Haurdunaldia kontzienteago bizitzeko eta sentitzeko aukera ematen du haptonomiak. Ukimenaren bidez, maitasuna eta hurbiltasuna sentiarazten dizkiote gurasoek sabel barruan den haurrari, Ainhoa Elordik azaldu duenez.
Gero eta bikote gehiagok bizi nahi dute haurdunaldi kontziente bat, prozesuaren jabe izan, sentitu eta erabakiak hartzeko gai izateko. Haurdunaldiari dagokion denbora eta garrantzia emateko eta bi bikotekideek haurrarekin konektatzeko bide bat eskaintzen du haptonomiak, afektuen zientzia baita. Kontaktuaren bidez —eskuen ukimenaren bidez— hurbiltasuna eta segurtasuna transmititzean da-tza haptonomia, eta bizitzako etapa ugaritan aplika daiteke, hala nola heriotzaren atarian dagoen pertsona batekin, edo jaiotzear dagoen batekin, haurdunaldian.
Ainhoa Elordi psikologo eta haptoterapeuta da, eta haurdunaldian zeharreko laguntza eskaintzen du: “Bikote askok beharra sentitzen dute euren egunerokotasunean eten bat egin eta denboratxo bat hartzeko, haurdunaldia bizitzeko eta aldaketa horiek sentitzeko, baina behar hori ase eta haurdunaldian enfoke medikuari beharrean afektuei lekua egiteko, laguntza behar izaten dute”. Horretan dihardu berak, haptonomiaren bidez bikoteei haurdunaldi kontziente bat bizitzen laguntzen. “Lana bikoteak egin behar du umetxoarekin, haptoterapeutak laguntza ematen die”. Haurraren autonomia ahalbide-tzen du haptonomiak, baina lehenik eta behin bikotearen autonomia indartu behar du: “Gure helburua ez da makulu bat izatea, baizik eta erreferentzia bat, helburua bikotea ahalik eta autonomoen izatea da, segurtasuna irabaztea, prozesua eurena egitea eta jabetzea; plazerez, argitasunez eta segurtasunez bizi-tzea euren haurraren etorrera”.
Bikotea aipatzen du uneoro Elordik, umetxoarekin batera haiek baitira prozesuko erabateko protagonista. “Aitari edo beste amari —haurdun ez dagoen bikotekideari— garrantzia handia ematen zaio; dagokion lekua ematen zaio”. Bikotekidea izango da bere eskuen bidez, amaren gorputza ukituz, haurrari maitasuna eta hurbiltasuna helaraziko dizkiona. “Haurra jaio ostean, kasu askotan, amaren eta umearen arteko lotura oso estua izaten da, eta beste gurasoa diada horretatik kanpo geratzen da. Hirukotea zaindu ezean, hortik arazoak etor litezke behin haurra jaiotakoan, aitak edo beste gurasoak haurrarekin lotura sendotzeko denbora asko igaro baitaiteke”. Beste gurasoari ere haurdunaldia osoki bizitzeko aukera ematen dio ukimenak, bere eskuen bitartez afek-tua transmitituz umeari, eta baita haurra bera sentituz ere”.
Aitari ez ezik, amari ere mesede egiten dio bikotekideak haurdunaldia sentitzeak, Elordiren arabera. Kontaktu fisikoaren bidez, guraso biak presente eta umearekin konektaturik egoten laguntzen du haptoterapeutak: “Ama munduari irekia egon dadin laguntzen du, eta, era horretan, amak bikotekideari bidea irekitzen dio sar dadin konexio horretara. Hasieratik aitak badauka beraz bere lekua, eta behin umetxoa jaiotzen denean ez du bere lekua bilatu beharrik”. Aldiz, gero eta bikote gehiago topatzen ditu “deskonektaturik”: “Gure gorputzetik eta bikotetik deskonektatuak gaudenean ez dugu gure lekua topatzen, eta arazo horiek prebenitu egin litezke emozioak landuz”.
Aurretik, haurdunaldian zehar, eta ondoren. Hiru atalen inguruan egiten dituzte haptonomia saioak. Lehenik eta behin, lotura afektibo sakona lantzen dute. “Ukimenaren bidez egingo dugu lana, baina hau ez da teknika bat, ez mugimendu automatiko batzuk ikastea; baizik eta umearekin komunikatzea gure eskuen bidez, bihotza eta arima gure eskuetan jarriz umeari maitasuna, segurtasuna eta hurbiltasuna ematea da gakoa”. Ernaldiko oso etapa goiztiarretik umetxoak ukimenaren zentzumena garatua dauka, eta beraz, laztanekiko sentibera da. Umearekin komunikatzeko, alabaina, lehenengo bikotearen arteko harremana lantzen da. “Ikaragarria izaten da gurasoek nola lortzen duten eguneroko bizitzarekin deskonektatzen eta euren emozioekin konektatzen ikustea”.
Bigarrenik, behin beste gurasoak amaren sabelera hurbiltzen ikasi duenean, jarrera hori baliatzen dute amak haurdunaldian zehar izan di-tzakeen min eta zailtasun fisikoetan laguntza emateko. “Aitak ez dizkio masajeak soilik ematen amari, ematen dion babesa eta laguntza askoz sakonagoa eta afektiboagoa da”.Artikulazioen, lotailuen eta giharren elastizitatea bilatzen da, eta honek haurdunaldiari ongizatea ekartzen dio, tentsioak eta molestioak arin-tzen laguntzen baitu.
Erditzea ere lantzen dute bikoteek haptorerapeutarekin, nahiz eta ez den ohiko prestakuntza bat. “Erditzean afektuak oinarri izaten jarrai dezan, bakoitzak zer egin dezakeen jakitea oso garrantzitsua da, umeari mundu berri honetarako bidea erakusteko”. Erditzeak diren bezala izanik ere —etxean, ospitalean; epiduralarekin, gabe; zesarea bidezkoa...— kontzientzia handikoak izan ohi direla dio Elordik: “Hirukotearen lotura landu dutenez aurretik, umea akonpainatua izan dadin lagunduko dugu uneoro”.
Behin haurra jaiotzen denean ere, lehen urtean hainbat saio egiten dituzte umearekin, “haurrak hasieratik jaso du babesa, gidatua sentitua da, maitatua eta desiratua. Erditzerakoan gurasoak hor egon dira, presente, eta lehen urtean, autonomo izan arte, saio batzuk egiten ditugu gurasoek segurtasun hori ematen jarrai dezaten”.
Haptonomia saioak indibidualki egiten dira, ez taldean, “oso emozionalak izaten dira taldeak, eta intimitatea gorde behar da”. Haptoterapeutarekin egiten diren zortzi-bederatzi saioetatik harago, bikoteek etxean egunero denbora bat har-tzea beharrezkoa da elkar ukitzeko, haurrarekin komunikatzeko eta haurdunaldia sentitzeko. Saio horietan hasten dira haurrak gurasoen laztanei erantzuten.
Saioak, normalki umetxoaren mugimenduak hasten direnean hasten dira, baina aurretik ere egin liteke, baita haurdun gelditu aurretik ere, uteroa prestatzeko eta kontaktuaren bidez goxotasuna hartzeko. “Haurdun gelditzeko arazoak dauden kasu batzuetan, barruko tentsioak daudelako izaten da, eta haptonomiak erlaxazio maila handia lortzen laguntzen du, fisikoki eta emozionalki lantzen baita gorputza, eta giharrez gain, gorputzeko atal sakonagoetan eragiten da”.
Haptonomia ez da oso zientzia ezaguna Euskal Herrian —dozenatik behera haptoterapeuta formatu daude Euskal Herrian—, baina 50 urtetik gora dira Frans Veldman herbeherearra gerra ostean haptonomiaren bidez laguntza ematen hasi zela. Gerra ostean, dena galduta eta egoera miserablean zeudenei euren eskuekin, gertuko pertsona maiteari babesa eta segurtasuna transmititzen irakatsi zien. Gaur egun pil-pilean dago Europan, hala nola, Suedian, Alemanian edota Herbeheretan, eta herrialde batzuetan gizarte segurantzaren barruan egiten du haptoterapeutak haurdunaldiaren laguntza.