Abestiak egileen eskutik jotzen ikasteko aukera
Abian da 'Motmo' izeneko plataforma digital berria. Nahi duen orok eskuragarri ditu plataforma horretan hainbat euskal musika-taldek eta bakarlarik sortutako abestiak. Egileek abestiak nola jotzen dituzten ikusteko eta ikasteko aukera ematen du webguneak, eta baita partitura originalak eskuratzekoa ere. Gitarra, baxua eta ukelelea jotzeko argibideak jaso daitezke oraingoz, baina aurrerantzean katalogoa zabaltzeko asmoa dute. Euskal musika eta euskal kultura Euskal Herrian ez ezik mundu osoan zabaltzeko asmoz jaio da plataforma berria.
Jatorrizko artisten eskutik euren abestiak jotzen ikasteko aukera eskaintzen du Motmo plataforma digitalak. Partitura originalak eskaintzen dituzte, eta abestiak bere horretan jotzeko aukera ematen dute, diren moduan, proiektuaren sortzaile den Bruno de Zabalak azaldu digunez: “Partiturak ikasteko beste era bat sortu dugu”. Ideia berria da: inork ez zuen halakorik eskaini orain artean. “Otsailean hasi ginen lehen grabaketak egiten. Bi abesti grabatu genituen Hesian taldearekin. Egindako lana hainbat artistari erakutsi genien, gure asmoaren berri emateko eta merkatuak halako produkturik nahiko ote zuen aztertzeko. Erantzuna eta harrera ikusita, proiektua aurrera ateratzea erabaki genuen. Abian da 'Motmo' izeneko plataforma digital berria. Nahi duen orok eskuragarri ditu plataforma horretan hainbat euskal musika-taldek eta bakarlarik sortutako abestiak. Egileek abestiak nola jotzen dituzten ikusteko eta ikasteko aukera ematen du webguneak, eta baita partitura originalak eskuratzekoa ere. Gitarra, baxua eta ukelelea jotzeko argibideak jaso daitezke oraingoz, baina aurrerantzean katalogoa zabaltzeko asmoa dute. Euskal musika eta euskal kultura Euskal Herrian ez ezik mundu osoan zabaltzeko asmoz jaio da plataforma berria. Apiriletik aurrera hasi ginen talde gehiagorekin grabatzen, eta jada 40-50 talderen grabaketak bildu ditugu”, azaldu digu de Zabalak. Normalean, musika-taldeek lau abesti jotzen dituzte musika-tresna bakoitzeko. Orain, Huntza, Dupla eta Bulego taldeen abesti berriak grabatu dituzte, eta, diskoa kaleratzen duten egun berean, erabiltzaileek abesti berrien partiturak eta argibideak eskuragarri izango dituzte webgunean.
Hutsunea betetzeko asmoz
Bideoak, partitura ofizialak eta elkarrizketa esklusiboak aurkituko dituzte Motmo plataformaren erabiltzaileek. Elkarrizketa bereziak dira, eta normalean egiten ez zaizkien galderei erantzuten diete artistek: galdera teknikoagoak izaten dira, musika-tresnekin lotutakoak nagusiki. Arlo honetan hutsunea zegoela ikusita erabaki zuten egitasmoa abiatzea: “Youtuben bideoak eta tablaturak badira, baina, gure ustez, oso zaila da partitura horiek onak izatea. Abestia egileak berak jotzen duenean, ordea, jada ez dago zalantzarik: jotzeko modua hori da. Akordeak horiek dira”, adierazi du proiektuaren sortzaileak. Irailean abiatu zuten plataforma, eta, oraingoz, ez dute erabiltzaile askorik. “Gaur egun, hainbat abestiren akordeak eta partiturak erraz aurki daitezke Interneten. Kontua da akatsak izaten dituztela. Jendeak denbora beharko du partitura originalak izatea merezi duela konturatzeko, eta harpidetuko direla uste dugu”, esan digu de Zabalak. Izan ere, Motmo plataforma erabiltzeko, 5 euroko kuota ordaindu behar da hilero.
Artistak gustura
Hainbat artistarekin eta talderekin jarri dira harremanetan egitasmoa abian jartzeko. Eta musikagileek ideia berriari gogoz heldu diotela aipatu du de Zabalak: “Esan ziguten batzuetan jendeak idazten diela abesti jakin bat ikasi nahi duela esanez, baina ez dutela tablaturatik aurkitzen. Egileek normalean ez dute halakorik eskaintzen, denbora asko eskatzen duelako. Orain, ordea, hainbat artista biltzen dituen plataforma badagoenez, errazagoa da lan hori egitea. Artistei asko gustatzen zaie euren abestiak erakustea, euren lana zabaldu nahi izaten dutelako”. Oraingoz gitarra, baxua eta ukelelea jotzeko tablaturak eta abestiak eskaini dituzte, baina eskaintza zabaltzeko asmotan dira aurrera begira: “Hurrengo hilabeteetan, teklatuekin hasiko gara, eta haizetresnak sartuko ditugu: tronpeta, saxofoia… Trikitia ere sartu nahi dugu, eta, urtebete barru, bateria ere bai”. Astero, lau edo zortzi abesti berri sartzen dituzte katalogoan, eta nabarmen zabaltzen ari da: ehun abestirekin hasi ziren irailean, eta abenduan, ia berrehun egongo dira eskuragarri. Datorren urtearen amaierarako, 500-600 abesti izatea espero dute. Euskal Herrian hasi dira, baina, pixkanaka-pixkanaka, mundura zabaltzeko asmoa du Motmo plataforma digital berriak. Euskal musika eta euskal kultura zabaltzeko bidea izango da Motmo, munduko edozein txokotatik euskal kantak ezagutzeko eta jotzen ikasteko aukera eskainiko baitu. Euskal Herritik mundura eta mundutik Euskal Herrira begiratzeko leihoa izan nahi du plataformak.
'www.motmo.pro'
Taldeak: Baldin Bada, Dupla, Hesian, Enkore, La Topadora, Modus Operandi, PI L.T., SuaSkakeitan, Vendetta…
Bakarlariak: Keu Agirretxea, Sara Zozaya, Olatz Salvador…
Musika-tresnak: gitarra, baxua eta ukelelea. Aurrerago, teklatua, tronpeta, saxofoia, trikitia eta bateria sartuko dituzte.
Materiala: egileek eurek jotzen dituzten abestiak, tablaturak eta elkarrizketa esklusiboak.
Harpidetza: 5 euro hilean.