Garaiak aldatu egiten dira, bizimoduak ere bai, eta horren barruan, gurasotasuna bizitzeko eta aurrera eramateko erak ere bai. Lehen tribuan hazten bazen, gaur egun ingurune hori ia desagertu egin da. Haatik, tribuaren beharrak hor jarraitzen du eta hori asetzeko eta elkarrengandik ikasteko taldeak sor daitezke.

Askotan esaten eta entzuten da umeak hazteko garaian tribua falta dela, eta lehengo garaietatik faltan botatzen den zerbait da. Familia zabalak eta emakumeen arteko elkarbizitza hura gaur egungo bakardadearekin eta atomizazioarekin konparatzen da. Eta egoera horretan tribua desiratzen da; aldamenean laguntzeko norbait, antzeko egoera bizi duten beste guraso batzuk, esperientzia partekatzeko bidelagunak, ezinak ulertuko dituen pertsona ulerkor bat... Azken batean, haurdun dagoenak edo erditu berritan ume jaioberria besoetan duela dagoenak hainbat hutsunerekin topo egin dezake, eta zulotxo horiek betetzen ditu tribuak. Horrexegatik dio Julene Armendariz pedagogo perinatalak gure-gurea den zerbait falta zaigula triburik ez baldin badaukagu. “Tribuari esker iritsi gara ailegatu garen lekura, taldean egin dugun garapenari esker, elkarrekin ikasi ditugun gauzei esker: tribuan bizi ginenean nola erditzen zen ikusten genuen, nola ematen zen titia, nola hazten zen eta abar. Horregatik, oso esentziala den zerbait falta zaigu eta horrek hutsune handia sorrarazten digu. Erreferentzia pila bat falta zaizkigu eta tresnarik gabe gaude gurasotasunak suposatzen dituen gauza pila bati aurre egiteko”.

Bizimoduak aldatu ezin badira ere, gaur egungo egoerara egokitutako tribuak sor daitezke. “Bide bat egiten ari diren pertsonak eta guretzat inspiragarriak izan daitezkeenak eduki ditzakegu ondoan. Hau da, erreferentziazkoak izan daitezkeen beste amak eta aitak“, dio Armendarizek. “Erditu ez den emakume batek ez daki zer den erditzea, pelikuletan ikusi duena salbu, eta filmetan denak postura berean, ospitalean... ateratzen dira. Erditzearen iruditeria oso irreala daukagu. Benetako erditze bat nolakoa izan daitekeen ezagutzea falta zaigu, nola garatzen den, zer den ume bat hartu eta gainean jartzea, nolakoa den edoskitzea, nola den ume bat haztea eta haren guraso eta bidelagun izatea... Eta horren baitan, haurdunaldi, erditze eta erdiondoko bakoitza desberdina dela jakitea ere bai. Horregatik, bide hori egiten ari diren pertsonak aldamenean edukitzea falta da, inspiratu eta haiengandik ikas dezagun“.

Haziera taldeak, tribu berriak
Haurdunaldiko eta erditzeondoko taldeetan topa daitezke Armendarizek aipatzen dituen erreferentzia horiek, “beste guraso horiek“, tribuaren funtzioa bete dezaketen beste guraso horiek. “Oso interesgarria eta balio handikoa da, adibidez, haurdunaldiko azken fasean dauden emakumeak ume txikiekin dauden haziera taldeetara gonbidatzea. Sistemak erdiondokoaz saldu digun irudia nahiko arrosa kolorekoa da, eta horrelako talde batera joaten direnean erdiondokoak kolore pila bat dituela ikusten dute, eta oso desberdinak: zesarea baten ondoren jaio den familia baten egoera, egun batzuk neonatologian pasa dituen umearen egoera, etxean erditu eta dena goxo eta zoragarri doan ume baten egoera... Egoera horiek ikusteak datorkiena errealago egiten laguntzen die. 'Hau al dator!?' galdetzen dute askok sorpresaz, eta beraz, aurretik bizipen errealak eta diferenteak ikusteak errealitatera etortzen laguntzen die“.

Hainbat lekutan ohikoa da, baita ere, erditu berriak haurdun dauden emakumeen taldera joatea eta erditzea nolakoa izan den kontatzea: erditze aurreko uneak, erditzea bera, erditze ondorengo uneak eta momentuak... “Oso errealak diren bizipenak entzuteko aukera izaten dute eta haurdun horiek datorkienarekin kontaktuan jartzeko balio izaten du“.

Beste zenbait lekutan edoskitze taldeetara joaten dira haurdunaldiaren azken fasean dauden gurasoak. Edoskitzea prestatzen hasten laguntzeaz gain, bularra ematen ari diren amekin harremanetan jartzeko aukera ematen die, eta bertatik bertara ikusten dute zer arazo eta zailtasun sor daitezkeen, horiek nola bideratu daitezkeen, zer galdera eta zalantza sortu ohi diren eta abar.

Modu batera edo bestera, egoera bera bizitzen ari diren gurasoak ezagutzea eta haiengandik ikastea da gakoa, “ikusi eta ikasi“ hori praktikan jarriz. Osasun mentala, emozionala eta psikologikoa zaintzeko modu bat da erreferentzia horiek izatea, eta gaur egun, lehen familia zabalek betetzen zuten tribu funtzioa bete dezakete haurdunaldiko, erditzeko eta erdiondoko taldeek. Oinak lurrean jartzeko, kolore desberdinetako errealitateak daudela konturatzeko eta norberaren hutsuneak betetzeko baliagarriak dira.