Arantxa Urbe Irazusta irakaslearen iritzi artikulua.
Gaur egun tristea da hezkuntzako familia handi hau osatzen dugunontzat. Oiartzungo (Gipuzkoa) Urmendi Udal Ikastola Partzuergoa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Haurreskola Partzuergoak irentsi du. Ez du, ordea, bere horretan bereganatu: 0-3 zikloa puskatu eta 0-2 urte tartea interesatu zaio, soilik. Horrela, Oiartzunek erakutsi duen azken erresistentzia gaindituta, 2024ko azaroan Hezkuntza Sailak aldebakarrez hasi zuen prozesuari amaiera eman, eta bere plana burutu du: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 0-3 zikloa suntsitu da eta pastela banatuta geratu da: 0-2 Haurreskolak Partzuergorako eta 2-3 ikastetxeentzat. Kito.
Zergatik? galdetzea soilik geratzen da. Haurrei eta haien garapenari, familiei, komunitateari, pedagogiari eta sen onari begiratu diet eta ez dut argudiorik topatu.
Oiartzungoa herritik sortu eta ia 30 urtez ondu den esperientzia eredugarria izan da. Herriko bi ikastetxeen eskariz –Elizalde Herri eskola eta Haurtzaro ikastola–, Udalak hezkuntza ordenatzeko urrats bat aurrera egin eta Udal Eskola Publikoa deitu zuten egitasmoa diseinatu zuen herriko ikastetxeekin, eragileekin eta Siadeco ikerketa elkartearekin. Helburua, Oiartzunen, Udalaren babesean, hezkuntza eskaintza euskaldun bakar, publiko eta doakoa antolatzea zen: 0-18 urte arteko herritarrentzat, Lanbide Heziketa barne.
Haurtzarok bat egitea erabaki zuen; ez ordea Elizaldeko klaustroak eta gurasoek. Udalak beste urtebeteko epea eman zien. Artean, ez du erantzunik jaso.
Porrot hartatik sortu zen Urmendi 1999an. 0-3 etapa antolatu zuen Udal eredu publiko, euskaldun, deszentralizatu eta herritarra, sukaldea ere bertakoa zuena. Udal haur eskolak, ikastolak eta herrian zeuden bi haur eskola pribatuek bat egin zuten. Elizaldek kanpoan geratzea erabaki zuen. Ordutik, Urmendiko profesional talde sendo eta bertako beharrei erantzuteko ongi formatuak, tokiko egitasmo pedagogiko egonkor eta hamaika lekutan laudotua garatu du.
Herritarrek sortutako Urmendi beti herri. 0-3 bizirik plataformak eta Udalak amaiera arte borrokatu dute haurrentzako eta herriarentzako dagoeneko baduten kalitatezko hezkuntza ereduaren defentsan. Izan ere, egitasmo pedagogiko on bat edukitzea ez baita zorte kontua edo luxua: eskubidea da. Hezkuntza Sailak, baina, muzin egin dio ereduan sakontzen jarraitzeko elkarlan deiari.
Bihartik aurrera zer irabaziko dugu Urmendi deseginda? Garbi daukat, aitzitik, zer den galduko duguna. In memoriam.