Amaia Arroyo Sagasta | HUHEZIko irakaslea eta ikerlaria

NORA DOAZ DATUAK?

Gure haurrari erlojua erosi diogunean ohartu gara eskaintza handia dagoela lo orduak, pausoak, kaloriak eta antzeko datuak biltzen
dituzten erlojuenak. Nora doaz datu horiek? Eta zertarako erabil daitezke? Zer arrisku izan ditzakete horrelako erlojuek?

GALDERA ONA bezain konplexua da: nora doaz gure datuak? Hori jakiteko, lehenik eta behin, egitera ohituta ez gauden gauza bat egin beharko genuke: letra txikia edo agertzen diren leihoak irakurri. Adibidea webguneekin jarriko dut: normalean, webgune batera sartzen garenean, cookieak onartu egiten ditugu, ezer irakurri eta arretarik jarri gabe. Hori egiten dugunean, baimena ematen ari gara gure jarduera guztia trackeatzeko eta, beraz, egiten duguna monitorizatu daiteke. Non gordetzen dira gure jarduerari buruzko datu horiek? Bada, konpainien zerbitzarietan; baina horiek ez dute zertan konpainia dagoen lekuan edo herrialdean egon, beste leku batzuetan izaten baitituzte “espazio” horiek erosita (adibidez, Amazonen zerbitzariak oso erabiliak dira). Erlojuekin, mugikorrekin… (eta jada kotxeekin ere) gauza bera gertatzen da: lehenengo aldiz martxan jartzen ditugunean, gure datuak “gordetzeko” eta “esperientzia hobetzen laguntzeko erabiltzeko” baimena eskatzen digute. Normalean, irakurtzen eta arreta jartzen ez dugunez, onartu egiten dugu eta gure datuen kontrola galtzen dugu. Dena dela, galdera interesgarriena ez da “non”, “zertarako” baizik. Zertarako nahi dute jakin niri buruzko hainbeste gauza? Gai sakona bada ere, titularra hauxe izango litzateke: guri buruzko profila sortzen dute eta gero horrekin bat datorrena “magikoki” eskaintzen digute (publizitatea, adibidez). Egin beharreko ikaskuntza horrela laburtuko nuke: onartu aurretik, irakurri egin behar dugu, onartzeko eskatzen diguten horren zergatiari buruz pentsatuz.


AUTONOMIAREN MUGAK

Guraso lagun batzuek 14 urteko nerabearen sakelakoa begiratu egiten dute noizean behin, idazten dituen eta jasotzen dituen mezuak gainbegiratzeko. Sakelakoa gurasoek ordaintzen diotela eta adin txikikoa dela argudiatzen dute. Beste guraso lagun batzuek ez dute horrelakorik egiten nerabearen intimitatean sartzea iruditzen zaielako. Zein iruditzen zaizu jarrerarik egokiena?

EZ DAGO jarrera egoki bakarra: argi dago testuinguruaren eta pertsonen arabera, erabakia bata edo bestea izan daitekeela. 14 urte aurretik egindako ibilbidean jarriko nuke arreta, jarrera aukeratzerako orduan. Bidelaguntza bat egon bada aurretik eta nerabeak erabilera egokia egiten dakiela erakutsi badu, agian ez da beharrezkoa izango gainbegiratzea. Aldiz, erabileran antsietatea nabari bada, kideekiko errespetu faltak edota isolamendua eragiten dion erabilera intentsiboa, agian, berarekin hitz egitea ideia ona izan daiteke, gainbegiraketa egitea proposatzeko. Azken horri dagokionez, esango nuke garrantzitsua dela nerabeak jakitea zein den gurasoen erabakia eta zer arrazoi dagoen egin duten hautuaren atzean. Hor, nola ez, bere ongizatea jarri beharko litzateke beti erdigunean, ez kontrol nahia.


GURASOEK EZAGUTU BEHARREKOAK

Gure seme-alabek mugikorra dute eta guraso moduan, esaten digute komeni dela haiek erabiltzen dituzten programak, jokoak eta aplikazioak ezagutzea. Denak ezagutzea eta denen gainean egotea oso zaila egiten zaigu. Zein dira, zure ustez, arreta gehien merezi dutenak eta ongi ezagutu beharko genituzkeenak? 

APLIKAZIOEN BI talde nagusitan jarriko nuke arreta: jolasak eta sare sozialak. Jolasei dagokienez, hiru aipatzekotan, Paper.io 3D, Roblox eta Egunean Behin. Paper.io 3D jolasean, estrategia eta bisio espaziala lantzen da, beste jokalari batzuen kontra jolastuz. Roblox, aspaldikoa izanda ere, irudimena eta sormena lantzeko aproposa da, beste jolas batzuk sortzeko aukera ematen duelako. Egunean Behin aipatzekoa da euskararen eta euskal kulturaren inguruko jolasa delako. Sare sozialei dagokienez, YouTube, TikTok eta Instagram dira ezagunenak eta erabilienak. Hiruretan ere, arreta edukien kalitatean jarri beharko genuke eta, horregatik, interesgarria da seme-alabentzat erreferentzia diren kontuak edo pertsonak ezagutzea. Horretarako, onena da haiekin eseri eta haien gustuekiko interesa erakustea. Elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko aukera paregabea da.