Kaitin Allende | Irrati esataria eta bakarrizketagilea
Non dago umorearen muga? galdera egin izan digute askotan umorea egiten dugunoi. Non dago maitasunaren muga? Galdera hori ez da egiten, ezta beharrik ere, baina, aldiz, umorearekin bai. Muga, maitasunean zein umorean, bestearen askatasuna hasten den tokian dago, eta ez beste inon. Minik ez emateko maitatzen dugu, baina maitemina… hor dago koska.
Betidanik egin izan dut umorearen aldeko aldarrikapena, nire amarengandik datorkit barrea eragiteko indarra. Ama batentzat semea galtzea baino gogorragorik ez dago, eta nire neba Eneko hil zenean amaren bihotza puskatu zen. Eta hori gutxi balitz, ama gaixo dago, ezin du hitz egin, ezin du ibili, ezin du gorputzaren eskumako aldea erabili. Bai, ictus madarikatua eman zionetik gaixo dago. Hala ere, bere sena ez du galdu, tinko dirau, eta ez du umorea galdu. Amak irakatsi didan guztia, orain, nire semeari irakatsi nahi diot. Amarengandik datorkidan umorea partekatu nahi dut, jendea barrezka ikustea baino gauza zoragarriagorik ez dago munduan. Barrea eragitea gaitza da, errazagoa da negarra eragitea, baina nahikoa negar egin dugu, egiten dugu eta egingo dugu….beraz, zergatik ez barre egin?
Umorea oso terapeutikoa da, umorez denak hartzen du beste kolore bat, umorez mezuak urrutirago iristen dira, edota barrurago. Guztiok ikasi beharko genuke geure buruaz barre egiten, baina, horren aldean, sare sozialetan eskaintzen digutena jaten dugu, horretan inortxok ez du intolerantziarik edota alergiarik. Hainbat mezuk, muga guztiak gaindituta ere, ttak, guztia irensten dute batere graziarik egiten ez badie ere. Seme- alabek ere iturri horietatik edaten dute. Horrek ez dit batere graziarik egiten.
Guraso garenok badakigu heziketak ardura dakarrela, eta serioa dela. Seme-alabei zigorrak jartzen dizkiegu. Ez ahaztu, gure ardura ere badela ondo dagoena txalotzea. Seme-alabekin berba serio egiteko gai gara, beraz, ahalegindu gaitezen berri onak daudenean irribarrez partekatzen, umoreak zama arintzen baitu. Umorea da muga guztiak igarotzeko pasaporterik onena.
Azken bi urte hauetan ikaragarrizko indarra dugula ikasi dugu. Egun, ikasgai berri bati heldu beharko genioke; elkarri lagundu behar diogula, beraz, zergatik ez albokoari irribarretxo bat atera? (etxetik hasita).
Askotan barre egiten dutenek min gutxiago sentitzen dute, barreak serotonina eta endorfinak sortzen dituelako. Egin barre, ez dauka inolako albo-ondoriorik. Are gehiago: mina transformatzen eta indarrak hartzen lagunduko dizu.