Amaia Arroyo Sagasta | HUHEZIko irakaslea eta ikerlaria
KONTROLA BAI ALA EZ
12 urteko semeari mugikorra erosi berri diogu. Inguruko beste guraso batzuek mugikorra begiratu egiten diete seme-alabei, erabilera eta beraien arteko harremanak zaintzeko. Beste batzuek ez, intimitatean sartzea dela uste dutelako. Guk ez dakigu zer egin. Zer gomendatzen diguzu?
ERANTZUNA EZ DA erraza. Azken finean, familia bakoitzak bere arauak, harremanak eta marra gorriak ditu. Bi aukera ikusten ditut hemen, familiaren bizipenen araberakoak izan daitezkeenak: haur horrek gailuekin harremana eta ardura (batez ere) izan baditu eta bere erabilera arduratsua dela erakutsi baldin badu, ez nuke ikusiko beharrik bere mugikorrean “miatzeko”; aldiz, haur horrek gailu digitalekin antsietatean oinarritutako erabilera izan baldin badu edota bestelako jarrera desegokiak, agian, berarekin adostu daiteke bere erabileraren jarraipena egingo duzuela. Gauza bat argi ikusten dut: ez dut uste bide egokia denik haurrari ezer esan gabe bere mugikorra miatzea. Konfiantza, jarrera arduratsua eta egokia sustatu nahi baldin baditugu, helduon ekintzek ere horixe izan beharko lukete oinarrian. Berarekin adostu daiteke egiten duenaren berri izan behar duzuela, erabilera egokia egiten laguntzeko.
IKUSMENA ZAINTZEKO
Mugikorraren eta pantailen erabilerak ikusmenean eragina izan dezakeela entzun izan dugu. Zer-nolako ezaugarriak eduki behar dituzte mugikorren, tableten eta ordenagailuen pantailek ikusmena zaintzeko eta gutxiago kaltetzeko?
BI ALDERDI HARTU behar dira kontuan: teknikari eta erabilerari dagozkionak. Alderdi teknikoari dagokionez: pantailak handiak izatea komeni da, begien mugimendua baimentzeko; distira zaindu behar dugu (ez jarri % 100ean) eta kolore beroak jarri ezarpenetan, begiei esfortzu gutxiago eskatzen dietelako. Erabilerari dagokionez, postura zaintzea ere oso garrantzitsua da: mugikorrak eta tabletak sabelaren parean jartzen baldin baditugu, begiek begiratzeko hartzen duten angelua ez da aproposena (ezta gorputzaren postura ere). Pantailak begien aurrean izatea komeni da: lerrokatuta, ahal dugun heinean. Alderdi teknikoak eta erabilera, biak dira garrantzitsuak.
GURASOEN ARTEKO PAKTUAK
Herri batzuetan gurasoak elkartu eta mugikorra erosteko adina luzatzeko konpromisoa hartzen ari dira, denak taldean adostuta. Gure kasuan, ezinezkoa iruditzen zaigu 10 urteko semearen lagun taldearen gurasoekin horrelako ezer planteatzea. Beste biderik edo proposamenik baduzu kasu horretarako?
GURASOEN ARTEAN adostasuna lortzea oso zaila da. Herri batzuetan lortu dute, bai; baina, eredugarria izan daitekeen arren, oso konplexua da. Batzuetan, gurasoek ikastetxeen bidez egiten dute prozesua, eta aditu batek gidatzen du: ez hainbeste informazioa emateko, baizik eta irizpideak hartzen laguntzeko. Aukera bat izan daiteke. Bestela, adoste prozesua aktibatzerik lortuko ez bazenute, talde txikiago batean egiteko saiakera egin dezakezue (konfiantza gehiago duzuen taldean, adibidez). Argi dago azken horrek ez duela bermatzen zuen semeak mugikorrarekin harremanik ez izatea, agian, bere lagun batzuek izango dutelako; baina 10 urteko seme horrek hartu-eman gutxiago izango du gailuarekin, zuen helburua hori baldin bada. Bata ala beste, semeari gailua zergatik ez diozuen “ematen” azaltzea da nire gomendioa: azken finean, ez da “nahi ez izatea” besterik gabe; bere heldutasun mailari dagokiona errespetatzen eta berarentzat egokia dena bilatzen duzuela azaltzea garrantzitsua da, alegia.
ADIKZIOA
Guraso moduan, 15 urteko alabak mugikorra asko erabiltzen duela iruditzen zaigu. Noiz jakin dezakegu adikzioa ote duten ala ez? Zertan jarri behar dugu arreta adikziorik duen ala ez jakiteko?
AURKEZTEN DUZUEN egoeran, bi kontzeptu ezagutzea komeni da: mendekotasuna eta adikzioa. Mugikorren kasuan, mendekotasunaren sintomarik garbiena da mugikorrik ez daukanean, “abstinentzia sindromea” agertzea: antsietatea, ezinegona… Nomofobia ere horren ebidentzia bat izan daiteke: mugikorrik gabe egoteari diogun beldur irrazionala da nomofobia. Adikzioa, aldiz, gehiegizko erabilerarekin lotuta dago: mugikorra erabiltzeari ezin uztea, nahiz eta ondorio negatiboak izan (lo gutxiago egitea, adibidez). Adikzio posiblea baloratzeko, mugikorraren erabilera mugatu daiteke eta zer gertatzen den ikusi: mendekotasunaren sintomak agertzen baldin badira, alabarekin hitz egitea izango litzateke onena. Erronka bezala ere proposatu diezaiokegu: aplikazio bat desinstalatzea (Tik Tok edo Instagram) eta egunero tarte bat hartzea zer sentitzen duen komentatzeko. Argi dagoena zera da: ezin dugu erabilera 100etik 0ra aldatu. Erabileraren kontzientzia sustatzea eta erabilera orekatua eta osasuntsua egiten laguntzea izango litzateke helburua.