Aralar mendizerraren magalean, Txindoki mendiaren babesean dago Txindokiko itzala izeneko abentura parkea. Ikaskideekin edota familiarekin jolasteko eta gozatzeko leku aparta da eta hainbat jarduera egin litezke bertan. Tirolina, orientazio proba eta arku-tiroa dira haurrek eta gazteek gustukoen izaten dituztenak.
Abaltzisketako Larraitz auzoan dago Txindokiko itzala abentura parkea, izenak berak dioen moduan Txindoki mendiaren gerizan. Jolasaren bidez, naturaz gozatuz, natura errespetatzen ikasten dute bertaratzen direnek. Julen Goia Txindokiko itzala parkeko arduradunak ikastetxeentzat nagusiki hiru jarduera antolatzen dituztela aipatu du: “Ikastetxeei eskaintzen dizkiegun jarduerak abentura parkea, orientazio proba eta arku-tiroa dira. Orientazio proban gustura ibiltzen dira. Larraitz auzoan zehar balizak jarrita daude eta altxorraren bila moduko jolasa bihurtzen da haurrentzat eta gaztetxoentzat. Mapa eta iparrorratza ematen dizkiegu eta haiek osatu behar dute ibilbidea”. Aurrez eskolan orientazioa apur bat lantzeko eskatzen diete proba egin nahi dutenei eta ondoren, eskolan ikusitakoa praktikan jartzeko aukera izaten dute ikasleek.
“Arku-tiroa ere gustuko izaten dute. Jarduera laburragoa izaten da, hiruzpalau diana jartzen ditugu, teknika azaltzen diegu eta arkuarekin tiro egiten dute. Zerbait berezia denez eta egunerokotasunean egin ezin dutenez, gustura aritzen dira”, azaldu du Goiak.
Bi zirkuitu aukeran
Zuhaitz parkean bi zirkuitu daude aukeran eta biek dituzte zubi nepaldarrak, tirolinak edota kulunkak. Alde batetik, zirkuitu txikia dago, Basajaun izenekoa. 3 eta 8 urte bitarteko haurrentzat eta 1,35 metroko altuera gainditzen ez dutenentzat diseinatutako zirkuitua da. Basajaunen etxetik sartzen dira zirkuitura eta, ibilbidean zehar, beren gaitasunak eta oreka lantzeko aukera dute. Zirkuitu horrek zortzi jolas eta bi tirolina ditu. Heldu batek lagunduta ibili behar dute haur guztiek.
Bestetik, zirkuitu osoa dago. Azken horrek bi zirkuitu hartzen ditu: Mikelats-Atarrabi eta Mari. 1,35 metroko altuera gainditzen duten haurrak, gazteak eta helduak ibili daitezke horietan. 12 urtetik beherakoek heldu baten laguntza behar dute eta monitorea ere alboan izango dute laguntzeko. Zirkuitu osoak hamar jolas eta lau tirolina ditu.
Segurtasuna asko zaintzen dute eta jarduera guztiak modu seguruan egiteko beharrezkoa den materiala haiek jartzen dute. Edozein zirkuitu egiten hasi baino lehen, derrigorrezkoa da materiala erabiltzeko ikastaroa egitea segurtasun arauak eta parkea erabiltzeko baldintzak zein diren ezagutzeko. 15 minutuko iraupena du ikastaroak eta behin hori eginda zuhaitzetan abentura hasteko prest egongo dira parte-hartzaileak.
Bestelako jarduerak
Ikastetxeekin astean zehar aritzen dira lanean eta familiekin, batez ere, asteburuetan.
Familiekin arroila jaitsiera ere egiten dute, eta adibidez, maiatzean bisita berezia egingo dutela azaldu digu Goiak: “Aralarrera joango gara ezagutzen dugun artzain bat bisitatzera, eta gazta nola egiten duten ikusiko dugu. Halako jarduera alternatibo batzuk ere antolatzen ditugu”.
Denda txiki bat ere badute eta inguruko produktuak salgai izaten dituzte: gazta, izozkiak… Bertako produktuak bistaratzea dute helburu nagusi.
Martxotik edo apiriletik urrira bitartean izaten da zabalik Txindokiko itzala. Neguan itxi egiten dute eta konponketa lanak egiteko edota jarduera berriak diseinatzeko probesten dute denbora tarte hori, udaberria iristen denerako dena prest izateko.