Haizeder eskola txikiak hazi egin nahi du. Ea, Elantxobe eta Ibarrangelu herrietako eta Natxitu auzoko haurrak hartzen ditu Haur Hezkuntzan. Matrikulazioak gora egin du urtez urte eta baita demografiak ere. Orain, gurasoek plataforma bat osatu dute, eta Lehen Hezkuntza ere bertan egiteko borrokatzen ari dira. 

Herria herri bada, herritarrek sortzen dituzten espazio komunei esker da. Ondotxo dakite hori herri eta auzo txikietan bizi direnek. Espazio horietan umeen guneek tamaina eta garrantzi berezia hartzen dute. Denak dauka lotura eta umea herrian haztea herriaren hazkundearekin batera doa. Haurren espazio horiek arnasa ematen diete herri txikiei, eta horien artean, eskola funtsezko arnasgunea da. Herriaren bihotza dela ere esan izan da.
Azken hamarkadetan, hala ere, herri eta auzo txikietako zerbitzuek beheranzko joera izan dute. Eskaera-eskaintza eta kostu ekonomikoen logikak herrietako eskola-guneak urritu egin ditu. Bihotza mantsoago ari da taupaka eremu horietan eta herrietatik urrundu egin dira haurrak.

Ea, Elantxobe eta Ibarrangelu herrietako eta Natxitu auzoko bizilagunek ere ondotxo ezagutzen dituzte bilakaera horren indarraldi eta pattalaldiak. 2010ean lortu zuten hainbat gurasoren ekimenari esker Eako Natxitu auzoan eskola berriro zabal-tzea ­­–sasoi batean udalerri bakoitzak bere eskola izan zuen–. Duela zortzi urte, zortzi ikaslerekin ireki zituen ateak Haizeder eskolak eta azken urteotan gorakada nabarmena izan du. Gaur egun, 35 haur biltzen ditu Haur Hezkuntzako ikasgeletan.

Haizeder eskolaren lehendabiziko kimuak ernetzen ari dira, baina benetan loraldia gertatuko bada, proiektua handitzea beharrezkoa ikusten dute gurasoek. Haurrak herrian bertan edo inguruko herrietan geratzea nahi dute, behintzat 12 urte betetzen dituzten arte. Izan ere, gaur gaurkoz Haur Hezkuntza arteko zerbitzua bakarrik eskaintzen du eskolak eta ikasleek, 6 urte betetzean, Gernika-Lumoko Barrutia ikastetxera jo behar dute euren ikasketak jarraitzeko. Testuinguru horretan, badira hilabete batzuk ‘Haizeder Handitzen’ plataformaren izenean Haizeder eskola handitzeko beharra gizarteratzeko lanari ekin ziotela.

Iñaki Biteri plataformako kideak kontatzen duenez, “herri eta auzo txikietan gero eta zerbitzu gutxiago ditugu, baliabideak hiri handiagoetara zentralitzateko joera nabari da, baina benetan lurralde oreka bilatu eta txikiagoak diren eremu hauek indartu nahi badira, beharrezkoa da bertako bizilagunok ere zerbitzuak hurbil izatea. Modu horretan, gure bizitza- proiektuak bertan garatzeko aukera ere handitu egiten zaigulako”.


Benetan lurralde oreka bilatu eta txikiagoak diren eremu hauek indartu nahi badira, beharrezkoa da bertako bizilagunok zerbitzuak hurbil izatea
 

Iñaki Biteri


Herri eta auzo txikietan behera egin du biztanleriak, oro har. Horrek eremu hauetako eskoletan ere bilakaera negatiboa izan dela ondorioztatzera garamatza. Baina Haizeder eskolan bestelakoa da argazkia. 2010ean eskola ireki zenetik gaurdaino, ikasleen matrikulazioak gora egin du modu esanguratsuan –bost ikasle izatetik 35 haurren gehienezko kopurura iristeraino–, eta joera horrek bat egin du herri horietan berriro ere bilakatzen hasi den goranzko hazkunde tasarekin. “Beraz, eskolaren beharra eta, aldi berean, bere arrakasta errealitate bihurtu dira”, diote gurasoek. Olaia Laka ‘Haizeder Handitzen’ egitasmoko kide eta Ibarrangeluko bizilagunarentzat “oso garrantzitsua” da herriekiko lotura sendotzeari begira haurrek bertan ikastea. “Gure haurrek Gernikan ikasten badute, eta han egiten badute bizitza, segur aski etorkizunean hara jotzeko joera izango dute. Horregatik, neurri batean herrien etorkizuna ziurtatzeko eta komunitatea osatzeari begira ere, urrats hau funtsezkoa dela uste dugu”.

Haurrak herrian bertan edota inguruko herrietan geratzea nahi dute eta hori ahalbidetzeko Lehen Hezkuntza ere Haizeder eskolan egitea eskatzen dute. “Ez delako gauza bera 7 urterekin zure auzoan bertan eskolatik atera eta lagunekin jolastea edo hiri handiago batetara joan beharra izatea. Hemen geratuko balira beraien arteko harremana beste mota batekoa izango litzateke”, gaineratzen du Biterik.

Harremanak eta komunitatea dira batetik, eta haurrek Gernikaraino egin beharreko joan-etorrien distantzia ekiditeko asmoa dago, bestetik. Izan ere, datuak eta kalkuluak eginak dituzte gurasoek: Eatik Gernikara12 kilometro dauden bezala –ikasturtean 4.200 kilometro kalkulatu dituzte–, herri beretik Natxitura 1,3 kilometro daude –630 km. ikasturtean–; edo Elantxobe eta Gernikaren arteko distantzia 11 kilometrokoa den bezala –3.850 km. ikasturteko–, Elantxobetik Natxitura 4,2 kilometro –1.470 km. ikasturteko– baino ez dituzte egin behar. “Batez besteko bat eginez, eskualde honetako ikasleek murriztuko luketen distantzia urtean % 68koa izango litzateke. Hori distantzian; denboran, aldiz, izugarri”, gaineratzen dute. Horrek guztiak ikasleen bizi kalitatean eragin nabarmena duela aipa-tzen dute: “Bidean igaro behar duten denbora luzea, familiekin antolatzeko zailtasunak (kontziliazioa), etxean bazkaltzeko aukera galtzea, eskolaren urruntasunaren pertzepzioa, eskolaz kanpoko jardueretako mugak, gure herrien kalitatearen gainbehera (‘lo-lekuak’ bilakatzeko arriskua), gastu ekonomikoa, aztarna ekologikoa etab. ekarriko lituzke”.

Barrutiako zentroan edo Haizederren haurrek “oso errealitate” desberdinak dituztela diote gurasoek. Jon Telletxeak honela aipatzen du: “Distantzia handia dago zentro batetik bestera. Baina ez kilometrotan bakarrik. Distantzia handia dago zentzu guztietan”. Eskola Txikien proiektuko kide da Haizeder eskola, eta gurasoek proiektuan guztiz sinesten dutela gaineratzen dute. Baina inguruko beste eskola txikien alboan egoera berezia bizi dutela mahai-gaineratzen dute. “Eskola txiki ia guztiek Haur Hezkun-tzarekin batera, Lehen Hezkuntza ere eskolan bertan integratuta daukate. Inklusioaren begiradatik herri handiago baterako saltoa nahiago genuke nagusiagotan ematea, eta ez 7, 8 edo 10 urte dituztenean”, aipatzen du Olaia Lakak.  


Oso garrantzitsua da herriekiko lotura sendotzeari begira haurrek bertan ikastea
 

Olaia Laka


Eskola-mapa egokitzeko beharra
Herri eta auzo txikiek inguratzen dute Haizeder eskola. Eskola publikoa da eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak erabakitzen du eskualde honetako zonifikazioa edo herri eta auzo bakoitzeko biztanleei zein ikastetxetara joatea dagokien. Eskola-maparen bidez egiten du hori. Jon Telletxea plataformako kideak kontatzen duenez, “sasoi batean ume gutxiago egon izan dira, gutxieneko kopurura ez iristeraino, eta pixkanaka eskualde honetako eskolak ixten joan ziren. 2010ean Haizeder irekitzea lortu eta gero, hezkuntza zerbitzua Natxitun zentralizatu izan da, Haizederren. Baina zonifikaziotik kanpo daude Elantxobe eta Ibarrangelu, eta eskola-mapa hori aldatzea eskatzen dugu”. Izan ere, Elantxoberi eta Ibarrangeluri Gernikako Barrutia zentroa dagokiela esaten du Hezkuntza Sailak, eta beraz, 2 eta 6 urte bitarteko herri horietako haurrek lehen aipatutako distantziak egin behar dituzte baldin eta eskola-garraioa erabili nahi badute.

Larraitz Goitiz Elantxobeko bizilaguna da eta bere esanetan, “oso gogorra da adin horretako haurrentzat Gernikako zentrora doan autobusaren erritmoari jarraitzea. Pentsa Haur Hezkuntzako haur batentzat zer suposatzen duen: 8:15ean autobusa hartu, Gernikara bidaia egin, eta eskolatik ateratzean, institututik datorren autobusari itxaron behar diote, 17:15ak arte. Gehiegizkoa da haur txiki batentzat”. Egoera horretan, Elantxobe eta Ibarrangeluko guraso askok, Natxitu auzoko, Haizeder eskolara eramaten dituzte euren haurrak, baina hara joateko eskola-garraio zerbitzurik ez dagokie, eta, beraz, kotxean eraman behar dituzte, ezinbestean. Horrek, baina, buruhauste asko sortzen dizkie hainbat momentutan. “Aitona-amona askok ez daukate kotxerik edo gidatzeko baimenik, eta haurra zaindu bai, baina ez daukate eurek biloba eskolara eramateko modurik”, dio Goitizek.

Udaletatik ere egin izan zaie eskola-mapa egokitzeko eskaria eta aipatzen dutenez, aurretik beste guraso talde bat ere ibili izan zen hori borroka-tzen, “baina bere horretan gelditu zen orduan”. Orain egin dituzten hartu-emanetatik jakin dute gaia lantzen ari dela administrazioa, baina oraindik ikusteko dago. Telletxeak aipatzen duenez, “administrazioa testuingurura egokitzen joan izan da. Haur gutxiago zegoen garaian, dena Gernikan zentralitzatea erabaki zuten. Gaur egun, askoz umez gehiago dago, eta zonifikazio horren eraginez, kaltetuak ere askoz gehiago gara. Horregatik eskatzen diogu administrazioari eskola-mapa berraztertzeko eta eguneratzeko. Lehen moldatu behar izan bazen Gernikara joateko, orain ere egoera berrira moldatu beharko litzateke; lanketa berri bat egin, baina hemen geratzeko”.

Zonifikazioaren gaian eragin nahi dute gurasoek. Diotenez, hori aldatzea lortzen badute, eskola Lehen Hezkun-tzara zabaltzea errazagoa izan daiteke. Jon Telletxeak aipatzen duenez, “baten aldaketak bestea ekarriko luke, ia automatikoki. Izan ere, jada hiru herri batuko lituzke eskolak; herri bakoitzarentzat autobusa bermatuko litzateke, eskubide berdinak izango genituzke guraso guztiok, eta behin hori lortuta, LHrako jauzia errazago emango litzateke”.


Haur gutxiago zegoen garaian erabaki zuten dena Gernikan zentralizatzea. Gaur egun askoz ume gehiago dago eta zonifikazio honen eraginez, kaltetuak ere askoz gehiago gara
 

Jon Telletxea


Beraien eskariak, beharrak, eta aipatutako hiru herrietako errealitateak txosten batean bildu dituzte, eta proiektuaren bideragarritasuna ikustarazteko lanketa ere bai. Eraikina handitzeko proposamen zehatz bat ere jaso dute lan horretan, Eako Udalarekin egindako lankidetzari esker. “Eraikina egokitzeko zer egin beharko litzatekeen aztertu da, zer-nolako inbertsioa egin beharko litzatekeen, eta udaletxea prest agertu da bide honetan aurrerapausoak ematen laguntzeko”, dio Biterik.

Udalen eta herritarren babesa 
Prozesuaren motorra gurasoen plataforma bada ere, gurasoak ez daude bakarrik. Eako, Ibarrangeluko eta Elantxobeko Udalak ere inplikatu dira eskakizun hauetan eta horren lekuko dira joan den uztailean hiru udaletan alderdi politiko guztiek aho batez onartu zuten mozioa. Akordio horiei esker, hiru herrietako udalek Haizeder handitzeko egitasmoa babestea lortu dute. Horren baitan, zonifikazio aldaketa egiteko eskaera luzatzeko konpromisoa hartu dute tokiko erakundeek, eta Eusko Jaurlaritzari Haizederren Lehen Hezkuntza ezar-tzeko gurasoek hasitako bideari ekin eta horretarako balibideak jartzeko eskatuko diote.

Udalek urratsak eman dituzte, baina herritarrak ere ez dira epel gelditu. Herritarrek proiektuari ematen dioten babesa irudikatzeko argazki erraldoia atera zuten uztailean eta aitona-amona, auzotar eta guraso askok hartu zuten parte. 
Haizeder Handitzen plataformako gurasoak hartu-emanean ari dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin. Hainbatetan batzartu dira eta eskola handiko txostena ere beraien eskuetan jarri dute. Jon Telletxearen arabera, “hartu-eman horietan berbak onak izan dira; egoera ulertzen dutela esan digute, laguntzeko prest daudela, baina oso argi eduki arte ez dutela pausorik emango”. Momentu honetan, “pausa deseroso” batean aurkitzen direla aipatzen du: “Ez dakigu norantz joko duten, erabakia noiz hartuko duten… Eta pasatzen den urte bakoi-
tzeko umeak Gernikara doaz, eta behin Gernikara joanda ez dira bueltatuko”. Plataformakoen ustez, Hezkuntza Sailari dagokio orain urra-tsa egitea. Ilusioa pil-pilean dute, eta itxaropena ez zaie falta, baina aitor-tzen dute “kezka apur batekin” ere bizi dutela momentua. “Inoiz izatekotan hauxe da Haizeder handitzeko urratsak egiteko momentua”, diote.


Oso gogorra da haur txikientzat Gernikako zentrora doan autobusaren erritmoari jarraitzea”
 

Larraitz Goitiz