Lanean ari diren gurasoentzat buruhauste-sasoia izaten da seme-alaben udako bi hilabete eta erdiko oporraldia. Udalekuak, egitasmo hezitzaile diren heinean, konponbide egokia izan daitezke umeen zaintzarako. Baina haurrak urte guztian zehar gobernatu dituzten ordutegi eta programatutako ekintzen gurpilean sartzeko arriskua ere izan dezakete.
Sanjoanekin batera iristen da uda, eta udarekin batera, eskoletako oporrak. Bi hilabete eta erdi dituzte aurretik haurrek eta nerabeek uda sasoiaz gozatzeko, urte osoan zehar beraien egunerokoa gobernatu duten ordutegirik eta betebeharrik gabe. Goizean goiz jaiki beharrik ez, jolasean aritzeko nahi adina denbora, kalean edo naturan ibiltzeko aukera gehiago... Gozamenarekin loturiko sasoia hasten da beraientzat, desio dutena modu askeagoan egiteko aukera ematen diena, bizipenez eta abenturaz betea.
Gauzak horrela, agian motz geratuko zaizkie haurrei eta nerabeei oporraldiko 80 egun horiek. Baina, lan egiten duten guraso askorentzat, buruhauste-sasoi luzea hasten da. Hilabeteko oporraldia izango dute gehienek, asko jota; beraz, zer egin gainerako hilabete eta erdian beraien seme-alabekin? Zeinen ardurapean utzi horien zaintza? Nola bete haur eta nerabe horien denbora?
Aitona-amonak gertu dituzten batzuek, horien laguntza izaten dute salbamendu-euskarri nagusi. Horretarako aukerik ez dutenen artean, berriz, udalekuak ohiko baliabide bilakatu dira, bai itxiak bai irekiak. Baina, modu horretan ez ote da berriz sartuko haurra urte guztian gobernatu duen programatuko aktibitatean eta jarraitu beharreko ordutegien gurpilean? Galduko ote da oporrek ekarri beharreko askatasuna eta gozamenarako tartea?
Hau da, lanean ari diren guraso askorentzat udalekuak irtenbide praktikoa izan arren, haur eta nerabeentzat konponbide egokiena al dira?
Urtxintxa aisialdi eskolaren koordinatzaile Atzio Orexak “printzipoz baietz” erantzuten du, alternatiba egokia direla, baina “aldagai inportante bat erantsita: ez zait egokia iruditzen haurrak horrelako egitasmoetan parte hartu behar izatea derrigortasunaren aterkian”.
Egitasmo hezitzailea
Orexaren ustez egitasmo pedagogikoak eta hezitzaileak dira udalekuak, eta haurraren garapen egokian lagungarriak izan daitezke. Dena dela, baieztapen horri ere aldagai bat gehitzen dio: beti ere egitasmo horiek ezaugarri jakin batzuetan oinarritzen badira. Besteak beste, gozamenetik oso gertu egon behar dute, plazera sentitzeko aukera eman. Horretarako, ez dute emaitza jakin bat izan behar helburu, ezta prozedura zehatz bat jarraitu behar ere. Ezaugarri horien baitan eginez gero aisialdiko jarduerak, orduan “haurrentzako esperientzia ezin hobeak” izan daitezke: “Urtean zehar egon diren eremu itxitik ateratzen dira eremu ireki batera”.
Harremanak egiteko gaitasuna indartzea da udalekuek umearen garapenari egin diezaioketen ekarpen nagusienetako. Izan ere, beste errealitate eta egoera batzuetan bizi diren umeak ezagutzeko aukera ematen dio udalekuak haurrari, harreman berriak eraikitzeko aukera, eskolan bizi izan dituen harremanetako dinamikak eta inertziak hautsiz. Izan ere, Orexaren ustez, gaur egun joera dago eskolako ikaslagunekin batera igarotzeko aisialdia ere: “Duela ez urte asko, demagun 15-20 urte, ikastetxe desberdinetako haurrek erlazioak eraikitzen zituzten kalean, parkean, plazan, dantza edo kirol elkarteetan... Pertsona desberdinak, haur berriak aurkitzen zituzten, eta aukera zuten ikastetxeko dinamikak eta inertziak hausteko. Gaur egun ez da hori gertatzen, normalean haurrak daude beti haur berdinekin, bai eskolan, bai kalean, bai aisialdiko ekintzetan; ez dago interakzio handirik beste errealitate sozial edo linguistiko bateko umeekin harremanak sortzeko”.
Gauzak horrela, ez da komenigarria udaleku eta bestelako aisialdiko egitasmoetan talde handitan izena ematea, hain zuzen harreman berriak sortzeko prozesu hori oztopatu dezakeelako. Haurrentzat lagungarria izan daitekeen heinean, ondo dago bizpahiru laguneko taldeetan hartzea parte egitasmoetan, “baina ez gela osoak, ikastetxe osoak”.
Izan ere, egitasmo hezitzaile guztiek bezala, udalekuek ere helburu dute “bizitzarako prestatzea” haur eta nerabeak, eta helduak direnean “ingurune eta egoera berrietara egokitzeko gaitasuna, pertsona desberdinekin taldean lan egiteko ahalmena eskatuko zaie. Horregatik, beti esaten dugu aisialdiko heziketak bizitzarako prestaketa horretan zutabe izan behar duela haur eta nerabe horientzat”. Prestaketa horretarako, beraz, harremanak izango dira bitarteko nagusia, eta harreman horietatik sortzen diren bizipenak.
Prozesuen bizipenetik ikasiz
Horrekin lotuta, udalekuetan antolaturiko ekintzak harremanetarako bitartekoak direla nabarmendu du Orexak, “inolaz ere ezin da izan ekintza bera helburua”. Azken urteetan joera hori indartu da, eta albo batera gelditu dira ekintzaren atzean dauden beste hamaika kontzeptu. Esaterako, ekintzaren prestaketa-prozesua bera. Horren harira, Urtxintxak begiraleak prestatzeko antolatzen dituen formazio-saioetan aisialdiko pedagogiaren oinarrizko printzipioetako bat azpimarratzen du: udalekuetako egun jakin batean egingo den ekintza zehat-mehatz antolatzea baino, garrantzitsuagoa da antolaketa-prozesu horretan haur eta nerabeak aktibo eta protagonista izatea.
“Ahaztu egin dugu printzipio hori. Duela 20 urteko aisialdi elkarteek argi zuten beraien lanaren muina edo oinarria haur horiek bizitzen zuten prozesua bera zela. Asteburu-pasa bat antolatu behar bazuten, haurrek parte hartzen zuten antolaketan eta prestaketan. Zertarako? Ikasteko antolatzen, jakiteko zer eraman behar den asteburu-pasa batera, menua nola egiten den ikasteko, otorduak prestatzen ikasteko... Gaur egun hori albo batera utzi da eta haurrak askotan bihurtzen dira aisialdiko jardueren kontsumitzaile huts”, Orexaren ustez.
Hau da, aisialdia zenbaitetan prozesuaren pedagogiatik jardueren pedagogiara, eta, are gehiago, “emaitzen jarduerara” igaro dela uste du. Horregatik, funtsezko oinarri pedagogikoak berreskuratu behar dira, udalekuak benetan egitasmo hezitzaile izan daitezen: hala nola, emaitza ebaluatu beharrean prozesua ebaluatzea; haurraren parte-hartzea askea izan behar dela gogoratzea, inolaz ere ez derrigortua; pertsonen arteko harremanak sustatzeko lan egitea...
Derrigortu gabe
Dena dela, onurak onura, egitasmoak haurraren garapenean ekarpena egingo badu, horrek gogoz hartu behar du udalekuetan parte-hartzeko aukera, inolaz ere ez da derrigortuta joan behar. Haurrak derrigortasunaren gerizpean, betebeharren katean igarotzen du urtea, ingurune arautuetan, eta udak beharrezkoa duen gozamanerako aukera eman behar dio. Eta, udalekuen gisako egitasmoak haurraren gozamenerako badira, “haurraren sufrimendua eragiten duten erabakiak ez dira zilegi horrelako kasuetan”.
Izan ere, zenbait haurrek gurasoen falta, ingurune arrotz batean egotea, etxetik urrun, eta ohiko lagunik gabe, sufrimenduz bizi dezakete. Izaten dira gauak negarrez igarotzen dituzten umeak ere. Horrelakoetan, umeari zaintza berezia eskaintzen saiatzen dira, esaterako begiralearekin batera lo eginez, honen goxotasunaren altzoan. Hala ere, haurrarengan sufrimendua ikusiz gero, familiekin harremanetan jartzen dira lehenbailehen Urtxintxako lagunak, haurra etxera eraman dezaten bueltan. “Horrelako egoerak ekidin egin behar dira. Ez dira sufrimendua eragiten duten gauzak zertan jasan behar, eta aisialdian are gutxiago, plazera eta ondo pasatzea baitira zutabe nagusienetakoak ”, dio: “Agian hiru gau negarrez pasa ondoren, laugarrean ez du negarrik egingo. Baina, zergatik? Egokitu egin delako, edo frustratu eta etsi egin duelako, negar eginagatik egoera ez dela aldatzen ikusita? Argi daukagu haur bat bera ere ez dela behartu behar guk antolatzen ditugun udalekuetan derrigortuta egotera”.
Dena dela, ulergarria da familia askorentzat arazo bilakatzea haurren oporraldia, batik bat bi gurasoek lan egiten duten kasuetan, “gizarteak hala eskatzen dielako edo beraiek horrela erabaki dutelako”. Dena dela, nabarmentzen du “haurrek ez dutela erabaki hori horrela izatea. Umeek ez dute erantzukizunik eta kulparik gurasoen bizitza antolakundearekin”.
Eta, zenbait kasutan, gerta daiteke haurra ez egotea prestatuta astebetez edo gehiagoz familiagandik bereizita egoteko, “batzuk ez daude prestatuak etxetik kanpo lo egiteko 8-10 urte arte”. Baina, eskolatzeko adinak behera egin duen bezala, udalekuetan parte-hartzekoak ere bai, gurasoen beharrak horrela eskatuta. “Eskolarako noiz daude prestatuak? Lehen 5 urterekin, gero 4 urterekin, orain 2 urterekin... Baina zer aldatu da, egiaz? Haurrak ez dira aldatu, beraien prozesu biologikoak berdin-berdinak dira. Gizartea da aldatu dena”.
Horregatik, onuragarri izan daitekeena ez dadin sufrimendu iturri bilakatu, seme-alabak udalekuetara bidaltzekotan beraien gozamenerako izan dadila, ez beste aukerarik ez dagoelako.
Gurasoentzako baimenak umeen oporraldirako
Gizartea abiada bizian aldatu da azken harmadakotan, eta familia egiturak nabarmen aldatu dira emakumea araututako lan-munduan modu orokortuan sartu denetik. Etxetik kanpo egindako lanari, etxe barruko lana gehitu diote emakume askok azken 30 urte ingurutan. Izan ere, gizartea abiada handian aldatu bada, eremu batzuetan bakarrik izan da; oraindik asko baitago egiteko bikotekideen artean etxeko lanak eta zaintza partekatzerakoan, eta, nola ez, lana, familia eta aisialdia bateratzea erraztuko duten laguntza publikoetan eta legeetan.
Bada, motel bada ere, ari dira agertzen kontziliazioa erraztea xede duten legediak. Horien adibide, Euskal Autonomi Erdidegoan indarrean dagoen abenduaren 12ko 13/2008 Legea. Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzak erregulatzen dituen 177/2010 Dekretuak jasotzen duenez, lege horrek “familia-eredu jakin bat sendotzea du helburu, hain zuzen autonomian, kideen arteko errespetuan eta bi bikotekideen arteko berdintasunean oinarritzen den eredua, biek ala biek ere lanbidean aurrera egiteko aukera berberak partekatzen dituztena”. Hain zuzen ere, 177/2010 Dekretu horretan arautzen dira, besteak beste, gurasoek seme-alaben oporraldiak direla eta eskatu ditzaketen lanaldi murrizketak.
Dekretuarren arabera, diru-lagun-tza publikoa jaso ahal izateko, gurasoek gutxienez %33an murriztu behar dute lanaldia seme-alaben zaintzarako. Familiako errenta estandaritzatua 20.000 € baino gutxiagokoa den kasuetan, lanaldia %33 eta %40 artean murriztuta 2.200 € jasoko dituzte; 1.819 €, aldiz, errenta altuagoa badute.
Bada, lanaldia %33 murriztuta, gurasoek egutegiko 59 egun lortuko dituzte seme-alaben zaintzarako. Ez dute egun horiek jarraian hartu beharrik, beti ere seme-alabak oporretan dauden bitartean hartuz gero. Beraz, 59 egun horiek nahieran bana ditzake epe hauetan:
- Eskoletako Aste Santuko oporretan, hau da, “ostegun santuaren aurreko astelehenetik pazko-astelehenearen ondoko igandea bitarteko bi asteetan”.
- Ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean, bi egun horiek barne.
- Eskoletako Gabonetako oporraldian, hau da, “abenduaren 21etik hurrengo ekitaldiko urtarrilaren 9a bitartean, bi egun horiek barne”.
Seme-alabek 12 urte bete arte eska ditzakete gurasoek laguntza hauek, 3 urte eta erdian zehar. Dena dela, jaiotako seme-alaba bakoitzeko “garai bat itxi egiten da eta beste berri bat irekitzen da”.
Dekretu hori eskuragarri dago, kontziliazioaren inguruko beste hainbat informazioarekin batera, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politika Sailaren webgunean, Gizarte Politikak/ Familia Politika eta Gizarte Garapena / Lana eta familia bateragarri egiteko laguntzak atalean.