Amaia Arroyo Sagasta | HUHEZIko irakaslea eta ikerlaria

MUGIKORRAREN JARRAIPENA

12 urteko alabak mugikorra dauka eta erabilera kontrolatzeko Family Link aplikazioa daukagu gurasook, horixe delako ezagutzen duguna. Zer iritzi duzu aplikazio honi buruz? Ba al dago egokiagoa den besterik?

GURASO GISA, seme-alaben mugikorraren erabilera kontrolatzeko hainbat estrategia mota erabili daitezke: teknikoki beraien erabilera kontrolatzeko, murrizteko eta monitorizatzeko aplikazio motak dira Family Link bezalakoak. Aplikazioaren balio erantsia gomendatzen dituen aplikazioak izan daitezke. Dena den, behar-beharrezkoa da kontrol hori elkarrizketarekin osatzea; hau da, seme-alabekin erabilerari buruz hitz egitea, irizpide kritikoak landu eta erabaki osasuntsuak har ditzaten laguntzeko.


IRAGARKIAK

6 urteko gure semeak tableta erabiltzen du marrazki bizidunak ikusteko, baina tartean iragarkiak sartzen zaizkio. Ba al dago iragarkiak saihesteko modurik? 6 urteko adin-tarte honetan tableta bere esku, denbora batez uztea egoki ikusten al duzu?  

YOUTUBE-KO IRAGARKIAK kentzeko modurik garbiena harpidetza da: YouTube ordaintzea, alegia. Hori ez badugu nahi, bi aukera proposatzen dizkizut: ordenagailuan, Add block erabili daiteke, bideoak nabigatzailetik ikusita; tableta Android bada, Blokada kode irekiko blokeatzaile bat da, baina webgunetik deskargatu behar da. iPad-aren kasuan, gauza konplexuagoa da. Edonola ere, ez nuke gomendatuko 6 urteko semea tabletarekin YouTube-n bideoak ikusten bakarrik egotea. Heldu baten bidelaguntza beharko luke.


PANTAILEN AURREKO ORDUAK

Bai helduok eta bai umeek gero eta ordu gehiago pasatzen ditugu pantailaren aurrean, horrek ikusmenean dakarren nekearekin eta eraginarekin. Zer egin daiteke pantailen eragin txar hori murrizteko?  

ERANTZUNA SINPLEA bezain zaila izan daiteke: pantaila orduak murriztea. Pantailak onak eta txarrak izan daitezke, eta behar-beharrezkoa dugu oreka bilatzea. Erabilera “justifikatuta” egon beharko litzateke; hau da, balio erantsi bat eskaini behar digute: zerbait hobeto egiteko gakoak, zerbait ikasteko laguntza, zerbait egiteko inspirazioa edo urratsak… “Zertarako?” galdera egiten badugu pantailan jarri aurretik, ziur ordu horien pertinentziari eta kalitateari gehiago erreparatu diezaiekegula eta, ondorioz, pantaila aurreko orduak murriztu.


MUGIKORRA GARAIZ LEHEN

Gure 9 urteko semearekin eta haren lagun-taldearekin harreman handia du 12 urteko lagun batek, hark mugikorra dauka eta etortzen denean mugikorrak erakarpena sortzen du taldean. Bakarrak dauka mugikorra baina bost buru erakartzen ditu. Nola kudeatu, gure ustez garaiz lehenegi gure seme-alabek mugikorra eskura izatea? Nola 
saihestu mugikorrak halako erakarmena sortzea?

OSO ZAILA DA erakarmen hori saihestea. Edukiaren araberakoa da eta, gainera, adin horretan, taldearen partaide izatearen nahiak protagonismo handia du: besteak “horrekin” badaude, neu ere egon beharko naiz. Egokia izan daiteke semearekin hizketaldia izatea, batez ere, edukiari buruz. Kontroletik baino, kuriositatetik: zer ikusten duten jakin, zer interes duten… Konfiantza zorua eraikita, ziur alternatibei buruz hitz egin dezakegula eta ondo pasatzeko zer gehiago egin dezaketen pentsarazi. Mezua ez litzateke “mugikorrik ez!” izan beharko, “horrez gain, zer gehiago?” baizik; beraien mundua eta aukerak zabaltzeko.