Haur Hezkuntzako jardunaldietan hizlari izango da Teresa Neira.
Hezitzailea non haurra han izeneko jardunaldiak egingo ditu Hik Hasik azaroaren 28an eta 29an. Bertan, besteak beste, hizlari izango da Teresa Neira maistra eta formatzaile galiziarra eta jolas librea zein mugimendu autonomoa konstruktibismoaren markoan kokatuko ditu. Haurra ikaskuntzaren erdigunea eta protagonista dela dio, eta hezitzaileari haren bidelaguntza egitea dagokiola. Maistra grinatsu gisa aurkeztu du bere burua, oraindik ere entzuteko, ikusteko, partekatzeko, formatzeko eta dena dakiela ez sentitzeko beharrez jarraitzen duelako.
Jolas librea eta mugimendu autonomoa konstruktibismoaren markoan izenburua izango du jardunaldietan eskainiko duzun hitzaldiak. Zerk bereizten ditu praktika konstruktibistak eta konstruktibistak ez diren praktikak?
Moda handiko une batean gaudela ikusten dut, hezitzaileen praktikan batzuetan alderdi estetiko bat dagoela, eta hori garrantzitsua da, baina egiten ari garen aldaketa metodologikoaren gaineko hausnarketa arin batean baino ez da gelditzen. Konstruktibismoan izan dudan esperientziari buruz hitz egingo dut jardunaldietan eta hori ikasgelan nola garatzen den azalduko dut. Konstruktibismoaren oinarria da ezagutza ez dela transmititzen, baizik eta eraiki egiten dela. Eta ikuspegi hori da, hain zuzen ere, batzuetan huts egiten duena: ikasleak ez dira subjektu helduek ematen dugun informazioaren hartzaile pasiboak. Askotan badira konstruktibismoaren aterkiaren azpian egiaz instrukzio zuzena edo errepikapena praktikatzen dituzten proposamenak, eta ez da hori.
Hezitzaileek eta haurrek jolas librean eta mugimendu autonomoan zer posizio izan behar duten aztertuko da jardunaldietan. Zein izango dira zure hitzaldiaren gako nagusiak?
Nire hitzaldiaren ardatz nagusia umeen jakin-mina piztuko duten eta umeei erronkak jarriko dizkieten testuinguru aberatsak eta estimulagarriak nola sor daitezkeen azaltzea izango da. Umeak heziketa ekintzaren erdigunea izan behar du, ikaskuntzaren protagonista izan behar du. Jolasaren eta mugimenduaren bidez antolatzen dute pentsamendua, hipotesiak probatzen dituzte, autorregulatu egiten dira eta euren burua ezagutzen dute. Nik konstruktibismoari buruz hitz egingo dut eta azalduko dut nola bereiz dezakeen hezitzaileak egiten ari den horrek egiazki printzipio horiei erantzuten dien edo beste zerbait egiten ari den.
Izan ere, hori guztia gerta dadin egoera batzuk sortu behar dira, ez da magia, ez da ateratzen uzten diogula eta, besterik gabe, gertatu egiten dela, ez. Atzean hezitzaileen planifikazioa dago. Hezitzailea bitartekaria da, aldamioak eskaintzen dituen pertsona da eta hori modu planifikatuan eta modu antolatuan egin behar da. Hezitzaileak umeak behar dituen aukerak eskaini behar ditu eta beharrezkoa den unean laguntza pixkanaka kendu behar du umearen autonomia bultzatzeko. Presentzia izan behar du, material egokiak eskainiz, gida izanik… Umeek hezitzailearen begirada arretatsua, entzute aktiboa eta errespetuzko esku-hartzea behar dituzte.
Konstruktibismoaren oinarria da ezagutza ez dela transmititzen baizik eta eraiki egiten dela. Eta ikuspegi hori da, hain zuzen ere, batzuetan da huts egiten duena: ikasleak ez dira subjektu helduek ematen dugun informazioaren hartzaile pasiboak
Beraz, zein izango litzateke hezitzailearen posizioa? Zeren zuk diozun moduan, ez da gauzak besterik gabe gerta daitezen uztea, atzean planifikazioa dago eta baita garaiz erretiratzen jakitea ere.
Bai, jakina. Hezitzaileak giroa prestatu behar du eta bitartekari lana egin, bidean lagunduz eta esku-hartzea ume bakoitzaren beharren arabera doituz. Hezitzaileak umearen ongizatea bermatu behar du eta eskura egon behar du ikaskuntza errazteko, ez ezer inposatzeko. Estimuluak sortzeko eta ikasleen autonomia bultzatzeko helburuz, laguntza pixkanaka kentzen joango da une aproposa iristen denean. Hezitzaileak bitartekaria izan behar du, aldamioak eskaini behar ditu eta ikaskuntza gerta dadin baldintzak prestatuz, errespetuz jokatu behar du.
Hiru alderdi horiek sakonduko al zenituzke?
Hezitzaileak formazioa behar du eta planifikazioa oso garbi eduki behar du: zer nahi duen, zer bilatzen duen eta nola egin behar duen. Behatzen duen pertsona izan behar du, hausnartzen duena, entzuten duena eta proposamenen diseinua baloratzeko gaitasuna duena. Horrek guztiak ekarriko baitu —edo ez—, haurra gorputzaren eta jolasaren bidez adieraztea, heldua ondoan izango baitu gertatzen ari dena begiekin eta belarriekin irakurtzeko.
Hezitzaileak esku-hartzea doitzeko gaitasuna izan behar du eta, hori, hanka sartuz ikasten da. Umeen akatsak prozesuaren fase oso interesgarri baten gisan errespetatzen ikasiko dugun moduan, hezitzaileak ere hanka sartu behar du esku-hartzea doitzen ikasteko. Egiteko zaila da: nola utziko diogun umeari den modukoa izaten, baina hura inguratzen duten baldintzak kontrolatuz. Giro aberatsak eta seguruak diseinatzen jakin behar dugu, segurtasun marko baten barnean autonomia posible izan dadin.
Eta umeen gaitasunengan konfiantza handia izan behar dugu. Zeren batzuetan nahi dugun arren, egiazki, ez dugu haiengan konfiantzarik eta pisu handiagoa du gure esku-hartze kontrolatzaileak haien gaitasunetan konfiantza izateak baino. Umeek egiten dituzten keinu, mugimendu edo desplazamendu bakoitzak haien garapenean zentzu hezitzailea du eta ezinbestekoa da haiengan konfiantza izatea.
Hezitzailea bitartekaria da, aldamioak eskaintzen dituen pertsona da eta hori modu planifikatuan eta modu antolatuan egin behar da
Hezitzaileen esku-hartze kontrolatzaileak haurrenganako konfiantzak baino pisu handiagoa duela diozu. Hori, askotan, beldurrak eragindakoa izan daiteke, ezta?
Bai. Hezitzaileak ikasgelan egiten duenak bizkarrean daraman motxilari erantzuten dio. Nire ustez, gaur egun beldurra da emozio nagusia, bai familiengan eta baita hezitzaileengan ere: etorkizunari, orainari, konparazioei, segurtasunik ezari, haurrak haiengandik espero dena egitera iritsiko ote direnari beldurra. Eta beldurrak egiten dugun guztia baldintzatzen du: umeek mina hartuko duten beldurra, familiek zer esango diguten, lankideek zer esango diguten… Oso zurrunak diren egituretan egiten dugu lan, malgutasuna eskaintzeko aukera duen arren, eskola egitura zurruna baita. Bertan parte hartzen duten faktoreek elkar eragiten dute eta batzuetan kontrolatzaileak dira: programazioa, zuzendaritza taldea edota ikuskaritza gainetik ditugu, eta ondoan familiak eta lankideak izaten ditugu, baita zuzendaritza taldeak ere. Batzuetan oso zaila da umeei izaten uztea. Batez ere, sinetsi behar dugulako hasierako etapa horiek —non ez dituzten zure espektatibak erantzuten—, garapenerako oinarria direla. Zuk bidean lagundu behar dituzu, baina onartu behar duzu abiapuntua batzuetan zuri gustatuko litzaizukeen puntutik urrun dagoela.
Eta zein izango litzateke umearen posizioa?
Umea erdigunea eta ikaskuntzaren protagonista da. Konstruktibismoaren gakoetako bat da umea bere ikaskuntza eraikiko duen pertsona dela. Hezitzailearen begiradaren eta hezkuntza praktikaren erdigunea izan behar du, protagonista izan behar du. Helduak umeari bidean laguntzen dio, baina protagonista umea da. Helduak ezin du soilik umea zuzentzen duen esku-hartzerik egin, eta ezin du ikaskuntza soilik errepikapenen bidez bultzatuko duen esku-hartzerik egin. Mugimendu kognitibotik, hausnarketa kognitibotik eta garapen kognitibotik ikasten da. Askotan ez doa guk nahiko genukeen erritmora; izan ere, denak modu berdintsuan garatzea nahiko genuke, proposamen berdintsuekin, eta hori ez da gertatzen; hortxe dago aniztasunaren aberastasuna. Ez dira denak batera eta puntu berera modu berean iritsiko.
Nire ustez, gaur egun beldurra da emozio nagusia, bai familiengan eta baita hezitzaileengan ere: etorkizunari, orainari, konparazioei, segurtasunik ezari, haurrak haiengandik espero dena egitera iritsiko ote direnari beldurra. Eta beldurrak egiten dugun guztia baldintzatzen du
Zer-nolako garrantzia du jolas libreak umeen garapenean?
Nik uste dut jolas librea umeen ikaskuntzaren toki naturala dela. Jolasaren bidez garatzen dira irudimena, enpatia, gatazkak lankidetzan ebaztea edota pentsamendu sinbolikoa, eta ikaskuntza kognitiboak, emozionalak, sozialak eta motorrak integratzen dira. Konstruktibismoaren ikuspuntutik, jolasa errealitatearen esplorazio aktiborako forma bat da; munduari buruzko esanahiak eraikitzeko bide pribilegiatua. Umeak dena azalaren bidez, zentzumenen bidez jasotzen du, eta jolas librea oso garrantzitsua da. Hala ere, jolas libreak ez du esan nahi edonolako jolasa, kontsigna batzuk behar ditu: espazioak egituratua egon behar du, materialak oso planifikatuta, arriskurik gabeko mugimendua bultzatu behar du… Eta hori da, han zuzen ere, hezitzaileak egiten jakin behar duena.
Eta mugimendu autonomoak?
Nik uste dut mugimendu autonomoa ikaskuntzarako modu nagusia dela. Hitz egiten ikasi aurretik, haurrek gorputzarekin adierazten dituzte haien beharrak eta nahiak. Mugimenduaren bidez esploratzen dute, haien buruarengan konfiantza lortzen dute, oreka eta koordinazioa lantzen dituzte, mugak ulertzen dituzte… Eta horrek ez du desordenarik ekartzen. Hori azpimarratzea oso garrantzitsua iruditzen zait. Garapenaren erritmo naturalei errespetua izan behar diegu eta horiek ez dira denentzat berdinak, pertsona bakoitzak nortasun propioa duelako eta desberdintasun horiek baloratzen jakin behar delako. Marko konstruktibistaren barnean gorputza ez da ibilgailua soilik, baizik eta pentsamenduaren eta ezagutzaren iturria.
Konstruktibismoaren ikuspuntutik, jolasa errealitatearen esplorazio aktiborako forma bat da; munduari buruzko esanahiak eraikitzeko bide pribilegiatua
Hitz egin dezagun elkarri eragiteari buruz. Umeek ikasteko ezinbestekoa al da?
Elkarri eragitea oinarrizkoa da. Beste pertsonekin koordinatu behar duzun momentutik bertatik argudiatu egin behar duzu, solastu egin behar duzu, entzun egin behar duzu, pentsamendua antolatu behar duzu, zure interesak zein diren adierazi behar duzu, edota akordioak lortu behar dituzu. Ikaskuntza ez da indibiduala; kolektiboa gara, talde soziala gara, eta ideala da taldekatze modu desberdinak proposatzea, beti, proposamen eta jarduera guztietan: talde handian, txikian, bikoteka… Jakina, badira jarduera indibidualak egiteko uneak ere, baina ikaskuntza elkarri eragitean, kooperazioan sortzen da. Umeak banaka dauden ikasgeletan landu ezin diren balio asko daude: elkartasuna, enpatia, elkarlana… Besteekin kontaktuan ikasten ez uztea, haiek isolatzeko modu bat izango litzateke.
Horretarako proposamenak oso ongi diseinatu behar dira eta hezitzaileok planifikazioaren ardura izan behar dugu. Taldekatzeak egiten jakiteko eta egingo dugun proposamenaren helburuaren arabera izaerek bat egiten duten edo ez ikusteko. Batzuetan interesgarria izango da oso lasaia den pertsona bat aktiboagoa den norbaitekin jartzea, baina, beste batzuetan, izaera berdintsua duen norbaitekin egotea nahiko dugu, eta horretarako ezinbestekoa da elkarri eraginez ikastea. Ikaskuntza elkarri eragitea da eta eskolak ardura handia du horretan; eskola da, nire ustez, umeek elkarri eragiteko gaitasun handiena duen espazioa. Eskolatik ateratzen direnean elkarri eragite horiek behar bihur daitezen, eskolatik kanpora ikaskideak ikusten jarraitu nahi izan dezaten bultzatu behar dugu.
Gutxi elkartzen al dira haurrak kalean, eskolatik kanpo?
Elkartzen dira, baina uste dut oso modu zuzenduan eta planifikatuan elkartzen direla. Hori iruditzen zait. Helduek aukeratutako espazioetan elkartzen dira, segurtasun baldintza zehatzak betetzen dituzten espazioetan, esploraziorako gaitasuna mugatzen dutenak, garbiak direnak; lokatzik ez, urik ez… Umeek jakin-min handia dute, gauzak ukitu nahi dituzte, usaindu, probatu edo jan, eta eskolatik ateratzen direnean, kontrolpean egoten dira maiz: normalean, beti egoten da kontrolatzen dituen helduren bat, mugatzen dituena, lotzen dituena eta egin nahi dutena egiten uzten ez diena. Eta ez dugu horrelakorik nahi: ordu gehiago pasa beharko lituzkete familiarekin instituzioetan baino.
Garatzen goaz, hipotesiak aldatzen goaz eta ikaslea ahal duen puntura arte iritsiko da. Muga ez du hezitzaileak jartzen, ikasleak berak baizik
Zure hitzaldian landuko duzun beste ideia bat da nola egiten duten bat konstruktibismoak eta metodologia aktiboek. Azalduko al diguzu ideia hori?
Metodologia aktiboei buruz hitz egiten dugunean, akats bat dago; batzuetan pentsatzen dugu aktibitatea eskuak mugitzea dela soilik, eta aktibitatea kognitiboa ere bada: proiektuetan edota txokoetan oinarritutako ikaskuntza, adibidez. Ongi planifikatuta baldin badaude, konstruktibistak diren metodologiak dira, haurrei autorregulazio prozesu bat bizitzeko aukera ematen dietelako eta ikaskuntzaren eraikuntzaren bidez ikastea ahalbidetzen dietelako. Pertsona askok proiektuak egiten dituzte eta ez dakite horien atzean zer dagoen. Egia da baita ere, batzuetan zenbait kontzeptu gehiegi edo modu desegokian erabiltzen direla eta proiektuak egiten ari direla esan arren, ezkutuko fitxa bat egiten ari direla.
Metodologia aktiboak akatsa onartzen du. Akatsa pauso bat gehiago da ikaskuntzan eta “badakit zergatik ez duzun aurrerapausorik egiten, hemen dago zure akatsa” esateko balio behar dio hezitzaileari. Egoera aztertu behar dugu, baina proposamen irekiak dira, erantzun posible asko dituztenak, ez dago erantzun bakar bat. Garatzen goaz, hipotesiak aldatzen goaz eta ikaslea ahal duen puntura arte iritsiko da. Muga ez du hezitzaileak jartzen, ikasleak berak baizik. Horregatik egiten du bat konstruktibismoak metodologia aktiboekin.
Ikaskuntzarako hain beharrezkoa den inplikazio emozionala bultzatzen al da modu horretan?
Haurrak proposamen esanguratsuak egiten diren ikasgeletan baldin badaude, proposamenek haien interesekin konektatzen baldin badute, emozionalki inplikatzen dira eta hori ezinbestekoa da, emozio hutsa garelako. Inplikazio emozionala dagoenean eta ikaskuntzarekiko motibazioa dagoenean, zoragarria da. Eta zoragarria da umeei bidean laguntzea. Ez dago munduan gogobetegarriagoa den esperientziarik, frenatzen dituena zer den jakitea lortzen denean ikusten ditugun zorion aurpegiak baino. Horrek liluratu egiten nau.
Galdera laburrak
01.Eskola garaiko oroitzapen on bat? Lagunak eta jolasgaraia. 02.Eskola garaiko oroitzapen txar bat? Irakurketa eta idazketa prozesua. Irakurketa kolektiboei izua nien, ez nintzen erritmoa jarraitzeko gai, galdu egiten nintzen, zigortu egiten ninduten… Uste dut horregatik zentratu dudala nire esperientzia irakurtzen eta idazten irakasten, prozesuan bidelaguntza egiten eta errespetatzen. 03.Nolako eskola amesten duzu? Nekazal giroko eskola bat non umeek leihotik begiratu eta herriko jendea lasai ikusiko duten. Haurtzaroa errespetatzen duen eskola batekin. Eskola geldoa. 04.Zuretzat garrantzitsua den balio bat? Errespetua eta enpatia. Baita zoriontasuna ere. 05.Hezkuntzari buruzko film bat edo liburu bat? Myriam Nemirovskyren Sobre la enseñanza del lenguaje escrito y temas aledaños liburua eta El maestro que prometió el mar filma. |