Arantxa Urbe Irazusta irakaslearen iritzi artikulua.
"Umiei euskeraz irakurtzen erakusteko idaztia”, Xabiertxok, 100 urte bete ditu eta urteurrenaren karietara argitaratu dute berriro. Ume haietako batzuk izan ginen gu; frankismo aurreko eta ondorengo ikastoletan, hamarkadetan, Xabiertxorekin irakurtzen ikasi genuenak euskaraz, alegia. Euskararekin eta Euskal Herriarekin zerikusia zuen ia guztia debekatua zen garai hartan, zorte handia izan zen gure lehen liburu hura euskaraz izatea. Gure etxekoa, amak mimo handiz gorde zuen alea, 1967an egindako “irugarren argitaldia” da.
Izan ginen ume batzuk Xabiertxoz gain, beste hiruzpalau liburu behar izan genituenak irakurtzen ikasteko. Hala ere, itxura guztien kontra, oroimen kutunak sortarazten dizkit eta kariñoz gordetzen dut. Akaso Xabiertxoren jakin-min begi biziek harrapatu gintuzten, Xabiertxo bat, gero beste bat, gero beste bat... amaigabea atzeman zitekeen segida magikoan geratu ginen kateatuta.
Haur-amnesiaz egindako ikerketen arabera, 7 urte baino lehenagoko bizitzaz ia ez omen gara oroitzen. Ongi gogoan dut, ordea, nola 5 urteko gelan umeak lurrean eseritzen ginen “apatxeak” bezala, aulkian eserita zegoen andereñoren bueltan, bakoitzak gure liburua genuela. Bi jolas izaten ziren han, aldi berean. Alde batetik, andereñok asmatutakoa, ofiziala: gutako bakoitzaren izena esaten joaten zen, bere aurrera joan eta hatzez seinalatutako letraren izena esan behar izaten zena. Orduan hasten ziren komeriak. Batzuk dardarka hubiltzen ginen, hatz puntak seinalatutako marrazki arraro hura dezifratu ezinik. Beste alde batetik, guk asmatutakoa, klandestinoa. Izan ere, guk bagenuen Xabiertxo eta gure arteko jolas partikularra: inguruko batek Xabiertxo zabaldu eta segidan zabaltzen genuen besteek ea nork orrialde bera atera. Gure jolasak ez zuen letren premiarik, marrazki eder haiek pista ona ziren. Apenas irabazi nuen sekula gure jolas hartan ere, baina andereñoarena baino maiteagoa genuen.
Urtetara, niri egokitu zitzaidanean beste batzuei irakurtzen ikasten laguntzea —ordurako ikasia bainuen irakurtzen ikasi norberak ikasten duela— ohartu nintzen gure ezkutuko jolas hura andereñoaren haserrea pizteaz gain, irakurketa prozesuan identifikazioari eta diskriminazioari begira zein interesgarria eta baliotsua zen. Horregatik pentsatzen dut, jolas ari esker, ume moko haientzat “tortura” bilakatu beharrean gozamen eta oroimen onen iturri bilakatuko zela gure Xabiertxo.
Gure ume begi haietara, Xabiertxo gure gisako mutil kozkorra zen. Orain, azal gastatu ari so, egia esan, gezurra dirudi 100 urte bete dituenik galtza motz dun mutil kozkorrak. Bejondeiola!