Bi hilabetez, dozenaka euskal familiak etxea eta babesa ematen diete Ukrainatik eta sahararren errefuxiatu-kanpalekuetatik etorritako haurrei. Horien osasuna hobetzea da helburu nagusia, baina horretarako eta askoz gehiagorako ematen du bizipenak.  

Laboaren abestiko hegazti errariak eguraldi onarekin batera iristen dira Euskal Herrira, urteroko migrazio-gurpilean, udaberria iritsi dela iragarriz. Udaren hasiera, berriz, bestelako lagun batzuen urteroko migrazioak iragartzen digu: erabat beltzaranak batzuk, zeharo ile-argiak besteak; guztiak arnas berri baten bila etorriak.

Ukrainako eta Saharako haurrez ari gara. 90eko hamarkadaren hasieratik etortzen dira Euskal Herrira, euskal familietan uda partean bi hilabete pasatzera. Ukrainatik etorritakoak 1986an Txernobilgo zentral nuklearrean izandako istripuak sorturiko kutsaduratik ihesi datoz. Izan ere, erradiazio-maila oso altua utzi zuen zentral nuklearraren inguruko eremuetan, eta ondorio latzak eragin ditu inguruko herrietako biztanleengan; istripua gertatu zenetik hiru hamarkada betetzear diren arren, oraindik erradiazio-mailak eta kutsadurak nabarmen kaltetzen du bertako biztanleen osasuna. Hain zuzen, Euskal Herrira etorririko haur guztiak Txernobilgo zentral nuklearraren inguruko herrietan bizi dira.

Haur sahararrak, aldiz, ez datoz beraien herrietatik. Marokok okupaturiko Mendebaldeko Saharatik ihes egindako familietako kideak dira, eta gehienak Aljeriako errefuxiatu-kanpalekuetan bizi dira, desertu gordinean. Urte osoan zehar jasaten dituzte bizi-baldintza gogorrak, klimak nahiz errefuxiatu izateak dakarkien prekarietateak sortuak, baina uda partean bereziki gogortzen da bizimodua desertuan: tenperaturak nabarmen altuagoak dira, eskasia handiagoa.

Haur horiek badituzte gurasoak, badituzte senideak edo aitona-amonak zain, Ukrainan edo errefuxiatu-kanpalekuetan. Baina, bi hilabetez, Euskal Herriko familia bat bilakatzen da beraien sendia. Hainbat elkartek eta dozenaka boluntariok egindako lanari eta hainbat euskal familiaren elkartasunari esker, ehunka dira beraien eguneroko borrokan bi hilabeteko atsedena bizi duten haurrak.

Oasi bat basamortuan
Alien eta Brain-Zalen dira sahararren errefuxiatu-kanpalekuetatik Euskal Herrira iritsitako haur horietako bi. Brain-Zalenek 9 urte ditu eta Elena Etxaniz eta Isaac Asumendi eta 6 urteko beraien seme Jonen etxean pasatu du uda, Azpeitian. Alien, aldiz, Imanol Lazkanok eta Josune Aldalurrek hartu dute beraien etxean, hauek ere Azpeitian. 6 urteko seme-alaba bixkiak dituzte, Imanol eta Haizea, eta Imanolek beste bi alaba ditu Nikaraguan, dagoeneko aitona egin dutenak. Bi familiek lehen aldiz hartu dute haur saharar bat etxean, eta, era berean, lehen aldiz etorri dira Euskal Herrira Brain eta Alien.

Imanol eta Josuneren kasuan, Nikaraguan duten familiak eragina izan du erabakia hartzerakoan: “Garrantzitsua iruditzen zitzaigun gure umeek beste kultura batzuk ezagutzea. Nik alabak ditut Nikaraguan eta harreman estua dut beraiekin, baina ikusten dut hemen orokorrean badugula muga bat kanpotarrekin, baita umeek egiten dituzten harremanetan ere. Ezetz esaten dugu, baina nahiago dugu gure ingurua mantentzea; kanpoko jendea ez dadila gehiegi sartu gure zirkuluan. Gure seme-alabentzat hori desberdina izatea nahi genuen: ikusi egin behar dute jende hau nola bizi den, nondik datorren, zein ohitura dituzten... eta gu nola bizi garen, zenbat txorakeria ditugun... Hori ikusteko eta ulertzeko modurik errazena da beraiekin bizitzea, pentsatzen dut horrelako elkarbizitza bat izanda luzera begira ez dutela hainbeste arrazakeria eta xenofobia konturik izango. Horrek asko motibatzen nau”, dio Imanolek; “alde batera utzita Alienentzat hona etortzeak osasun aldetik duen garrantzia, noski”.  

Elenak ere uste du familiarentzat “aberasgarria” izango dela esperientzia: “Nahi genuen haur bati behintzat laguntzea osasuna hobetzen, eta, horrekin batera, gure semeak ikastea guk dena daukagula eta ume batzuk beste modu batera bizi direla”.

Motibazioa argi izan arren, zalantzak ez dira falta. Josuneren esanetan, “ekarriko dugu hona, erakutsiko diogu zeinen ondo bizi garen, zenbat gauza ditugun, baina bi hilabete pasa eta segi bueltan desertura!” Antzeko zalantzak ditu Elenak ere, Brainek aurrerantzean “konparaketak egingo ote dituen hemengo eta hango bizimoduaren artean”. Imanolek, aldiz, ikusten die alderdi positiboa konparaketa horiei: “Uste dut Alienentzat ona dela ezagutzea hemen jendea beste modu batera bizi dela. Horrek agian denborarekin indarra emango dio bere herria hobetzen saiatzeko; esateko, ‘beste mundu bat badago: gu bezalakoak dira, baina beste baldintza batzuetan bizi dira’. Agian egunen batean sentituko du gogoa bere herriari bultzada bat emateko”.

Osasuna amets
Ukrainatik etorririko haurren kasuan, bai etortzeko bai umeak hartzeko motibazio nagusia berdina da: haur horien osasun-egoera hobetzea, arnas berri bat ematea.

Kontxi Martijak horregatik ekarri izan du Vladyslava bere etxera azken 15 urteetan. 6 urteko haurra zenean etorri zen Vladys lehen aldiz Euskal Herrira, eta 21eko gaztea da orain. Elkarteen bidez etortzeko adina gainditu zuen aspaldi, eta bere kabuz etortzen da orain, estua baita Kontxirekin eta bere familiarekin sorturiko lotura. “Etxeko bat gehiago da”, Kontxiren esanetan, eta bera ere hiru aldiz joan da Ukrainara, Vladys-en familia eta jaioterria ezagutzera.

1999an aurrejubilatu zuten Kontxi, artean nahiko gaztea zela eta “nik nahi gabe. Lanik egin gabe soldata bat nuen, eta gizarte-lanen bat egin beharra nuela pentsatu nuen”. 2000ko urtarrilean, egunkariaren bidez Txernobilgo elkarteak udan haurrak hartzeko familiak behar zituela jakin zuen, “eta ez nuen asko pentsatu: igandea izan arren deitu egin nuen”. Urte hartan bertan, ekainean, iritsi zen Vladys lehen aldiz Euskal Herrira, 6 urte bete berritan.

Urtero egiten du hemen mediku-azterketa eta erresonantzia magnetikoa; tiroidea nola duen kontrolatzen diote bereziki, ohikoa baita tiroideetako minbizia Txernobildik gertu bizi direnen artean. “Hona etortzearen arrazoi nagusia bere osasuna da. Orain jada hazia dago Vladys eta hobeto egoten da iristean, baina txikia zenean aurpegi zurbilarekin eta begizuloekin iristen zen. Uztailaren amaiera alderako beste pertsona bat zirudien, askoz ere aurpegi hobearekin”, dio Kontxik. “Bere amak horregatik bidali zuen 6 urtetxorekin bere alaba bakarra hona. Pentsa zer izango zen emakume harentzat, alaba ze familiatara zetorren eta gu nolakoak ginen arrastorik izan gabe! Horregatik esaten diot nik Vladisy urtero bere amari eskerrak emateko gure etxera etortzeko baimena emateagatik”.

Iritzi berdinekoak dira Rosa eta Mari Ines ere. Mari Inesen familiak hirugarren urtez hartu du etxean Sofia; 6 urterekin etorri zen lehen aldiz, eta 9 ditu orain. Rosaren sendiak, berriz, bigarren urtez hartu du Alesandra etxean; 10 urte ditu honek. Mari Inesen esanetan, “aurreneko urtetik hona izugarrizko aldea antzematen da Sofiaren osasunean. Lehen urtean asko nekatzen zen oinez ibiltzen-eta, orain jada beste erresistentzia bat dauka. Itxura batera ez da nabarmena, handik ere ez baita galduta etortzen, baina hobekuntza igartzen da. Eta bere gurasoek izugarrizko garrantzia ematen diote horri, neguan gutxiago gaixotzeko eta eskolara gehiago joateko”.

Rosak ere sentitzen du Alesandraren gurasoen esker ona: “Urtean zehar dezente mantentzen dugu harremana Skype eta gisa horretako sare-sozialekin, eta horren bidez bere familia, bere gurasoak ezagutu ahal izan ditugu. Gurasoek asko eskertzen digute alaba udan hona ekartzea”.

Hasierako zailtasunak
Familia guztiak bat datoz bi kontutan. Batetik, esperientzia oso polita eta oso aberasgarria da, eta gustura daude emandako pausoarekin. Bigarrenik, guztiak datoz bat esatean lehen urtea, hasierako egunak, oso gogorrak izan daitezkeela.

Kontxik gogoan du lehen urtean Vladys-ek “15 egun negar batean” pasa zituela, eta antzeko oroitzapena du Mari Inesek ere: “Aurreneko urtean gaizki pasatu genuen. Gaueko 11etan iritsi zen Sofiaren hegaldia. 6 urtetxorekin, gauez, aireportutik atera eta bi ezezagunekin auto batean sartzen zaituzte... Hasiera hura beretzat oso gogorra izan zen. Oso ingurune arrotzera etortzen dira”. Gainera, ez ziren komunikatzeko gai eta umearengan “izugarrizko inpotentzia” ikusten zuten, “ezin zela adierazi sentitzen zuen”. Horregatik, lehen urte hartan garrantzia handia izan zuen Mari Inesentzat beste familiek emandako babesak. Izan ere, Txernobilgo haur bat hartuta zuen Segurako familia batengana joaten ziren bisitan maiz, eta Sofia gustura sentitzen zen “bere hizkuntzan hitz egiten. Barrua askatzeko aukera izaten zuen”. Gaur egun bai Sofiak bai Alesandrak ederki hitz egiten dute euskaraz, eta Errezilen ere egin dituzte lagunak. Rosari aurten aitortu dio Alesandrak “lehen urtean beldur handia pasa zuela”. Zailtasun hauek tarteko, Mari Inesen ustez “ezinbestekoa da familia guztiaren inplikazioa”, guztiak haurraren zaintzan parte hartzeko prest egotea horrelako pauso bat emateko.

Brain etxean duten lehen urtea izanik, zailtasun horiek ondo ezagutzen dituzte Elenak eta Isaac-ek ere. “Lehen egunetan Brain oso urduri zegoen, tentsio handiarekin, eta negar asko egiten zuen”. Kasu honetan, Azpeitian bertan bizi diren sahararren aldetik jaso dute laguntza. Izan ere, bikote saharar batek mintzalekua du herrian, eta hara joaten dira bai Alien bai Brain beraien familiekin telefonoz hitz egitera; eta, bide batez, bikote sahararrak itzultzaile lanak egiten dizkie harrera-familiarekin komunikatzeko. “Brain negarrez ikusi eta mintzalekura joaten nintzen laguntza bila, umearekin komunikatzen laguntzeko. Hasieran negar handiak egin zituen, baina harrezkero asko lasaitu da eta asko zabaldu da gurekin; agian horixe beharko zuen, barrena askatzea”, kontatzen du Elenak.

Josune eta Imanolek ez dute halako egoerarik bizi izan Alienekin; “gustura eta lasai” ikusten dute, eta, hasieran guztiak “galduta” ibili ziren arren, berehala egin da etxeko: familian integratuta ikusten dute Alien. Dena dela, zailtasun pixka bat izan dute beraien seme-alaba bixkiekin, jeloskor samar baitaude Alien iritsi denetik. Ezustekoa izan da hori ere Josune eta Imanolentzat, “alderantziz” izango zela uste baitzuten: “Uste genuen Alien egongo zela triste eta bere gainean egon beharko genuela, baina justu kontrakoa gertatu da”, dio Josunek. Imanolen ustez, “gure umeek ikusten dute Alien gehiago babesten dugula, bera ondo egotea nahi baitugu, eta bere gurasoek ere senti dezatela beraien semea ondo zaindu dugula; eta, agian, gehiegi babesten dugu. Txip-a aldatu behar dugu, orain etxean 3 haur ditugula konturatu eta guztiekin berdin portatu”.

Zailtasunetik gozamenera
Zailtasunak zailtasun, harrera-familientzat esperientzia aberasgarria izan da Ukrainako nahiz Saharako haurrak etxean hartzea. Kontxik “familian kide bat gehiago” dauka orain. Mari Inesentzat “zoragarria” izan da Sofia hiru uda hauetan etxean edukitzea: “Urtetik urtera gehiago gozatzen duzu”.

Imanolen esanetan ere, “esperientzia polita da Alienentzat, guretzat eta gure seme-alabentzat. Orain esan dezaket merezi duela, eta uste dut ez dugula ito behar: umeak dira, kultura desberdinekoak... eta artaldea guk maneiatu behar dugu, lasai egon behar dugu”. Elena ere pozik dago, hasierako negarren ondoren orain “aurpegian antzematen” baitio Braini pozik dagoela: “Gainera, bere osasunak hobera egingo du. Erabat gomendatzen dut esperientzia. Hasiera da zailena, baina hortik aurrera...”

Jakitun dira krisi ekonomikoaren garaiotan zenbait sendi atzera bota-tzen dituela ustez haur bat hartzeak eragingo dien diru-gastuak. Hori dela eta, erakundeen laguntza azpimarratu dute: “Esango bazenit ehundaka euroko gastua sortzen duela, ulertuko nuke, baina ez da horrela!, dio Kontxik. Gure kasuan behintzat, udalen, enpresen ekarpenen eta elkartearen bidez, bidaiak ez du gasturik sortzen. Hortik aurrea, etxean jaten duenak sortuko du gastua, besterik ez”. Mari Inesek eta Rosak ere ildo beretik hitz egin dute, eta Sofiari eta Alesandrari egin beharreko osasun-azterketak ere Osakidetzaren bidez egiten dituztela azaldu dute; gasturik gabe, alegia. Elkartearen kuota ordaindu behar izaten dute, eta urteko kopurua 100 € ingurukoa dela argitu dute.

Eta, “ordainetan, izugarrizko betetasuna, poza” jaso dute, Kontxik azaldu bezala: “Lehen urtea amaitu aurretik konturatzen zara ume hauek egiten diguten mesedeaz”. Rosak ere “ematen duen aberastasuna” aipatu du: “Ukrainako familiak azaltzen dugu ze gustura etortzen den Alesandra, eta horrek izugarrizko poza ematen du”.

Bueltatzeko garaia
Hegazti errariekin batera joaten dira beren etxeetara bueltan haurrak. Maleta beterik daramate, opariak pilatu baitira bi hilabetetan. Eta horretan ere zalantzak: “Gauza horiekin kontuz ibili behar dugu. Denek ezin dute udan hona etorri, eta guk ezin digu pribilegiorik sortu: hara iristean denak bezala ibili dadila”, dio Imanolek.

Baina, opariak opari, batik bat bizipenez bete dute maleta Sofiak, Vladysek, Alesandrak, Braimek eta Alienek. Bizipenez, eta osasunez. Hurrengo urtean bueltan izango ditugu Euskal Herrian, hegazti errariekin eta eguraldi onarekin bat.