Dietak eta kontrolak, neurriak eta azterketak izan ohi dira, sarri, haurdunaldiari buruzko mintzagai. Plazerak ere badu, baina, lekua ernaldian. Haurdunak eraldatzen ari den gorputza ezagutu eta plazerez bizitzeko tresna lagungarri bat da masajea; bikotekidea inplikatuko duen tresna, eta haurra ulertzen lagunduko duena.
Kontaktuari eta plazerari bidea irekitzen dio masajeak. Norberaren gorputza ezagutzen laguntzen du, eta emaileari hartzailearen beharrak eta minak entzun eta ulertzen laguntzen dio. Sentikorra izatea eskatzen du, eta, ondorioz, oso bide emankorra izan daiteke masajea haziera pozesuan: Haurdunaldian hasi (edo lehenago) eta erditzean eta umearen hazieran jarraipena duen bidea da.
Amari ernaldian nahiz erditzean izan ditzakeen minak saihesten edo arintzen lagun diezaioke masajeak; bikotekideari, berriz, haurdunaren prozesua sentitzeko aukera ematen dio; eta biei, haurraren beharrak behatzeko sentsibilizatzen lagun diezaieke masajeak.
Esan izan da, ordea, ez dela komenigarria emakume haurdunaren gorputza ukitzea. Joxe Ramon Mauduit prebentzioan aditua den psikologo eta psikoterapeutak 30 urte daramatza haurdunei —eta baita umeei ere— masajeak ematen, eta onura handiak ikusi ditu emakume, haur eta bikoteengan, eta, beraz, zehaztapen bat egiten dio hasierako ‘debeku’ horri: “Ukitzeak, ukitzen jakinez gero, on egiten dio edozein gorputzi; are gehiago haurdun dagoen bati”. Masajearen onurez gozatzeko, beraz, lehendabizi, haurdunaren gorputza nolakoa den ulertu behar da, eta gorputz horren egiturak haurdunaldian zehar nolako egokitzapen-prozesua egingo duen ikusi behar da. “Gorputza ezagutzen ez duenak, ondo egiten du mendera-tzen ez duen leku batean ez sartzen; baina, gorputza ulertzen duenak, eta are gehiago, haurdunaren gorputza ulertzen duenak, mesede handia egin diezaioke”.
Masajea, prebentzio gisa
Gorputza ukitu aurretik, arnasari begiratzen dio Mauduitek, haurdunaren arnasa bereziki inportantea baita, ernaldian eta baita erditzeko unean ere. “Askotan ikusten dugu gure kulturan, gaur egun, arnasa oso goikarria dela, eta aspiratzeko modua goian daukala jende askok. Arnasa hartzeko modua eta oreka apur bat aztoratuak dauzkala esan nahi du horrek”. Arnasa bere onera ekartzen laguntzen du Mauduitek, “barrengo arnas espazioak zabaldu daitezen, eta lurrerantz aldarazten”. Izan ere, arnasketa oso garrantzi-tsua da erditzeko unean bereziki, umeak behetik atera behar baitu, eta andreak uteroa bultzatu behar baitu arnasketaren bidez; “arnasketak ez badu bultzatzen, haurra ateratzea gehiago kostatzen da, eta, kasu horietan, erditze instrumentalizatuak gehiago izaten dira”.
Gorputza ukitzeko garaian, emakumearen gorputzaren egitura nola ari den aldatzen begiratzen du Mauduitek, haurdunaren gorputza bere lekua bilatzen ari baita. Lunbarrak dira nabarmenen aldatzen direnak, eta, gorputza pisua hartzen doan neurrian, ziatika, lunbago arazoak edo bizkarreko minak azaldu daitezke. Masajeak min horien prebentzioan lagun dezake, prozesua ondo bideratuz gero etor litezkeen arazoak saihestu baitaitezke. Luzamenduak eta ukimen lanak egiten dituzte bizkarreko homoplato inguruan, lunbarretan, ipurtezurrean, gluteoan, eta bizakarrezur osoan, beti ere haurdunaren postura ondo zainduz.
Masajeak, era berean, amagaiak bere gorputzarekin nolako kontaktua duen ikusteko aukera ematen du: “Gorputzak igortzen dizkion mezu horiek ulertzen dituen ikusteko unea da; mezu horiek ulertzen baditu bizi egingo baitu haurdunaldiaren prozesua”. Mauduitek ikusten du, ordea, emakume askok euren gorputzarekin kontaktu gutxi daukatela, eta, ondorioz, haurdunaldiko prozesua bizitzea zailago egiten zaiela. “Masajearen bidez amak bere gorputzarekin konfidantza hartzea da helburuetako bat, bere beldurrak ulertzea, adieraztea eta bidera-tzea, gerora etor litezkeen arazoak saihesteko”.
Masajearen onurak
Masajeak gorputza eta gorputzaren beharrak entzutera darama emakumea, eta bere soina behatzen eta ulertzen duen bitartean, amagaia haurrari — eta haren gorputzari— nola entzun eta behatu ikasten ari da. “Amak bere gorputza ezagutzen ez badu, eta bere gorputzarekin sentsibilizatua ez badago, hau da, bere mina ulertzen ez badaki, zaila izango du gero umeak zein min klase duen ulertzea”. Behin haurraren mina ezagututakoan, hura baretu eta haurra lasaitzea samurragoa izango da gurasoarentzat. Mauduitek argi dauka, umeak ez duela edozer gauzagatik negar egiten, “haurra bere gorputzean mina, nekea eta ondoeza duenean kexatzen da eta negar egiten du; egonezin hori antzeman egin behar da, aztertu eta osatu”.
Haurrari aditu eta laguntzeko, lehenik eta behin, ukitzeari beldurra galdu behar diote gurasoek, izan ere, Mauduitek ikusten du gaur egun haurra ukitzeko sekulako beldurra dagoela, eta umea negarrez badago ere ez artatzeko joera zabaldua dagoela. Ezinegon hori baretu egin behar dela defendatzen du masaialariak, eta hor masajeak asko laguntzen duela: “Askotan negarrez ari den ume bati ukitu edo masaje bat ematen diozu eta lasaitu egiten da; horrek zerbait esan nahi du”. 30 urteko ibilbidean ondo aztertua dauka, txikitatik lagundu izan zaion umeak —ukitu eta masajearen bidez mina samurtu zaion umeak— ez duela hainbeste negar egiten. Espatula, forzeps edo bentosekin aterarazi dituzten umeen kasuan bereziki baliagarria izan ohi da masajea. Jaiotzean uteroan estuasuna bizi izan dutenek, ezinengo hori gero ere eduki egiten dute, adituaren arabera, eta egonezin horri jaramon egin eta ukimenarekin arinduz, euren onera etortzen dira haurrak.
Perioneoko masajea
Haurrari leku egiteko gorputza aldatzeak sor ditzakeen minak saihesten eta osatzen ditu masajeak, baina erditzeari begira ere, perineoan masajea emateak haurra ateratzea arindu eta lagundu dezake modu erabat naturalean. Baginaren eta uzkiaren artean masajea emateak funtzio prebentiboa du, erditzean urraturik edo episiotomiarik —perineoan ebaki bat— egin beharrik izatea saihestu baitezake, perineoa elastikoagoa izango baita ernaldian eman den masajeari esker.
Bikotekideak haurra senti dezan
U kitzen duzunean, ukitua zara: masajean rol garrantzitsua du emaileak. Aholku batzuk jaso eta egiteko modu batzuk ezaguturik, bikotekideak masaje aringarriak eman diezazkioke haurdunari, eta, ematean, asko jasoko du berak ere: haurdunaldiaren parte sentitzeko bide bat baita masajea. Gaur egun, oraindik, bikotekidearen papera oso baztertua ikusten du Mauduitek, baina aitaren rolari garrantzi handia ematen dio berak: “Aitak parte hartzen duenean prozesu hori amari bakarrik ez, berari ere pasatzen ari zaiola ulertzen du”. Kontaktuaren bidez, elkar ezagutza eta plazera bultzatzen ditu masajeak, eta bikotekideari, andrearen arnasarekin harremanetan jarririk, amaren sabelean dagoen umea sentitzeko aukera ematen dio. Era horretan, haurdunaldia bizi duen aitak inguruko ekosistema mantentzeko, erlaxatzeko eta erlaxa-tzen laguntzeko, gatazken aurrean erreakzionatzeko eta osasunari bidea irekitzeko “ikaragarrizko ahalmena” ateratzen du barrutik, Mauduiten hitzetan. “Eta, horretan, bidelagun bat da masajea”.