Mugekin zailtasunak eta jarrera arazoak dituzten umeen kasuak gero eta gehiago ikusten dira.

 

Mugekin zailtasunak eta jarrera arazoak dituzten umeen kasuak gero eta gehiago ikusten dira ikastetxeetan eta psikopedagogoen kontsultetan, besteak beste, gurasoak “hegaldi moduan” daudelako. Leyre Cano psikopedagogoaren arabera, umeek tinkotasun eta samurtasun handiagoa behar dute.

 

Telefonoa hegaldi moduan jartzen dugu inork ez molestatzea nahi dugunean. Baina, tamalez, telefonoa gutxiegitan jartzen dugu modu horretan, eta gu geu, helduok —gurasoak— gara seme-alabekin eta haurrekin hegaldi moduan egoten garenak, presente bai, kontziente ez. Halako kasu gero eta gehiago ikusten ditu Leyre Cano psikopedagogoak.

Eta irakasleek eta hezitzaileek ere hala esaten diote Canori ikastetxeetan tailerrak eta hitzaldiak ematen dituenean, gaurko gizartearen ezaugarria dela gurasoak, askotan, ez daudela egon behar dutenera, aldi berean hamaika gauzatara... eta ezertara ez daudela. "Gaurko gizartean helduok gero eta gehiago funtzionatzen dugu hegaldi moduan eta horrek haurrarekiko konexioa galarazten du. Helduok geure buruarekin konektatu behar dugu lehendabizi, ez da nahiko presente egotea, kontziente egon behar dugu, eta gure kontzientziatik presentzia zaindu behar dugu: nola nago ni eta zer ari zait gertatzen haurra entzuten dudanean?". Haurrarekiko harremana zaintzeko presentzia eta kontzientzia emozionala behar ditugu, Canoren aburuz: "Seme-alabekin komunikazio ona nahi badugu, haurra benetan entzun behar dugu; komunikazioa zaintzea, harremana zaintzea izango da".
 


Gaurko gizartean helduok gero eta gehiago funtzionatzen dugu hegaldi moduan eta horrek haurrarekiko konexioa galarazten du. Helduok geure buruarekin konektatu behar dugu lehendabizi, ez da nahiko presente egotea, kontziente egon behar dugu, eta gure kontzientziatik presentzia zaindu behar dugu: nola nago ni eta zer ari zait gertatzen haurra entzuten dudanean?

Leyre Cano, psikopedagogoa.


 

Izan ere, gurasoak "presente bai, baina kontziente ez" egote horren ondorioak gero eta gehiago ari dira sumatzen seme-alaben jarreretan. Haurrek gero eta arazo gehiago dituzte mugak onartzeko eta frustrazioa kudeatzeko zailtasun handiak erakusten dituzte, eta horrek guztiak kideen arteko errespetu faltak eragiten ditu, baina baita irakasleekiko zein gurasoekiko jarrera desegokiak ere; arauak ez errespetatzea eta betetzea, haurren ezinegona… Canoren ustez, gurasoak, oro har, motz ari gara gelditzen haurrek behar duten tinkotasunari dagokionez. “Helduok mugak jartzeko zailtasunak ditugu; historikoki eredu autoritariotik permisibitatera pasa gara, eta tinkotasuna alde batera utzi dugu. Guraso moduan interesgarria da norbere marra gorriak zein diren zehazteko ariketa egitea, eta seme- alaben aurrean, muga horiei tinko eustea.”

Tinkotasuna behar-beharrezkoa dela —eta gaur egun falta dela— ikusten du Canok. Baina zehazten du tinkotasuna ez dela oihu egitea: "Tinko ez da bortitz; tinko ez da oihuka edo modu txarrean hitz egitea seme-alabei. Tinko mugak argi ezartzea eta limite horiei eustea da. Ezin dena ezin da, eta hori argi eduki behar dute gurasoek eta umeek". Tinkotasuna eta nagusikeria nahasten direla uste du adituak: "% 100 tinkoak izan behar dugu eta % 0 bortitz. Tinkotasuna begirada, gorputza eta ahots lasaia ere bada; muga argia denean, pareta baten modukoak izanda, haurrek oso ongi ulertzen dute muga non dagoen, baina, horretarako, helduak argi eduki behar ditu bere mugak eta eutsi egin behar die".

Mugak argiak eta zehatzak izan behar dira, baina ez itogarriak eta ezta infinituak ere. Canoren aburuz, gurasoak oreka bilatu behar du arauen eta malgutasunaren artean: “Marra gorriak oso argi ezarri behar dizkiegu, eta, hortik aurrera, askatasuna eman behar diegu”.

 


Tinko ez da bortitz; tinko ez da oihuka edo modu txarrean hitz egitea seme-alabei. Tinko mugak argi ezartzea eta limite horiei eustea da. Ezin dena ezin da, eta hori argi eduki behar dute gurasoek eta umeek

Leyre Cano, psikopedagogoa.


 

Maitasun momentuak

Tinkotasuna falta dela esatean, ordea, psikopedagogoak ez du esan nahi samurregiak garenik, edo maitasun handiegia erakusten diegunik seme-alabei. Canoren aburuz, hori ere falta baita gaur eguneko harremanetan: "Tinkotasun faltaz gain, gabezia emozionalak ari dira ikusten gero eta gehiago haurrengan. Haurrek samurtasun handia behar dute, goxotasun handia eta maitasun espliziatua. Begietara begiratu eta lasai egoteko espazioak eta denborak falta zaizkigu gaur egun, korrika edo hegaldi moduan gaude, haurrei behar dituzten sustengu momentu goxo horiek, benetakoak eta kalitatezkoak eskaini gabe. Emozionalki konektatu behar dugu gure seme-alabekin, haurrak ulertuak eta ikusiak senti daitezen".