Amaia Arroyo Sagasta | HUHEZIko irakaslea eta ikerlaria

EREDU ALTERNATIBOAK

Gure ikastetxean Google, Gmail eta pakete osoa erabiltzen dugu, ikasle guztien emailak ere Gmail dira… Nik nire gelan (LHn) multinazional horrenak ez diren bestelako tresnak erabili nahiko nituzke, baina nondik hasi?

AZALTZEN DUZUN INPOTENTZIA eta nahia gero eta ohikoagoa da irakasleongan. Pribatutasunaren balioa handia dela eta zaindu beharreko altxorra dela konturatzen hasiak gara. Zaila da ikastetxean hartutako erabakien kontra joatea… Postarekin soluzioa ez da batere erraza. Paketeari dagokionez, posible duzu Libre Office paketea erabiltzea. Ez dago euskaraz, baina aukera bat da. Moodle ere oso hedatua dago eta Google Classroom-en alternatiba ezin hobea da. Komunitate sendoak daude bien atzean eta uste dut software librean urratsak emateko aukera apartak direla. Poliki-poliki, denok egingo dugu horrantz, izan ere, Google hasia da kobratzen eta, dirua jada mahai gainean dagoenean, normalean erabakiak aldatzeko aukera handiagoak izaten dira.


TEKNOLOGIAK HAUR HEZKUNTZAN

Haur Hezkuntzan “teknologia berriak” erabili behar ditugula, eta hastapen gisa, nondik jotzea gomendatzen duzu? Nire irakasle kideek abestiak eta Youtubeko bideoak ikusteko erabiltzen dute arbel digitala, baina zein funtzio eduki beharko lukete teknologia berriek Haur Hezkuntzako geletan, zure ustez?

FUNTZIOA, BATEZ ERE, didaktikoa izan beharko litzateke; hau da, haurrek gauza berriak ikasteko aukera emateko aliatuak izan behar dute teknologia digitalek, nire ustez. Horrek esan nahi du erabilera ongi pentsatu behar dela: bideoa jarri behar badugu, horrekin egingo dugun lanketa ere pentsatu beharko genuke, ez soilik edukia edo bideoa bera. Horren adibide sinple bat honakoa izan daiteke: bideoa osorik jarri beharrean, gure interbentziorik gabe, bideoa gelditu dezakegu eta nola jarraituko duen galdetu. Horrela, sormena, inferentziak, ulermena, hizkuntza… landuko ditugu, besteak beste. Galdera gakoa “zertarako?” da beti. Eta baliteke (YouTubeko) bideoa gure helburua lortzeko aliaturik onena ez izatea beti. Arbel digitalean bertan edukia sor daiteke haurrekin: kolore desberdinetako nahasketekin sortzen diren kolore “berriak” zein diren ikastea, adibidez. Bestelako teknologiak ere badaude: Bee Bot-ak, esaterako.


PANTAILEN LILURA

Gure seme-alabei (5 eta 8 urtekoei) ez diegu sakelakorik eta tabletik uzten (soilik argazkiak ikusteko), baina edozer gauza hartu eta sakelakoa balitz bezala jolasten dute, eta “zain daude” 12 urte eduki eta sakelakoa edukitzeko. Guk esaten diegu pantailek gauza on asko dituztela baina arriskuak handiak direla… Nola hezi halako lilurarik izan ez dezaten sakelakoarekiko?

BELDURREAN HEZTEA arriskutsua izan daiteke. Pentsatuz gero, gauza askok dituzte arrisku handiak: labanek, adibidez. Baina erakusten diegu erabiltzen eta, poliki-poliki, haurren adinari egokitutako materialez egindakoak baliatuz, prestatzen doaz “benetako” labanak erabiltzeko. Teknologiarekin berdin jokatu beharko genuke: haiei lagundu (eskutik eraman), haiei egokitutako edukietara, autonomia garatzen joateko eta haien kabuz ibiltzeraino. Horrek esan nahi du helduon aldetik esfortzua egin behar dugula, beraiekin batera denbora emanez: bideojokoetan, bideoak edo telesailak ikusten… ulertzen, aukeratzen eta jarrera kritikoa garatzen laguntzeko. 5 eta 8 urterako egokitutako webguneak eta edukiak badaude. www.esperimentuak.eus webgunea, adibidez, oso aproposa da digitala eta analogikoa uztartzeko; eta 3kluba aplikazioan adinaren arabera antolatuta daude edukiak. Bi adibide besterik ez dira, baina uste dut lilura kendu eta erabilgarritasun edo gozamenera pasatzeko trantsizio egokia eskain dezaketela.


HELDUAK EREDU

Bikotearekin eguneroko borroka da mugikorraren erabileraren ingurukoa. Guk helduok eredu izan behar dugu eta ez dago modurik berak mugikorraren erabilera arduratsua egiteko. Zer egin dezaket?

ARGI DAGO HELDUOK eredu izan behar dugula. Horrez gain, etxe bakoitzean arau komun batzuk adostea gakoa izan daiteke: arau horiek denon artean adostuz gero, denon konpromisoa hartzea errazagoa izaten da. Komentatzen duzun kasua benetan zaila da: heldu batek ez badu bere erabilerak seme-alabengan izan dezakeen eraginagatik erantzukizunik hartzen… Esperimentu bat egin dezakezuela bururatzen zait: asteburu pasa joan deskonektatuta, teknologia digitalik gabe. Zaila da, baina hasiak dira halako proposamenak irteten: wifirik gabeko hotelak, baso-ingurune batean abentura asteburua... Ez dakit zein diren zuen seme-alaben adinak, baina haien gustuetara edo interesetara gerturatzeko aukera paregabea izan daiteke. Asteburu horretan bizitakoa oinarri har dezakezue aipatutako arauak adosteko eta, nork daki, agian, inflexio puntu bat izan daiteke mugikorraren erabilerari buruz kontzientzia pizteko…