Haurrari arreta mantentzea kosta egiten zaionean edo oso mugitua edo inpultsiboa dela ikustean, sarri alarma pizten da: hiperaktiboa izango ote da? Nahastea zer den argitzea beharrezkoa da detektatu ahal izateko, edo guztiz baztertzeko.
A rreta Gabezia Hiperaktibitatearekin Nahastea hobeto ezagutzeko, Mikel Haranburu EHUko Psikologia Fakultateko irakaslearengana jo dugu. Lehen lehenik, etiketak kentzea beharrezkoa dela argitu digu: ezaugarri berezi batzuk dituzten haurrak identifikatzeko eta haien tratamendua errazteko adituek erabiltzen duten terminoa da ‘hiperaktibitatea’, eta ez ingurukoek umea sailkatzeko erabili beharko luketena.
Zer da Arreta Gabezia Hiperaktibitatearekin Nahastea (AGHNa)?
Hiru bereizgarri nagusi ditu:
1) Arreta gabezia: aztertu behar
diren egoeretan arreta luzaz mantentzeko zailtasuna dute haur hiperaktibo eta arreta gabeek. Ikusten edo entzuten dituzten gauzetan denbora laburrez arreta jartzeko gai dira, batez ere kinadak berriak direnean; baina ez dira gai arreta luzaz mantentzeko, batez ere gaiak ezagunak edo errutinazkoak direnean.
2) Hiperaktibitatea: gehiegizko mugimen jarduera dute: normala dena baino askoz gehiago mugitzen dira eta mugimendu horiek ez doaz helburu bat lortzera zuzenduak. Mugitzeagatik mugitzen dira.
3) Inpultsibitatea: erabaki bat hartu behar dutenean edo zerbait esan behar dutenean ez dute gogoetarik egiten. Pentsatu baino lehen ekiten dute edo eginda gero pentsatzen dute. Txandari itxoiteko zailtasuna dute.
Hiperaktibitatea, inpultsibitatea eta arreta gabezia proportzio ezberdinetan konbinatzen dira nahastearen baitan. Horrela, gerta daiteke hiperaktibitate-inpultsibitatearen nagusitasuna duen nahastea, arreta gabeziaren nagusitasuna duena edo konbinatua.
Zer nolako maiztasuna dauka nahasketa horrek?
Osasunaren Munduko Erakundearen arabera, ehun umetik batek dauka Arreta Gabezia Hiperaktibitatearekin Nahastea, eta Elkarte Psikiatriko Amerikarraren (EPA) arabera,
% 3-5 arteko maiztasunarekin gertatzen da —diagnostiko irizpide zorrotzagoak erabiltzen ditu OMEk eta horregatik gertatzen da maiztasunaren diferentzia—. Bestalde, mutilen artean maizago gertatzen da hiperaktibitate-inpultsibitate nagusitasuna duen nahastea. Nesken artean maizago gertatzen da arreta gabeziaren nagusitasuna duena. Oro har, nahaste konbinatua da maiztasun gehiena duena.
Nork detektatzen du eta nork diagnostikatzen du nahaste hori?
Gurasoak eta irakasleak izaten dira arazoaz lehenik konturatzen direnak. Nahastearen diagnostiko zehatza neurologoek, psikiatrek edo psikologo klinikoek egiten dute, baina diagnostiko fidagarriena diziplina ezberdinetako adituek lankidetzan egiten dutena da.
Nahaste hau diagnostikatu ahal izateko, EPAren arabera, Arreta Gabeziaren 9 sintometatik gutxienez 6 agertu behar ditu haurrak eta/edo Hiperaktibitate-Inpultsibitatearen 9 sintometatik gutxienez 6 agertu behar ditu etxean eta ikastetxean, gutxienez sei hilabetez, eta nahasteak haurraren garapen normala eragotzi behar du. Kaltea eragiten duten hiperaktibitate-inpultsibitate edo arreta gabeziaren sintoma ba-tzuk 7 urte baino lehen agertu behar dute.
Nahaste hori duenak beste nahasterik edukitzen al du?
AGHNa duenak sarritan jasaten du beste nahasteren bat ere, hala nola, barne-herstura, depresioa, Tourette-en sindromea, ikaskuntza nahasteak, substantzien abusua, nahaste negatibista, portaera nahastea edo autismoaren espektrokoren bat.
AGHNa noiz gainditzen da?
Tratamenduaren arabera, garapen bat edo beste izango dute hiperaktiboek. Tratamendu egokia goiz hasten dena eta diziplina anitzeko ikuspegi batetik egiten dena da. Edozein modutan, haurtzaroan arazo hori duten haurren ehuneko handi batek arazo berarekin jarrai-tzen du nerabezaroan eta, proportzio txikiagoan bada ere, arazoarekin jarraitzen du helduaroan. Hori bai, nerabearen eta helduaren sintomak ez dira haurrarenak bezain nabarmenak izaten: beren mugimenduak gehiago kontrolatzen dituzte eta barneko egonezina, asaldura edo arreta gabezia agertzen dituzte.
Zer arazo sortzen ditu AGHNak ikasketetarako?
AGHNa duten haurrek kontzentratzeko eta arreta mantentzeko arazoak dituzte. Erraz aspertzen dira eta lanak erdibidean edo erdi bukatuan uzten dituzte. Funtzio kognitiboak kontrolatzen eta arau-tzen dituzten funtzio exekutiboen gabeziak dituzte. Diskronia dute: lana denboran zehar planifikatzeko arazoak dituzte. Ondorioz, eskolako emaitzak sarri ez dira onak izaten, adimen normala edo altua izan arren.
Hiperaktiboa izatea beti txarra da?
Edison genea edo AGHNaren genea duten pertsonak asmatzaileak, berritzaileak eta aitzindariak izaten dira sarritan. Pertsona ospetsu asko izan dira hiperaktiboak: Mozart, Jim Carrey, Michael Jordan, Thomas Edison, Van Gogh, Winston Churchill, Bill Gates.
Zer tratamendu erabiltzen dira AGHNa tratatzeko?
Tratamendu biologikoaren aldekoek anfetaminen familiako farmako kitzikatzaileak (Ritalin, Concerta) edo antidepresiboak (Norpramin, Tofranil) erabiltzen dituzte. Baina, sendagai horiek albo-efektu kaltegarriak eduki ditzakete eta denbora luzez esperimentatu behar izaten da bakoitzarentzat dosi egokiena zein den jakiteko. Sendagaia erabiltzeak eragin positibo batzuk eduki badi-tzake ere, estimulatzaileek ez dute epe luzerako hobekuntzarik eragiten; sendagaia desagertzean haren efektuak ere desagertu egiten dira eta haur askok ez dio sendagaiari erantzuten.
Portaeraren tratamenduan kanpoko estimuluak eta errefortzuak erabiltzen dira hiperaktiboaren portaera aldatzeko (fitxen teknika, kontingentzien kontratua).
Tratamendu kognitiboa: pertsonaren barneko kognizioak aldatzen dira eta funtzio exekutiboak lantzen. Pertsonaren barneko edo sakoneko prozesuak aldatu nahi izaten dira, ingurune batean egindako hobekuntzak beste arloetara ere jeneraliza daitezen. Ekin aurretik, pentsatzen edo hitz egin aurretik gogoeta egiten irakasten zaio haur hiperaktibo-inpultsiboari. Haren arreta ez du unean-uneko bulkadak kontrolatu behar; arretaren kontrol exekutiboa lortu behar du.
Tratamendu kognitibo-emozionala: emozioak kudeatzen, emozioen intentsitate eta iraupenaren pronostiko egokia egiten eta irakasten zaio haur bulkadatsuari.
Nola antolatu behar da haur hiperaktiboaren ingurunea?
Haurraren ingurunea egituratu behar da: ordutegi erregularra ezarri, gelako gauzak eta jostailuak ordenatuta eduki. Jateko, lotarako eta etxeko lanak egiteko errutinak finkatu behar dituzte. Etxeko gortinen, oihalen, altzarien eta pareten koloreak erlaxatzaileak izatea haurraretzat lagungarria da.