UME BATEN ASKATASUNA TRANSMITITZEN DU OHOLTZA GAINETIK MAITEARROITAJAUREGI ‘MURSEGO’-K, “JOTZEN DUDANEAN NAHI DUDANA ETA NAHIDUDAN BEZALA EGITEN DUT, MUGETAN PENTSATU GABE”. HORREGATIK, MUSIKARIDAGOKIONEZ, UMEAK EZ MUGATZEA PROPOSATZEN DU. IA EGUNERO DAGOHAIEKIN, MUSIKA-ESKOLAN TXELOA IRAKASTEN DU; BI UME AUTISTEKIN MUSIKOTERAPIAEGITEN DU ETA ESKOLAK EMATEN DIZKIE BERE KONTURA HAUR TXIKIEI.ARGI DAUKA, “UME DENEI GUSTATZEN ZAIE MUSIKA; MUGITZEA ETA JOTZEA”.

Besteren musikak jantzi izan ditu Maite
Arroitajauregi ‘Mursego’-k (Eibar,
1977), Anarirekin, Xabier Montoiarekin
eta Lisabörekin, kasu. Baina beretik
sortzeko premia dauka. Bi disko egin
ditu bakarlari gisa, ‘Bat’ eta ‘Bi’. Orain
buruan haurrei zuzenduriko disko bat
egiteko ideia dauka. Sormena, mugimendua
eta adierazpena lantzen ditu
umeekin.
Umetatik, zeuk nolako esperientzia
izan duzu musikarekin?
Musika ikasten amarekin hasi nintzen
etxean, musika-irakaslea zen, baina
oso modu intuitiboan egiten zuen lan.
Solfeoa ikasten hasi nintzen amarekin,
eta gero musika-eskolara joan
nintzen, eta gero kontserbatoriora,
goi-mailako ikasketak bukatu arte.
Eskoletan nola landu izan duzu sormena?
Zero. Horrelaxe da: zero. Sormenari
ez zaio garrantzirik eman musika
ikasketa ofizialetan. Ikasten zenuen
notak irakurtzen, solfeoa, eta gero
instrumentua, teknika eta partiturak
irakurtzen ikasten duzu. Musika
irakurtzeko prestatzen zaituzte. Baina
ez zara sortzen ari, beti ari zara idatzitako
zerbait irakurtzen.
Orain zu zeu zara irakasle musika eskolan.
Txeloa irakasten dudanean saiatzen
naiz tarteka inprobisazioak egiten.
Baina normalean, musika-eskola ofizialetan
sormenak ez dauka lekurik.
Musikaterapia egiten dut bi haur autistekin,
eta hor adierazkortasuna eta
sormena da lan-tresna, inprobisatu
egiten dute. Umeak bere barrukoa
musikaren bidez ateratzea lortu behar
duzu, eta hor bai, hor sortzen ari dira
ehuneko ehunean.
Aparteko eskolak ere ematen dituzu.
Nola landu musika umeekin? Nola
landu sormena?
Mugimendua, adierazkortasuna eta
sormena lantzen dute musikarekin.
Utzi egiten diet musikarekin nahi duten
hori egin dezaten, mugatu gabe,
beti ere errespetu baten barruan.
Eurek nahi dutena jotzeak oso ondo
funtzionatzen du txikiekin. Zarata
asko egiten dute, bai, baina egin egin
behar dute. Adibidez, nik pianoan
zerbait erraza jotzen dut, eta beraiek
txirula edo perkusioa hartu eta nahi
dutena jotzen dute. Eman edozein
tresna eta dantzan edo jotzen hasiko
dira oso-oso txikitatik, eta erritmoa
oso-oso ondo eramaten dute. Tempoa,
pultsua oso ondo eramaten dute.
Pista batzuk edo eredu batzuk ematen
badizkiezu, lagunduko diezu umeei:
fuerte edo suabe jotzeko esanda,
adibidez, lagunduko diezu. Edo, mugimenduarekin
ere, nik eredu bat ematen
diet, ni hasten naiz mugitzen eta
gero eurek kopiatzen dute. Oinarri bat
ematen diet gero eurek egin dezaten,
eta ikusten da ez dela berdina zelan
mugitzen diren kurtso hasieran eta
zelan kurtso bukaeran. Saiatzen naiz
gauza desberdin asko egiten, eurek
oinarriak eta materialak izan ditzaten.
Euren barrutik atera ahal izateko neuk
eman behar dizkiet pista batzuk.
Ze instrumentu dira onak umeekin
musika lantzen hasteko?
Etxean teklatu txiki bat, txirula eta
danbortxo batzuk edukitzea ondo
dago hasteko. Bestela, ezer ez badago,
eskuekin eraman daiteke erritmoa.
Soinua ateratzen den edozer gauza
ona da, erritmoa landuko dute. Eta
kantatu, kantatu asko etxean.
Zer helbururekin egiten dituzu ariketa
horiek?
Umeak hain txikiak direnean, musikarekin
gozatzea da nire helburua;
mugitu daitezela, adierazi… eta baita
ere tresnak jasotzea. 2 urtetik beherakoekin
sormena baino gehiago
adierazkortasuna lantzen dut. Poliki,
bizkor, fuerte, suabe, altu, baxu… horri
oso ondo erantzuten dio oso txikia den
ume batek. Nota altuak dira txoritxoak
eta baxuak, berriz, elefanteak dira, eta
eurek gorputzarekin adierazten dute
jotzen dudan hori; adibidez, nota altua
jotzen badut, eurek txoritxoak
bezala eskuak jaso behar dituzte, eta
elefantea bada, lau hankatan jartzen
dira… Jolasten duten bitartean ikasten
ari dira, zeharka beltzak eta kortxeak
sartzen dizkiet, adibidez. 5 urtekoekin,
erdi jolasean notak sartzen hasten
gara, noten historia eta non bizi diren
kontatzen diet. Eta behin hiru nota
dakizkitenean, has daitezke inprobisatzen.
Kontzertu bat eskaini duzunean umeentzat,
umeek nola erantzuten diote
zuk jotzen duzun horri?
Oso ondo. Kontzertu arruntetara ere 

etortzen dira umeak, baina eurentzat
prestaturiko kontzertu batean kontuan
hartu behar duzu ume bati ezin
diozula oso kantu luzea eskaini, egitura
errepikakorra egin behar duzula,
letra ere kontuan izan behar duzu,
instrumentu asko sartzea, bisualki ere
prestatu behar duzu. Batez ere eurek
parte hartzea bultzatu dut, globoekin
eta dantzekin. Umeak ez dira hartzaile
hutsak, sortzaileak eta egileak dira.
Askoz hobeto pasatzen du haurrak
berak bizi duenean egiten ari den hori,
gehiago gelditzen zaio eta gehiago
ikasten du.
Ezaugarri bereziak izan behar ditu
umeentzako eginiko musikak?
Ez dut uste, izan behar zara kontziente
ume baten aurrean zaudela, eta
ume baten psikologia kontuan izan
behar duzu. Kantuak itsaskorragoak
izan behar dira, egitura sinpleagoa
eduki behar dute, hitzak eurei egokitu
behar zaizkie, adibidez, animaliak maite
dituzte! Edo asmatutako hizkuntza
eta onomatopeiak erabiltzea…
Gaur egun oholtzan transmititzen duzun
espresibitate horretara nola iritsi
zara?
Oso musikazalea naiz, baina kontserbatorioan
musika mota bat ikasten
nuen, musika kultua deitzen zaiona.
Nerabezaroan bestelako musikarekin
identifikatzen zara, rockarekin,
edo kultua ez den horrekin. Bestelako
musika sortzera eraman nau
jakin-minak. Konturatzen naiz beti
partiturak irakurtzen aritu naizela, eta
neure musika egiteko beharra eduki
dut, eta daukat. Sormenarekin lehen
kontaktua musika jarri eta gainetik
konponketak ateratzea izan zen,
inprobisatzea, jotzea. Hurrengo pausoa
talde desberdinekin jotzen hastea
izan zen, eta kantuak grabatzea.
Gero zuzenean hasi nintzen Anarirekin.
Beste talde batzuekin jotzen ari
zarenean, beste horrek egindako kantu
bat laguntzen ari zara, txeloarekin
beste kolore bat ematen. Baina hori
ez da zure kantu bat. Anarirekin jotzeari
utzi nionean pena eman zidan,
publikoaren aurrean jotzeak ematen
zidan bizipoza desagertu egin baitzen.
Momentu horretan hasi nintzen zerbait
bakarrik egiten hasteari bueltak
ematen. Niretzat behar bat da sortzea.