Maite Franko | Ipuin-kontalaria
Ipuinez elikatu zen gure xapaburua amaren sabelean zela; ipuinez mundua ezagutu eta ipuinez ipuin hazi, herensuge irakurle aseezin bihurtuz. Hemen duzue gure ttikiak 9 urte hauetan ahora eraman dituen hainbat gozagarri (negritaz interesgarrienak-edo; barkatuko didazue izenburua baino ez jar-tzea, datu bibliografikoek leku asko hartzen dute eta. Adinei dagokienez, kontuan hartu gure umea gose handikoa dela eta horren ondorioz sarritan heldutasun maila altua eskatzen duten produktuak kontsumitzen dituela). Irakurrita, zein entzunda, beti ahoa zabalik gure ttikiak, istorioetan agertzen dena oso-osorik irentsi nahian. On egin!!
Xapaburu aroa (0-4 urte)
Xurrut! Bularra izugarri maite zuen gure xapaburuak; luze heldu zion elikagai honi (ia hiru urtez). Hasieran, aitak lana utzi eta Titiaren ekipoa antolatu genuen, Martxel nirekin ipuin saioetara etortzeko. Bularretik mintzora (honako hau CDa da, baina baita webgune eta egitasmoa ere) eta mintzotik bularrera egindako bidaian ez zitzaizkion sehaska kanta, olerki, abesti eta abarrekoak falta izan, Bulun-bulunka entzun zituenak, Olatz Zugastiren harpaz eta ahots lasaigarrian sarritan. Amatasunarekin, Maitasunaren paradisuan murgilduta sentitu nintzen, Labritek bere lehen diskoan abesten zuen bezala (bion ereserkia bihurtu zen kanta hori, hasieran; hormonak zer diren… Elkarrekin abesten genuen, gure ttikiak mimikaz). Liburuak ere zain zituen, ospitaletik iritsi ginenean. Hiru dinosauru txikik eman zioten ongietorria; txotxongiloak ipuinean agertu-desagertu jolas horrekin orduak pasa genituen. Gure xapaburuak liburuari zuzen hel-tzea lortu zuenean, berehala jabetu ginen burua erbiaren pare, baina gorputza dortokatxoaren abiaduran zebilkiola. Bizimodu lasaia aukeratua zuen gure ttikiak, helduon erritmo eroa baino. Barraskilo ote da? ‘Gauza bat iruditu baina beste bat izan’ dinamika horrekin txoratuta antzeko ipuinak bilatu genizkion, eta bera laster konturatu zen Piztia arraro bat zela, bi abiadurengatik eta baita, jakina, bere adinekoek ez bezala, hizketan oso zuzen eta irakurtzen ere oso goiz ikasi zuelako (ez dira egunero ikusten bi urteko umeak Euskarbel jolaseko hizkiekin hitzak osa-tzen). Gure piztia arraroari asko gustatzen zitzaizkion bukaerarik gabeko istorioak, piztiarena bezala, behin bukaerara iritsita, berriz hasierara eramaten zaituztenak (Lagundu!!! esango luke gurasoren batek akaso, ipuin borobilean bezala, non animalia guztiek elkarrengandik ihes egiten duten). Eta baita behin bukatu orduko, atzera egiteko aukera ematen dizutenak ere. Azken irakurketa-kontaketa modu hau, album askori bilatu genion (atzerako bidea nola justifikatu, kontalariak asmatu behar, hala ere!). Animaleko plazera sortarazten zion horrek, joan-etorriko bidaia behin eta berriro errepikatuz. Ilargi triste dago-rekin maiz egiten genuen, Ilargiari muxu emateko elkarren gainera igo diren animaliek alde egiteko aitzakia bana bilatuz.
Beldar gosetia-ren pare, hor jarraitu zuen gure xapaburuak, liburuei kosk eta kosk, tripa zorriak ezin baretuz, halako moldez non hizketan ere nabari zitzaion hauen eragina (hasieran, aditzak lehenaldian erabil-
tzen zituen beti). Ipuin klasikoak gosaltzeko (animalienak, hasieran); Pupuan trapua olerki bilduma eder, dibertigarri eta jostaria parkeko erorikoak gozatzeko; Mr Men & Little Miss hamaiketakorako, (frantsesez Monsieur Madame eta gazteleraz Don doña bildumak), aniztasuna lantzeko mundiala dena, bertan, pertsonaia xelebre hauetako bakoitza ezaugarri jakin batek bihurtzen baitu bakar eta erakargarri; Pipitaki asmakizun liburua bazkaltzeko, irudi zoragarri, lagungarri eta batzuetan desbideragarriak barne; Kokoriko bezalako txito txokolatezalearena meriendatzeko, tarta goxoa, baso arriskutsua, katu kaskamotzaren mehatxua eta guzti; Afaltzera etorri zen arkumetxoarena gauerako, ametsetan otsoa agertzen bazen, ipuinekoa bezain bihozbera izan zedin. Eta tartean, dibulgazio liburuak (Nire lehen aurkikuntzak, adibidez), entziklopedia txikiak (Animalia prehistorikoen entziklopedia, besteak beste) eta maketadunak (Dinosauruak, lana gida kuttunena). Menu anitza. Eta aniztasunaz ari garela, horra Buruko hura nork egin zion jakin nahi zuen satorra-ren ipuin txit ezagunak aniztasuna ze ongi lantzen duen, animalien kaka desberdinen bidez. (Ondoan Martxel dut, esanez: “ama, eta idatzi: kakaz ari garela, Kaka putza txapeldun!! Ez dut inoiz istorio dibertigarriagorik irakurri”. “Arrazoi, ttiki. Non ikusi da otso baten tripatik hitz egiten duen untxirik?”) Garai honen bukaeran, hainbat pelikularekin gozatu genuen, hala nola Lagundu!!!, Arraina naiz, Basoko izpiritua, Ice Age, eta Prop eta Berta.
Igel aroa (5-7 urte)
Denbora hartan antzerkilari, txiste kontalari, dantzari eta ipuingile bihurtu zitzaigun ordura arte nahiko lotsatia zen gure xapaburu gosetia. Eta zein musika talderekin zaletuko eta Gose-rekin, (IIIII diskoarekin, hain zuzen). Ez zen batere garai samurra izan, 5 urte bete berritan gurasook banandu baikinen, zaintza partekatuarekin banandu ere. Maitasunari buruz hitz egiteko aukera eman zigun egoerak, eta asko lagundu ziguten Dautremerren Enamorados bezalako lanek, umeen ikuspegitik egindako definizioak dakartzan album komiko bezain ederrak eta Led Zeppelin taldearen All of my love kantuak. Hala ere, aipatu bezala, tristurak ez zion alde artistikoaren garapena eragotzi, eta Antxume bizardunak erdi bana kontatu genuen bere gelakoen aurrean, pertsonaien ahotsak eta bolumenak lantzeko —antxume txiki, ertain, handi gehi ogroa— aukera paregabea eskaintzen duena. Aldi berean, txiste asko buruz ikasi zituen (Txisterik onenak eta Txisteak: adierazmena bultzatzeko tresna, elebitan azken hau). Mimika adierazpenekin, jolasen bidez zaletu zen (Party & CO Junior euskarazko bertsioa duen mahai jolasa, non antzeztu, marraztu, abestu, galderak erantzun eta definizioak egin behar diren; eta Pouet! Pouet!, mimika eta soinuak egiteko kartak). Sormenerako boladak Dixit (kartak eta taula dituen mahai jolasa) eta Story Cubes irudi-dadoekin jo zion (azken hori gai desberdinen ingurukoa izan daiteke). Hala ere, edozein elementuk pizten zion bonbila, baita Euskal Izenak, bere arreba txikiarena aukeratzeko erosi genuen liburuak ere (gero azkenean jaio ez zena; bitxia bada ere, haurdun gelditu orduko Katastrof izenarekin bataiatu zuen berak). Gauero, izen batzuk aukeratu eta atzean ze nolako “pertsonaia” egon zitekeen asmatzen genuen.
Herensuge aroaren hasiera (8-9 urte)
Azken urte honetan, herensuge bihurtutako gure xapaburuak, aurrean jartzen zaion ia guztia irensten du Zea Mays-en diskoen erritmoan. Orain komikiak (Asterix eta Obelix, batez ere), orain ipuin laburrak biltzen dituzten liburuak (Zer demontre dago aulki azpian, Minimalario), orain ipuinak olerkiekin tartekatzen dituztenak (Amaren ditizorroak), orain bildumak (Futboleroak, Mondrago, Hotzikarak, Harry Potter, Manolito Laubegi). Jolasei dagokienez, Bazen behin bizitza (giza gorputzaren inguruko mahai jolas kooperatiboa, maila desberdinak dituena, eta oxigeno burbuilak garraiatzea helburu duena), Badakit (Trivial moduko bat, maila desberdinak dituena), Times up (hitzen definizioarekin jolasteko baraja, txol dibertigarri eta dinamikoa; hitzak erdaraz datoz, baina oso erraza da euskarazko txartelak egitea edo zuzenean euskaraz jolastea) eta Timeline maite ditu (erdarazkoa azken baraja hau ere, historia lan-tzeko izugarri egokia, hainbat zientzia aurrerapen eta kultur ekoizpen dituena, eta dataren arabera ordenatu behar direnak).
Kitto, irakurle, ez dizut betekadarik eragin nahi. Gainera, Martxel dut ondoan berriz ere, gaueko bederatziak direla eta honezkero Manolito zain dugula esaten. Gaurkoan gure barre-algarek bizilaguna ez esnatzea espero dut. Zuk ere une goxoa izan dezazula zure ttikiekin literaturaren maindireen azpian zauden bitartean.