Martxoaren 31. Transexualitatearen ikusgarritasun eguna.
Gero eta gehiago hitz egiten da transexualitateari buruz, baina horrek ez du esan nahi ongi hitz egiten denik. Izan ere, oraindik zabalduta daude “zakila dauka baina neska sentitzen da”, edo “alua dauka eta mutila sentitzen da”, eta gisakoak. Ez da sentitzen; da da. “Sentitzea bera baino gehiago, jakitea da: ‘badakit mutila naizela’; ‘badakit neska naizela’—argitzen du Naizen haur eta gazte transexualen familien elkarteak—. Mutila izatea eta neska izatea norberak duen auto-pertzepzioarekin lotuta daude, nola identifikatzen den bakoitza adierazten du”. Martxoaren 31 transexualitatearen ikusgarritasun eguna da, eta Naizenen webgunean eta Bizipoza Eskolan material ugari dago gaia eskolan lantzeko.
Hasteko, transexualitatea zer den argitu behar da: “Transexualitatea ez da, ez gaixotasun bat, ez nahaste bat eta ez anomalia bat. Transexualitatea sexu aniztasunaren adierazle bat da. Eta egoera horretan dagoen haur batek behar duena, beste haur guztiek bezala, bere inguruak entzutea, onartzea eta den bezala maitatzea da”. Horrekin batera, Naizenen arabera, ezinbestekoa da bi nozio bereizten hastea: “Alde batetik genitalak daude, eta, bestetik, sexua. Bat, daukaguna da, eta, bestea, garena”. Naizenek argitzen duen moduan, “maskulinoa eta femeninoa continuum bat dira, sexuen continuuma, maskulinoena eta femeninoena izatearen tarteko graduazio amaigabe bat sortzen duena. Gutako bakoitzak daukagun sexu-ezaugarri bakoitza continuum horren lekuren batean aurkitzen da. Maskulinoak esaten zaizkie gizonetan emakumeetan baino gehiagotan agertzen diren ezaugarriei, eta femeninoak emakumeetan gizonetan baino gehiago agertzen diren ezaugarriei. Gehiagotan agertzeak ez du esan nahi beti daudenik. Izatez kontrakoa esan nahi du: ez direla beti azaltzen, hain zuzen”. Hona hemen, Naizenen arabera, argitu beharreko lau gako:
1- Transexualitatea ez da erabaki bat. Transexualitate egoeran dauden neska-mutilek (besteek bezala) ez dute beren sexu-identitatea eraikitzen joango den sexu-kategoria erabakitzen. “Kasurik onenean, ezagutu, deskubritu, onartu, azaldu eta kudeatu egiten dute. Kasurik okerrenean, ez dute aurretik aipatutako ezer egiten, eta horrek sufrimendua sortzen die”.
2- Genitalek ez dute sexu-identitatea zehazten. “Sexu-identitatea prozesu mentalekin dago lotua, eta ez da genitaletan aurkitzen. Gauza bat da daukaguna eta, bestea, garena”.
3- Bere transexualitatea aitortu eta onartzen zaien haur transexualen bizi-kalitatearen adierazleak adin bereko gainontzeko haurren antzekoak dira. “Egoera horretan dagoen haur batek behar duena beste haur guztiek behar duten gauza bera da: bere inguruneak entzuteko gaitasuna izatea, onartua izatea eta den bezala maitatua izatea”.
4- Ez bere gorputza ez bere burua ez daude oker; horrela dira. Bular zapala edo aurpegian ilea edo XY kromosoma duten emakumeak dauden moduan, eta ahots altua edo aldaka zabalak edo bular handiak edo ilerik gabeko bularra duten gizonezkoak dauden bezala. “Denok ditugu, neurri desberdinetan, bi sexuetako ezaugarriak”.
Eskolan kontuan izan beharrekoak
Familian ulertua eta onartua izatea bezain garrantzitsua da, Naizenen arabera, eskolan ere gaia berariaz lantzea, “eskola gune segurua izan dadin eta haurrak eta gaztetxoak diren moduan garatu eta hazi daitezen”. Gutxienez honako puntu hauek izan behar dira kontuan:
Esku-hartzeak eta protokoloak: Eskolak haur guztientzat leku segurua izan behar du, norbera, den moduan, hazteko eta garatzeko. Horregatik, erabakigarria izango da sexu- identitatea onartua eta errespetatua izatea, Naizenentzat: “Bulba duten mutilak diren bezala ikusi eta onartu behar dira: mutilak. Zakila duten neskak diren bezala ikusi eta onartu behar dira: neskak. Hori bermatzeko, haur horien oinarrizko beharrizanei erantzungo dieten esku-hartze protokoloak zehaztu behar dira”.
Instalazioak: Ikastetxean sexuaren arabera bereizitako instalaziorik egonez gero, komunak edo aldagelak esate baterako, haur guztien sarbidea eta erabilera bermatu behar da: “Mutilentzat komun batzuk baldin badaude eta neskentzat beste batzuk, mutil guztiek, bulba edo zakila izan, mutilen komunetara joateko aukera izan behar dute, eta neska guztiek, bulba edo zakila izan, nesken komunetara joateko aukera izan behar dute”.
Izena: Umeren batek izena aldatzea erabaki baldin badu, ikastetxeko langileek izen huraxe erabili beharko lukete, “bai eskola-orduetan, bai eskolaz kanpoko ekintzetan, eta administrazioko dokumentazio guztia egokitu beharko litzateke, aukeratutako izena ager dadin”.
Formazioa: Trantsitu egoera gertatzen denean, funtsezkoa da hezkuntza komunitate guztia kontuan izango duen formazio-plan integrala egitea irakasleek, administrariek eta zerbitzuetako langileek, gurasoek eta ikasleek.
Ezagutza: Eskolak transexualitateari buruzko ezagutza zuzena transmititzea funtsezkotzat dauka Naizenek: “Orain arte, ondorengo ekuazioa erakutsi zaie txikitatik haurrei, neska- eta mutil-irudiak zituzten anatomia-fitxen bitartez: ‘mutilek zakila dute; neskek, berriz, bulba’. Are gehiago, azaldu izan zaie mutilak mutil direla zakila dutelako, eta neskak neska, bulba dutelako; horrela, jakina, jakintza okerra transmititu izan zaie. Eskolak ezin du jakintza okerrik transmititu. Irakasleek ezin dute esaten jarraitu: ‘Mutilek zakila dute; neskek, berriz, bulba’, salbuespenei eta aniztasun-egitateei buruz hitz egin gabe. Baieztapen horiek zakila duten neskak eta bulba duten mutilak sufrimendura kondenatzen dituzte. Ez-izatera kondenatuak dira. Ezin izatera. Ezin bizitzera. Beharrezkoa da ikastetxeetan jakintza okerra erakusten duten anatomia-fitxa horiek baztertzea eta aniztasun-egitateak integratzen eta jakintza zuzenak plazaratzen dituzten baliabide didaktikoak erabiltzen hastea”.
Milatik batIkusgarritasuna irabazten ari da transexualitatea, baina, oraindik ere, Naizenen arabera, ezinbestekoa da datu fidagarriak adieraziko dituzten ikerketak egitea, gaur-gaurkoz, transexualitatearen gaineko prebalentziek datu oso ezberdinak adierazten baitituzte. Naizenek erabiltzen duen estimazioa, eta elkartearen ustez errealitatera gehien hurbiltzen den datua, 1000tik 1ekoa da. Mila pertsonatik bat transexuala da. |