Dislexia duten bi haur egon daitezke, bataz beste, ikasgela arrunt batean. Aski zabaldua dagoen zailtasuna da, beraz, baina ezezagun zaigu oraindik ere. Defizit fonologikoa da dislexiaren ardatza eta horrek ikasketa prozesuan zailtasunak dakartza, baina oztopo horiek gaindituta ohiko bizimodua egin dezakete dislexia duten pertsonek.
Dislexia. Denok entzun dugun hitza da, baina ez dakigu zehazki zer den, ez dugu asmatzen definizioa ematen. Libe Oñederrak, Dislegi Gipuzkoako Dislexia Elkarteko orientatzaile eta formatzaileak azaldu du zer den dislexia: “Dislexia ikaskuntzarako berezko zailtasuna da eta duen ezaugarri nagusia zera da: neurobiologikoa dela. Garunean gertatzen da eta oinarrian defizit fonologikoa dago. Defizit fonologiko horren ondorioz, letrak eta letren formak ezagutzeko eta grafiak eta soinuak lotzeko automatismoa eraikitzeko zailtasuna dago. Eta automatizatzeko zailtasun horrek, ikaskuntza prozesuan ezagutza eraikitzen goazen heinean, beste zailtasun batzuk dakartza. Ikaskuntza prozesuan murgiltzen garenean, irakurketa-idazketa lantzen hasten garenean eta edukiak barneratzen hasten garenean, ikaskuntzaren piramide horretan helburu orokorra ulermena lortzea da. Defizit fonologiko horrek ulermenari eragiten dio zuzenean eta beste arlo guztietan ere zailtasunak dakartza. Epe laburreko memoriari eta izendapen-abiadurari ere eragiten dio”.
Txikitatik izaten da nabarmena dislexia. “Hizkien trazuen pertzepzioa jasotzen hasten gara, lehenengo hizkiak eta soinuak, grafema-morfema konbertsioa, errimak sortzen hasten gara… Dislexia duten ikasleek erritmo mantsoagoa dute zailtasun handiagoak dituztelako, eta bereganatzen dituzten ezagutzak hutsalagoak dira. Txikiak direnean oso nabarmena da asteko egunak, hilabeteak, urtaroak, jostailuen izenak, lagunen edo ikaskideen izenak, egunerokotasunean erabiltzen dituzten objektuen izenak, pertsonen izenak… egunero lantzen eta erabiltzen ditugun kontzeptuak ez dituztela denbora epe natural batean barneratzen, denbora gehiago behar izaten dute. Izan ere, dislexiaren ezaugarri nagusietako bat hori da: iraunkorra dela. Eta zailtasunak ere iraunkorrak izaten dira. Txikitan, garunaren plastikotasuna dela-eta erraztasun handiz barneratzen diren kontzeptu horiek bereganatzeko eta epe luzean horiei eusteko zailtasuna izaten dute”, dio Oñederrak.
Bada dislexia kasu guztiek komunean duten zerbait: bizitza osorako da. Ez da gaixotasun bat, berezko ikaskuntza zailtasun bat da, eta beraz, ez da sendatzen. Kasurik gehienak jaiotzez izaten dira. Karga genetiko handia duen zailtasuna da eta anai-arrebek maiz partekatzen dute gene hori.
Nola atzeman
Egunerokoan, etxean, zertan nabaritzen zaio haur bati dislexia duela? Bada, normalean anekdota gisa bizitzen ditugun hainbat gauzetan. Hala esan du Oñederrak: “Demagun familia bat zerbait ospatuz topa egiten ari dela ‘gora, behera, barrura, kanpora’ esanaz eta ikusten dute semea edo alaba edozein modutan ari dela topa egiten, ez dituelako kontzeptu horiek bereizten. Edo ikusten duzu bere urtebetetzea noiz den edota gurasoen izenak ez dituela barneratzen, asteko egunetan ez dela kokatzen… Txikiak direnean euren testuingurua mugatua da, eta espazioan eta denboran kokatzeko zailtasun hori izaten da normalean gurasoei atentzioa ematen diena. Idazten hasten direnean, berriz, lehen grafia horietan nabarmena izaten da: ‘b’ eta ‘d’ hizkiak, simetrikoak diren hizkiak, alderantziz idazten dituzte, 6 eta 9 zenbakiak ere bai… Ahozkotasunean, berriz, adierazpen nahiko mugatua izaten dute eta ez dute hiztegi aberatsa izaten. Lokailu gutxi erabiltzen dituzte, zerbait oso laburra eta zehatza denean buelta handiak egiten dituzte azalpenak emateko... Nahasteak, adierazpen pobreak, ezkerraren eta eskuinaren arteko nahasketa, espazioan eta denboran kokatzeko zailtasunak, zure herria zein den ez jakitea… Askotarikoak izan daitezke seinaleak”.
Eguneroko bizitzan dituen ondorioak
Esku-hartze egoki batekin, ikastetxeak eta gurasoak inplikatzen badira eta elkarlanean arituz gero, epe luzera aparteko zailtasunik gabeko egunerokotasuna izan dezakete dislexia duten pertsonek. Baina autonomia lortzeko prozesua luzeagoa izaten dela dio Oñederrak: “Helduarekiko edo erreferentea den pertsonarekiko dependentzia handiagoa izaten dute normalean. Prozesua luzatu egiten da eta autoestimua da gehien kaltetzen dena. Antsietatea, depresioa eta jarrera disruptiboak ere azaleratu ditzakete. Txikitatik ikusten dute pentsatzeko, lan egiteko edota ikasteko beste modu bat dutela eta oso presente dituzte euren zailtasunak eta gaitasunak. Ikaskuntza testuinguruetan jasotzen duten mezua izaten da ikasi dutena ez dela nahikoa eta gehiago ikasi behar dutela. Errehabilitazio egoki batekin zailtasunak orekatu egiten dira normalean, baina barruko minarekin eta esperientziarekin bizitzen ikastea ez da erraza eta etorkizuna proiektatzea zaila izaten da. Batzuetan etsi egiten dute, inguruan jasotzen dituzten mezuek maiz ez baitute laguntzen”.
Dislexiak ez du zerikusirik koefiziente intelektualarekin. Oñederraren hitzetan kontua da ikasteko beste modu bat dutela: “Guk irakurketa-idazketaren bidez ikasten dugu, haiek zailtasuna dute hori automatizatzeko eta automatizatzen ikasten duten arte kosta egiten zaie beste ekintza arlo batzuk aktibatzea. Ni deskodeketa prozesu horretan oso murgilduta baldin banago, ‘e’ eta ‘a’ hizkiek edo ‘j’ eta ‘i’ hizkiek zer soinu sortzen duten aztertzen ari banaiz, ez dut ulermena aktibatzen eta ez dut ulertuko irakurtzen ari naizen hori. Prozesu guztia moteldu egiten da eta automatizatzea lortzen duten arte, gainerako ekintza arloak lozorroan egoten dira”.
Zer egin dezakete gurasoek?
Umeek ordu asko pasatzen dituzte ikastetxean eta eskola eta etxea elkarlanean aritzea oso garrantzitsua da, baina batez ere gurasoen inplikazioa da garrantzitsua. Izan ere, "gurasoak gakoa dira dislexiaren identifikazioan zeren, eskolan, hainbeste ikasleren artean horretaz jabetzea ez da erraza izaten. Ikastetxeetan baliabideak falta dira eta, kasu askotan, horregatik etortzen da diagnostikoa hain berandu”.
Dislexia duten ikasleak oso konstanteak izan behar dira, batez ere, lehen urteetan. Garrantzitsua da garunak garai horretan duen plastikotasuna aprobetxatzea, plastikotasuna galtzen hasten denean, beste bide batzuk jorratu behar baitira. “Oso garrantzitsua da lehen urte horietan oso metodikoak izatea, errutina zehatzak jarraitzea eta ikastetxearekin, eta logopedarekin edo beste profesionalen batekin hasten badira, konfiantzazko testuingurua sortzea. Beharrezkoa da komunikazio egokia izatea, seme-alabei konfiantza transmititzea eta alderdi emozionala lantzea. Gurasoei beti esaten diegu testuinguru segurua izatea oso garrantzitsua dela eta haurrek babes emozionala behar dutela”, dio Oñederrak.
Euskal Herriari dagokion datu ofizialik ez da, baina Dislegik esku artean dituen datuen arabera, % 7 eta % 14 artekoa izan daiteke dislexiaren prebalentzia gurean. Datu hori esku artean, ikasgela bakoitzean, gutxienez, dislexia duten bi ikasle izaten direla uste dutela aipatu du Oñederrak. Dena den, kasu gehiago izan daitezkeela uste dute. Izan ere, dislexiaren diagnostikoa ez da erraza hainbat alderdik eragina dutelako: pertsonaren nortasunak, testuinguruak, estimulazioak, norberaren esperientziak… Seme-alabek dislexia izan dezaketela susmatzen duten gurasoak laguntza eskatzera animatu ditu: “Batzuetan lotsa edo beldurra sentitzen dute gurasoek halako egoeren aurrean, baina horiek alde batera utzi eta laguntza eskatzera animatuko nituzke. Mezu garrantzitsua da honakoa: arrakasta akademikoa % 100 ziurtatu dezakegu, laguntza, baliabide eta tresna guztiak aktibatuz. Eta dislexia duten pertsonen zoriontasuna ziurtatu dezakegu. Nahi dutena izan daitezke, aparteko oztoporik gabe”.
Dislexiaren
adierazleak
Haur Hezkuntzan:
• Zailtasunak prozesamenduan eta kontzientzia fonologikoan.
• Hitzak errimatzeko zailtasunak.
• Sekuentziak eta serieak gogoratzeko trebetasun eskasa (asteko egunak, hilabeteak, urtaroak…).
• Akatsak hitzen ordena sekuentzialean (txolokate, txokolateren ordez).
• Koloreen, letren, eguneroko objektuen… izenak ikasteko zailtasunak.
• Nahastea antzeko hitzen ahoskeran.
• Orientatzeko, eta espazioa eta denbora kokatzeko zailtasunak.
• Familian hizkuntzarekiko arazoen, nahasmenduen edo irakurketa-idazketa prozesuko alterazioen aurrekariak.
Lehen eta Bigarren Hezkuntzan:
• Memoria zailtasunak.
• Irakurketa abiadura baxua.
• Irakurritakoaren ulermenean zailtasunak, zeinuak deskodetzeko gehiegizko ahalegina dela eta.
• Kode alfabetikoa, grafema-fonema korrespondentzia (forma-soinua), irakurketa mekanikoa automatizatzeko eta alfabetoa gogoratzeko zailtasunak.
• Letren, silaben edo hitzen omisioak, ordezkapenak, inbertsioak, distortsioak edo gehikuntzak.
• Silabazko irakurketa, geldoa, zalantzak ageri dira...
• Irakurri ondoren testuak laburtzeko zailtasuna (idatziz zein ahoz).
• Atzerriko hizkuntzak irakurtzeko eta idazteko zailtasuna.
• Irakurtzeari eta idazteari uko egitea.
• Frustrazioa, haserrea, tristura eta antsietatea.