Amaia Arroyo Sagasta | HUHEZIko irakaslea eta ikerlaria

ORDUTEGI MUGATUA

Oso zaila egiten zaigu gure 15 urteko semeari mugikorraren erabilera mugatzea, lagunen artean horren bidez komunikatzen baitira uneoro. Zer gomendatzen diguzu erabilera murrizteko?

ETXEAN, HAINBAT estrategia jar daitezke martxan. Dena den, argi izan behar dugu etxeko guztiok bete beharreko arauak edo estrategiak izan behar direla. Hiru aukera proposatzen dizkizuet: 1) ordutegi batetik aurrera etxeko guztiok mugikorrak etxeko txoko batean “aparkatzea”. Astero, pertsona bat izan daiteke hori betearazteko arduraduna eta, horrela, denon ardura da (ez ama edo aitarena soilik). 2) Murriztu nahi duzuen ordutegi horretan denok elkarrekin zerbait egitea da: film edo telesail bat ikusi, mahai-joko batean jolastu, jakiren bat prestatu edo eskulanen bat egin. Txorakeria dirudi, baina proposamena egiteko ardura ere aldatzen joan daiteke eta gustu desberdinei erantzun. 3) Erabilera kontrolatzeko aplikazioak erabiltzea. Tik Tok berak ere eskaintzen du aukera tutore profila izendatu eta kontrola izateko (edukiari eta denborari dagokionez). Edozein aukeratan, beti da gomendagarria familian mugikorraren gehiegizko erabilerari eta horren ondorioei buruz hitz egitea.


KONTRATUA

Entzun izan dugu guraso batzuek seme-alabei mugikorra erosi aurretik hura erabiltzeko arauekin kontratu moduko bat egiten dutela. Guk ere asmo hori dugu. Kontratu horretan zer puntu edo arau izan daitezke interesgarriak?  

NIRE USTE apalean, lehenengo puntua gailuaren jabegoa izan beharko litzateke, gurasoena/familiarena delako, hain zuzen ere. Baina zergatik hasi horrekin? “Gazteek” jakin behar dute mundu digitalean egiten duten guztia erreala dela; hots, ondorioak dituen zerbait egiten badute, ondorio horiek errealak izango dira eta, tutore gisa, guraso/familia izango dela erantzule. Ardura handia da gailu hori izatea eta ardura handia da, familia gisa, gailu horren erabilera egiten uztea. Horregatik, kontratuak halako kontuak jaso beharko lituzke, lehenengo eta behin. Horretaz gain, beste alderdi interesgarri batzuk jorratuko nituzke: harreman fisikoak digitalen gainetik jartzeko konpromisoa, mundu digitalean egiten duena etxean partekatzea (ikuspegi eraikitzailetik: denok ikasteko, alegia). Nire iritziz, kontratuaren enfokea ez da hainbeste kontu teknologikoetan zentratu behar, baizik eta teknologiak itsutu behar ez duen horretan: naturaz gozatzea, lagunekin biltzea, familian gauzak elkarrekin egitea…


ERAKARGARRITASUNA

Irizpide kritikoak eta erabilera osasuntsua aipatzen zenituen aurreko zenbakiko galdera baten erantzunean. Gehiago zehaztu dezakezu zer esan nahi duzun kontzeptu horiekin?  

IRIZPIDE KRITIKOAK oso lotuta daude lilura eta gorrotoa ekiditearekin, teknologia ez baita ez zoragarria ez beldurgarria: biak elkarrekin gerta daitezke, nahasketa maila guztietan. Irizpide kritikoak garatzeko, teknologiaren erabileraren alde ilunak eta argiak ezagutu behar dira. Askotan, “helduok” alde ilunak edo arriskuak bakarrik fokatzen ditugu; eta “gazteek” alde politak eta liluragarriak. Txanponaren bi aldeak ezagutzeak emango dizkigu pistak baloratzeko noiz den egokia teknologia erabiltzea, noiz ez, zenbat, horren pertinentzia edo balio erantsia… Horiek guztiak baloratzeko gai garenean, posible izango da erabilera osasuntsu bat egitea. Eta zer esan nahi du horrek? Bada, guretzat kaltegarria ez den erabilera bat: gure egunerokotasuna bizitzen uzten diguna, dependentziatik aldentzen dena, besteak errespetatzeko inguruneak eskaintzen dizkiguna… Azken finean, bizikidetza eta norbere zaintza erdigunean jarriko duen erabilera egiteko gai izango gara, teknologiaren neutraltasun eza onartuta ere.


ZIBERSEGURTASUNA

Hitz potoloa iruditzen zaigu zibersegurtasuna, enpresei eragiten dien horietakoa. Baina gurera, familiara ekarrita, aintzat hartu beharreko kontua da? Zer da zehazki? Eta zertan eragin diezaguke?

EGIA DA “zibersegurtasun” terminoa, agian, beste testuinguru batzuetan erabiltzen dela. Finean, ordea, segurtasun digitala, ongizate digitala, zaintza digitala… egon daiteke horren atzean. Segurtasunetik ongizatera terminora jauzia egiten ari gara eta, nire ustez, ikuspegi oso desberdinean kokatzen gaitu. Segurtasuna beti lotzen dugu arriskuekin, defentsarekin, alde ilunarekin… eta babesteko, mugak jartzeko eta debekatzeko beharra sorrarazten digu. Ongizate digitalaz ari garenean, aldiz, pertsonaren zaintza jartzen dugu erdigunean eta erabakiak beharretatik, errespetutik eta hobetzeko nahitik hartzen dira. Nire ustez, ongizatea bilatu behar dugu teknologia digitala erabiltzen dugunean. Horrek esan nahi du denbora neurtu behar dugula, ikuspegi kritikoa garatu behar dugula eta, arriskuak arrisku, elkar zaindu behar dugula. Halaxe ulertu nahi dut nik, behintzat.