JOXE MARI AUZMENDIREN LEKUKOARI JARRAIKI, EUSKAL HERRIKO HEZKUNTZA SISTEMA PROPIORANTZ URRATS BERRI BAT EMATEKO GARAI HISTORIKOAN EKARPEN ERAIKITZAILEAK EGITEA DAGOKIGU

Une honetan oso gogoan dugu Joxe Mari Auzmendi Hik Hasin. Eta ez bera hil zela bi urte pasa direlako soilik, baizik eta hezkuntza akordioa lortzeko bidea ireki delako Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Hik Hasiren sorreratik amesten zuen akordioak lortzearekin; “elkarrekin”, “elkartuko gara” eta horrelako esapideak ziren bereak. Guztiok bezala, berak ere bere pentsamenduak eta iritziak zituen, baina horren gainetik edo horrekin guztiarekin edonorekin elkartzeko eta elkarrekin bidea egiteko exenplua zen. Nora? Euskal Herri osorako euskal hezkuntza sistema propiora. Horretan eragiten aritu zen eta, orain, 30 urte geroago alderdi politikoek eman dute urratsa: adostasunera heltzeko eta oinarrizko hezkuntza akordio bat egiteko gai izan dira. Ez da guztiok amesten genuen akordioa izango, baina herri gisa adostasunera heltzea ez da makala; are gehiago, eraldaketarako oinarrizko eta funtsezko abiapuntua da. Alderdi politikoek oinarrizko akordioa aurkeztu dute, eragileek ekarpenak egin, eta orain, herritarrok eraiki behar dugu. Prest egon behar dugu orain arte egindako urratsen atzetik beste bat egiteko. Ez dezagun lehen unetik kontra egin, eman diezaiogun aukera abagune honi. Denborak esango du zer emango duen, baina une historiko hau ilusio garaia da. Guztioi dagokigu orain ekarpenak egitea; ekarpen eraikitzaileak, lubakietatik atera eta herri ikuspegitik heldutasunez erantzutea eta eraikitzea. Oraingo hezkuntza ereduek ez gaituztelako asetzen, herren daudelako, itoginak dituztelako teilatuko leku askotan. Argi dago adostasuna lortzeko eta eraldatzeko saiakera egin behar dela eta badago horretan lagundu dezakeen faktore bat: ikasleak. Jar gaitezen ikasleen lekuan. Zer da hoberena ikasleentzat? Hasi ratioetatik eta titulartasuneraino, euskaratik eta euskal curriculumetik pasaz. Zertarako nahi dugu hizkuntza eredu orokortua? Ikasle guztiek bi hizkuntza ofizialetan erraztasunez komunikatzeko eskubidea izan dezaten. Titularitateak hainbesteko garrantzia al du ikasleak ongi baldin badaude? Nola eragiten die irakasleen egonkortasun ezak? Herri ikuspegia garatzeko ezagutzarik jasotzen al dute? Bizikidetza lehenetsiz eta aniztasunean hezten al dira? Guztiek al dute aukera-berdintasuna? Erantzun diezaiegun galdera horiei ikasleen lekuan jarrita, eta horrek gure arteko desadostasunak gainditzen lagunduko digu, edo beharko liguke.


Argi dago Euskal Errepublika behar-beharrezkoa zaigula hezkuntza sistema burujabe bat erdietsiko badugu

Nora Salbotx