezaiekezue: argazki bat igo gabe egun bat pasa dezala, like eman gabe egun bat igaro dezala, aurrerago pare bat egunez desinstalatu… “Esperientzia” horien inguruko gogoeta egin dezakezue ondoren, haien bizipenen gaineko hausnarketa bultzatzeko, eta autoerregulazioa sustatzeko.