Carlos Magro Mazo, Hezkuntzan aholkulari independienteari elkarrizketa.
Ikastolen Elkartearen 28. Jardunaldi Pedagogikoetan Ziurgabetasunerako heztea: zer egin jakitea, zer egin ez dakigunean hitzaldia eskaini zuen Carlos Magrok. Zientzia Fisikoetan eta Geografia eta Historian lizentziatua da eta Hezkuntza Irekia elkarteko presidentea ere bada. Hezkuntzan aholkulari independente gisa lan egiten du, hezkuntza berrikuntzaren, hezkuntza teknologiaren eta hezkuntzako politika publikoen esparruetan.
Eskolaren arrakastatzat laburbildu duzun esaldia ekarri duzu hitzaldiaren izenburura: Ziurgabetasunerako heztea. Zer egin jakitea, zer egin ez dakigunean. Hau da, zure ustez, eskolaren egitekoa prestatuak izan ez diren egoerei aurre egiteko gai diren pertsonak heztea izango litzateke?
Hori izango litzateke eskolaren arrakasta: irakatsi ez dizkiguten gauzak egiteko eta ekiteko gai izatea. Seymour Papert pentsalari konputazionalaren esaldia neure egiten dut: “Gaitasun guztiak zaharkituak geldituko dira bat izan ezik: eskolan irakatsi izan zaigunaren eremutik at dauden egoerei zuzen erantzuteko gaitasuna”. Horixe izango litzateke eskolaren arrakasta. Eskolak zerikusi handiagoa du ikastun onak prestatzearekin jakintsuak prestatzearekin baino; ekintzaileak sortzearekin zerikusi handiagoa du, dagoena, besterik gabe, onartuko duten pertsonak heztearekin baino. Horretarako, haurrak, nerabeak eta gazteak gaitasunez eta euren buruarengan konfiantzaz hornitu behar ditugu. Konfiantza hitza giltzarria da hezkuntzan, barne sendotasunarekin lotuko genuke, ziurgabetasuna lantzeko eta inguratzen gaituen munduari aurre egiteko beharrezkoa dena.
Nola hezi behar ditugu haurrak eta gazteak ziurgabetasunean nabigatzeko?
Jakin-mina, mentalitate irekia eta erabakitzeko gaitasuna sustatu behar ditugu ziurgabetasun horretan mugitzeko. Aurkezten zaien gai horrekiko eta dakitenaren eta ez dakitenaren artean gatazka kognitiboak sortuko dituzten pertsonak hezteko premia dugu, eskemak haustekoa, zalantza ereitekoa, euren egonezinak ongi maneiatu ditzaten, beti jakin-min intelektualak eta espiritualak gida ditzaten.
Kontua ez da jakintza inerteak transmititzea, baizik eta gertatzen ari dena esploratzeko eta ulertzeko ezagutzak eta erremintak jasotzea. Gaurko eskolan gakoa ez da informazioa eta jakintza eskaintzea soilik, prozesuetan asko eragin behar da, jakintza bihotzetik, gure gorputzetik pasatzeko bidea eraiki behar dugu, geure egiteko.
Heztea zer egin ez dakigunean zer egin jakitea da. Horrek hausnarketa, pentsamendua, kritikotasuna eta problematizatzea eskatzen du zer egin egin ez dakigunean zerbait egiteko
Ziurgabetasunean, ordea, helduleku batzuk ere beharko ditugu, ezta?
Ikastea, gaur egun ziurgabetasunen ozeano batean nabigatzen ikastea da, eta horretarako beharrezko ditugu, bai, ziurtasun artxipelagoak. Eta hor dago zailtasuna. Horregatik da hain garrantzitsua irakasleok elkartzea, etengabe hitz egitea eta gure praktikaz hausnartzea, besteen laguntzarik ez baldin badaukagu zaila delako gure zentroan eta gure gelan aldaketa prozesu bati ekitea. Heztea zer egin ez dakigunean zer egin jakitea da. Horrek hausnarketa, pentsamendua, kritikotasuna eta problematizatzea eskatzen du zer egin ez dakigunean zerbait egiteko.
Jakintza mugiarazteko gaitasuna da mundua ulertzen laguntzen diguna. Jakintzak eta ezagutzak mugiarazi nahi baldin baditugu, kontzienteki bideratu behar dugu gure praktika ariketa horretara, ez baita bere kabuz aterako. Garrantzitsua da eskolak transferentzia lehenestea jabetzearen aurretik; ulermena memorizazioaren aurretik; garrantzitsuak dira gaitasun kognitibo horiek, ikasten ari garenaz hausnartzea, zergatik eta zertarako ari garen ikasten ulertzea, pentsatzeko gaitasunarekin lotura duena, pentsatzea azken finean, ekintzazko aditz bat da, metodologia aktibo bat da. Funtsean, badakigu egin behar duguna dagoeneko egiten ari garela: parte-hartze aktiboa, soziala eta kolaboratiboa sustatzen duten praktika pedagogikoak jarri behar ditugu mahai gainean; esanguratsuak diren ekintzak jarri behar ditugu mahai gainean; badakitena eta ezagutzen dutena mugiaraziko dieten praktikak behar ditugu, baina baita gatazka kognitiboak eragingo dizkietenak ere. Autonomia eta hausnarketa eskatzen dieten praktikak behar ditugu, hausnarketarako denbora behar du eskolak, zaintzeko eta artatzeko denbora eta diferentzia pertsonalei arreta eskaintzeko denbora. Baina horretarako egitura behar dugu. Diziplinak behar ditugu, diziplinak mundua ulertzen laguntzen diguten hizkuntzak dira; jakintza ongi egituratuak behar ditugu eskura. Baina, arazoei aurre egiteko ere estrategiak behar ditugu, jakintza metakognitiboak behar ditugu, espezifikoki landu behar direlako. Autoerregulazioa landu behar dugu oso sakon, eta baita sinesmen positiboak ere, konfiantzarekin eta hezten den pertsona horrekiko konfiantzarekin zerikusia duena. Ikasteko, pertsona batek babestua sentitu behar baitu.
Eskolak konfiantza sustatu behar duela diozu, ikasleak bere buruarengan eta irakasleak ikaslearengan, ezta?
Hezkuntzaren printzipio nagusia hezten den ikaslearen gaitasunetan sinestea da. Eta helburua munduarekin, errealitatearen eta besteekin konprometituta dauden subjektuak heztea da. Honako premisa honetatik abiatzen da hezkuntza: gizakiaren ezaugarria da amaitu gabea jaiotzen dela, osatu gabea, eta hortik datorkio hezteko aukera edo hezigarritasunaren printzipioa, izatera iristeko gaitasuna. Horregatik oso garrantzitsua da gure ikasleekin gaudenean daukagun begiradaren indarra zaintzea. Konfiantzazko begirada izan behar dugu. Hezkuntzak giza subjektuaren aukerak esploratzen ditu, bukatu gabea delako, eta esplorazio hori hezkuntza erlazioaren bitartez garatzen da. Erlazio oso-oso etikoa da, hezitzailea ikaslearen kargu egiteaz konprometitzen da. Heztea forma ematea da, pertsonak formaz aldatzea edo transformatzea da. Uneoro norbere baitatik ateratzearekin zerikusia dauka, norberetik eta norbere mundutik harago joatea da, beti mugimendu kanporakoi bat da, beti geure baitatik ateratzen ari gara, eta ateratzean —eta hemen ageri da ziurgabetasuna— ez dakigu bidean zer gertatuko den. Baina hezkuntzak ez du inolaz ere fabrikatzea esan nahi. Ezin dugu hezkuntza beti funtzionatzen duen makinaria bilakatu. Izan ere, ia inoiz ez du funtzionatzen pentsatu dugun moduan.
Geure buruari galdetu behar diogu gure umeak bestelako mundu batzuk irudikatzeko hezten ari al garen; etorkizun justuagoak, ekitatiboagoak eta jasangarriagoak eraikitzeko hezten ari al garen, agian euren biziraupenaren kontrako kulturan eta balioetan ari baikara hezten
Hezkuntzaren helburua munduarekin konprometituak dauden subjektuak heztea dela diozu.
Hezkuntzak geure buruak proiektatzera eta beste mundu posible batzuk irudikatzera gonbidatzen gaitu. Heztea mundua irakurtzeko eta idazteko aukera emango diguten hitzak ematea da, hitzak ematea mundua ulertzeko, kontserbatzeko eta transformatzeko. Heztea mundua habitatzen irakastea da eta mundua habitatzea berau zaintzen ikastea da. Eta hori funtsezkoa da momentu hauetan. Hanna Arendtek dio hezkuntza dela mundua beragatik ardura hartzeko adina maitatzen dugun —eta horrela salbatzen dugun— ala ez erabakitzeko puntua, gazteengatik ez balitz pikutara joango bailitzateke. Hezkuntzak hurrengo belaunaldien aukeretan sinestearekin dauka zerikusia, lehendabizi. Horregatik gazteekiko begirada optimista eta erraztailea behar dugu, haiek izango direlako mundua salbatuko dutenak, eta hor jokatzen da hezkuntza. Arendtek dio, baita ere, ematen diegun heziketarekin erabakitzen dugula gure seme-alabak mundua berritzeko lanerako prestatzeko denbora hartzeko adina maite ditugun ala ez, guk irudika ezin dugun zerbait sortzeko gai izango baitira.
Galdera izango litzateke, beraz, ea haurrak eta gazteak mundua irakurtzen eta ulertzen ikasteko hezten ari ote garen.Eta hala ari al gara?
Hezitzaile moduan, geure buruari galdetu behar diogu heztearen lan bikoitza egiten ari al garen; hau da, munduaren kontserbaziorako eta transformaziorako subjektuak hezten ari al garen; gure umeak bestelako mundu batzuk irudikatzeko hezten ari al garen; etorkizun justuagoak, ekitatiboagoak eta jasangarriagoak eraikitzeko hezten ari al garen, agian euren biziraupenaren kontrako kulturan eta balioetan ari baikara hezten. Beraz, etengabe galdetu behar diogu geure buruari nola ari garen hezten. Nola hori ez da soilik prozedurazkoa, funtsean nola bizi nahi dugun galdetzea da. Beti egin behar dugun galdera handia da ea nola bizi nahi dugun. Eta horrek prestatu nahi dugun pertsona ereduaren ezaugarriekin zerikusia dauka. Gure hezkuntza proiektuarekin zerikusia dauka horrek, eta baita eraiki nahi dugun gizarte ereduarekin eta nahi dugun munduarekin ere.
Zer ikasi, zer ezaugarri eta zer bereizgarri sustatu, edukiez, helburuez eta gelako harremanez galdetzea da. Lortu nahi dugun hori argi daukagunean soilik hartzen du zentzua gure ahaleginak. Eta orduan erabaki dezakegu zer egin eta nola egin gauzak maila konkretuan.
Eskolari zentzua falta zaiola diozu, eta horrek kezkatzen zaituela.
Hainbat hamarkada badira zentzu falta sumatzen dugula denok, paradoxikoki eskolak guztia kontrolpean edukitzeko leku bilakatu nahi izan dugunetik, hain zuzen ere. Gelara sartzen garen bakoitzean kudeatu beharreko egoerak aurkitzen ditugu, eta gauza ugari prestatu baditugu ere, asko ez dira pentsatu bezala aterako. Eskolak ikaragarri burokratizatu dira, gerentzial bilakatu dira, estandarizatuak eta guztientzako berdinak izan daitezen saiatu gara, lurraldea edo testuingurua kontuan izan gabe. Urgentziak agintzen du gaur egungo ikastetxeetan, azeleratuta eta edukiz eta jakintzaz gainezka dauzkagu, eta ez die arreta eskaintzen pertsonei; erabilgarritasunari begira dago, tituluei begira, eta, beraz, oso lehiakorra eta indibidualista da, eta komuna den hori eraikitzea ahazten ari zaio. Hezurretaraino sartu zaigun ideologia batekin zerikusia dauka eskolen zentzu faltak, soluzionismoa-ren ideologia deitzen diot nik, planetaren arazo handiak teknologiaren bidez edo hezkuntzaren bidez konpontzera mugatzea da. Ondasunen ordena eta banaketa zalantzan jartzen ez badugu, hezkuntzari guzti-guztia konpondu dezala eskatzea alferrik izango da. Eskoletan egunerokoan aurkitzen ditugun egonezin askok egiten ari garen lanaren zentzu faltarekin zerikusia daukate. Garrantzitsua da egiten ari garen horri guztiari zentzua aurkitzea, zentzua falta denean hasten baitira arazoak. Eskola jakintzaren gaineko interesa eta maitasuna sustatu beharko lituzkeen lekua izan beharrean, kontrakoa bihurtzen da.
Hortaz, geure buruari galde diezaiogun: gure eskolak, bere egituren, praktiken, egiteko moduen, helburuen, lehentasunen, jakintza, espazioen eta denboren kudeaketarekin hezten ari garen haur eta nerabeak planeta eta euren burua zaintzeko ari al gara hezten? Hiritar konprometituak, arduratsuak, kritikoak, enpatikoak, gogoetatsuak hezten ari al gara? Txikitatik, nerabetatik eta gaztetatik euren komunitatearen eraikuntzan aktiboki parte hartzeko gai izaten laguntzen al diegu, ala kontrako norabidean hezten ditugu?
Eskolak nola berreskuratuko luke, zure ustez, zentzua?
Eskolak zentzua berreskuratuko du bi aditz hauek konjugatzen baditu: ahalduntzen badu —mundua ulertzeko tresnak eskaintzen baditu— eta subjektibotasuna eraikitzen laguntzen badu —irakasleon eta eskolen eginkizuna baita pertsona independenteak, autonomoak eta arduratsuak prestatzea, ezarritako ordena bere horretan onartuko ez dutenak eta aldaketa bideratuko dutenak—.
Anbizio handiko helburu jartzen diozu eskolari, mundua kontserbatzea eta aldi berean transformatzea. Paradoxa bat dirudi.
Paradoxa ugari gurutzatzen dira eskolan: errealitate berriak eraikiko dituen erakundea dela esaten dugu, eta sinetsi egiten dugu, baina, aldi berean, mundua kontserbatuko duen eskola behar dugula diogu eta hala sinesten dugu: kultura, herentzia, balioak eta hizkuntza kontserbatuko dituen erakundea izan behar da. Transmitituriko herentziarekin, kulturarekin eta balioekin soilik uler dezakegu mundua, baina beti argi eduki behar dugu ziurgabetasunarekin elkarrizketan jardun beharko dugula. Transgresorea eta kontserbatzailea izatea eskatu behar diogu eskolari.
Eskola ez da lan merkatuaren beharrak erraztu behar dituen erakundea soilik, baita ere, baina, batez ere, balioen gainean eraikitako erakundea da, subjektu libreak eraikitzeko misioa onartuko duena gizarte demokratikoarekin, justuarekin, bakezalearekin eta jasangarriarekin inplikatzeko. Izan ere, lau ezaugarri horiek ziurtatu gabe dauzkagu gaur egun: ez demokrazia, ez justizia, ez bakea eta, are gutxiago, jasangarritasuna, ez daude ziurtatuta. Misio handia iruditzen zaigu, baina egunero-egunero landu dezakegu.
Eskola pertsonak kualifikatzeko lekua da, baina ez soilik horretarako; sozializatzeko lekua da, kultura, balioetan eta funtsezko herentzietan sozializatzeko lekua da, baina ez soilik horretarako; subjektibatzeko lekua da, subjektu autonomoak, independenteak eta ekintzaileak eta munduan txertatzeko eta bertan ekiteko gai izango diren pertsonak prestatzekoa. Hiru ezaugarri horiek kudeatu behar ditugu uneoro. Kontrahegemoniak sortu behar ditugu ikasleekin, une honetan eskola baita komunitateko helburuarekin lan egiteko aukera eskaintzen digun leku ia bakarra.
Eskola ez da lan merkatuaren beharrak erraztu behar dituen erakundea soilik, baita ere, baina, batez ere, balioen gainean eraikitako erakundea da, subjektu libreak eraikitzeko misioa onartuko duena
Eskatzen duzun guztia egiteko metodologia eta estrategia ugari behar dira.
Metodologia eta estrategia ugari behar ditugu dauzkagun aniztasunei eta helburuei erantzuteko. Gure praktikek autonomia eta erantzukizuna sustatu behar dituzte, ikasleei euren ikasketaren gaineko kontrola utzi behar diegu, benetan pertsonak erdigunean jarrita, horrek, besterik gabe, pertsonei begiratzea, arreta eskaintzea, eurengan konfiantza izatea eta euren heziketa -gaitasunean sinestea esan nahi du. Gure ikasleak gure lurraldea eta mundua aldatzeko gai dira. Hori da argi izan behar dugun kontzeptuetako bat. Eskola ez da hobetuko gizartea hobetzen ez bada: gizartea hobetuko ez den moduan, eskola hobetzen ez bada. Txanpon beraren bi aurpegiak dira. Baina eskolaz kanpo dauden arazoak ezin ditugu geure gain hartu, horrekin oso kontuz ibili behar dugu, eta eskola barruan justizia eta ekitatea exijitu behar ditugu gure praktikekin, eta eskolara eta curriculumera mugatuko ez diren hezkuntza politikak eskatu behar ditugu, etxebizitzarekin, immigrazioarekin eta osasungintzarekin zerikusia dutenak.
Era berean, argi izan behar dugu guk ezin dugula gure ikasleen ordez hezi, eurak izan behar dira euren buruak hezteko ardura hartu behar dutenak, hori da askatasuna, baina horretarako hezitzaileok sinetsi behar dugu mundu guztia hezi daitekeela. Buruan izan behar dugu, baita ere, pertsonen ikasketa erritmoekiko eta prozesuekiko errespetua eduki behar dugula, haien interesei erantzun behar diegula, interesa sortu behar diegula, mundu honetarako beharrezko diren funtsezko ezagutzak ziurtatu behar dizkiegula: curriculum justua behar dutela, gertatzen zaiena ulertzeko, mundua irakurtzeko eta idazteko zentzua emango diona. Heztea, erremintak, jakintzak, jarrerak, erlazioak pentsatzeko eta egoteko moduak ematea da, etorkizuna ez dela ziurra ulertzeko, problematikoa baizik, eta beraz, esperantzak, utopiak eta aukerak amestu ditzakegula ikusiko dugu. Ez ditzagun datozkigun etorkizunak onartu. Behar dugun eskolak gure iraganarekin, gure historiarekin, gure kulturarekin eta gure hizkuntzarekin zerikusia izan behar du, baina baita etorkizun komun posibleekin ere. Eskola da etorkizun komun posibleak eraikitzeko lekurik onena.