Haurdunaldia zaintzen laguntzen du yoga praktikak, balizko ondoezak prebenitzen, baina baita norbere gorputzaz, egoeraz eta haurraz jabetzen ere. Erditzeari begira eta erditze-osteari begira ere bidelagun ona da, Marta Higuera Donostiako Magale zentroko yoga irakaslearen aburuz.
Yoga konexioa da. Konexioa unibertsoarekin eta norbere buru eta gorputzarekin. Beraz, yoga baliabide bikaina da haurdunarentzat, bere gorputza eta gorputz barrenean duen pertsona sentitzeko. “Yoga beti da onuragarria, bizitzaren momentu guztietan”, dio yogako irakasle Marta Higuerak. “Yoga bizitza filosofia bat da, eta posturak egitea bakarrik dela dirudien arren, askoz gauza sakonagoa da, eta haurdunaldian, erditzean eta erditze-ostean asko lagundu dezake, norbere gorputza ulertzen eta konektatzen eta baita haurrarekin ere”. Haurdunaldia bizitzak ematen duen aukera bat baldin bada, haurdunaldi hori beste modu batean gozatzeko aukera ematen du yogak, Higueraren hitzetan.
Haurdunentzako yoga klaseak ematen ditu Marta Higuerak Donostiako Magale zentroan. Yogako prestakuntza Sadhana eskolan egin zuen lau urtez, eta ondoren, Viviana Tobi eta Dalila Warnerrekin ikasten jarraitu zuen, haurdunentzako yogan espezializatzeko. Eskola horiek izaera berezia dute, hasteko, bertan biltzen diren guztiak haurdun daudelako, eta yoga irakasleak azaldu duenez, horrek berak, giro berezia sortzen du: “Bizitzako momentu berezi horretan antzeko esperientzia bizitzen ari diren emakumeekin bizipenak partekatzea oso aberasgarria da. Talde horietan emakume batzuk haurdun gelditu berriak izango dira eta beste batzuk haurdunaldia aurreratuago dutenak, eta beraz, elkar elikatzen dira. Momentu horretan egiten diren harremanak oso bereziak dira eta emakumeen arteko sare hori oso garrantzitsua izango da gerora begira, erditze-ondoari begira”.
Kontzientzia hartzeko
Yoga gorputzaren eta buruaren arteko konexioa erdiesteko baliabide gorena izanik, haurdunari bizitzen ari den egoeraz kontzientzia hartzen laguntzen dio. “Haurdunaldiak opari asko eskaintzen dizkigu, geure gorputza ezagutzeko aukera, esate baterako, eta baita gorputzarekin bat egiteko aukera ere. Prozesu hau biziko ez bagenu ez ginateke, seguraski, emakume asko geure gorputzarekin hain konektatuak egongo".
Gorputza ezagutzea eta haurdunaldian zehar gorputzaz jabetzea oso garrantzitsua izango da erditzeari begira: “Alde batetik bere barne-indarra eta segurtasuna ateratzeko prestatzen dira emakumeak, eta horretarako garrantzitsua da gorputzaz jabetzea, pelbisa, aldakak… gorputzaren zonalde horrekin guztiarekin harremanetan jartzeko baliatzen ditugu eskolak, erditzean gure pelbisak beharko duen malgutasuna, indarra eta tonua bilatzeko".
Gorputzaz jabetzeaz gain, egoeraz jabetzen ere laguntzen dio haurdunari yoga praktikatzeak. Gaur egun ez dugu hartzen gelditzeko denbora askorik, ezta haurdunaldian ere eta, hain zuzen ere, horrexegatik ikusten du bereziki lagungarri yogaren praktika Higuerak: “Gaur eguneko gure errealitatean korrika bizi gara eta haurdun gaudenean ere askotan bai, azken momentua arte lana egiten, adibidez. Oso denbora gutxi hartzen dugu barrenean pertsona bat daramagula pentsatzeko, berez mirari bat den zerbait da baina normaltasunez hartzen duguna. Yogak egoerarekin konektatzen laguntzen digu”. Momentua bizitzeko eta orainean egoten laguntzeko baliabidea da antzinako praktika hau. “Orainean gaudenean ez gara ari pentsatzen gerokoan; hemen eta orain gaude. Beldurrak eta urduritasunak etortzen bazaizkigu, hemen eta orain bizi bagara, zailagoa izango da beldur eta urduritasun horiek gu harrapatzea”.
Balizko ondoezak ekiditeko
Haurdunaldiak gorputzean eragiten dituen aldaketa batzuek ondoezak ekar ditzakeela aurreikusirik, bizkarreko mina edo ziatika, esate baterako, prebentzioa eskaintzen du yogak. “Ondoez horiek arintzeko eta prebenitzeko lanketa egiten dugu; loa zaintzea ere garrantzitsua da, batzuek insomnioa edukitzen dute eta ariketek laguntzen dute. Lotarako postura egokiak ere bilatzen ditugu”.
Arnasketaren garrantzia
Arnasketak inportantzia handia dauka yogan, eta baita haurdunaldi- eta erditze-prozesuan ere, bai erlaxatzeko, baina baita erditze-prozesuan, bereziki egozpen-fasean. Eta beraz, arreta handiz lantzen dute haurdunek arnasketa yoga eskoletan: “Oso konexio sakona dago ahoa, ezpainak, mingaina, eztarria eta gure perinearen artean; oso antzekoak dira. Ahoa oso tentsionatua badago, perinean ere tentsioa edukiko dugu, eta erditzeko momentuan justu kontrakoa beharko dugu. Beraz, yogak lagunduko digu prestatzen”. Arnasa botatzean, arnasarekin batera hasperen eta soinu egitea proposatzen du Higuerak: “Arnasketari loturik, niri asko gustatzen zait soinua sartzea, arnasa bota, arnasa bota hasperen batekin eta arnasa bota soinuarekin, eta neure buruari baimena eman, benetan behar badut, soinu hori egiteko eta autentikoa izateko”. Gainera, yogaren filosofian arakatuz, arnasa botatzean gorputzean ditugun tentsioekin bat egiten laguntzen du yogak, Higueraren arabera: “Praktikaren praktikaz arnasa botatzean sentsazio fisikoekin konektatu eta izan ditzakegun korapiloak askatu eta muga berriak esploratzera gonbidatzen ditut haurdunak”.
Haurrarekin bat egitea
Haurdunaldia zaintzeaz eta erditzerako prestatzeaz gain, yogak sabelean duen haurrarekin konektatzen laguntzen dio haurdunari. “Yoga zerbait baldin bada, konexioa da izan. Unibertsoarekin eta haurdun gaudenean gure haurrarekin bat egiten laguntzen digu”. Emakumeaz gain, haurra ere erdituko da egun horretan, eta munduratzeko ariketa gogor eta berezi horretan, norbere seme-alabarekin elkarlanean aritzearen garrantziaz kontzientzia hartzea proposatzen du yoga irakasleak: “Haurra ere erditzen ari da. Emakume bakoitzak sentitu behar du jakinduria aitzindari bat daukagula barrenean oso indartsua dena eta gure gorputzarekin konektatzea lortzen badugu eta gure pentsamenduetan korapilatuta ez bagaude, eta gorputza bakarrik entzuteko gai baldin bagara, ikusiko dugu erditzeko gai garela, indar hori jaiotzen garenetik daukagula, edo aurrretik, gure amaren sabelean geundenetik”. Emakumeak bere gorputzean konfiantza izateaz gainera, barrenean duen haurrarengan eduki behar duela dio Higuerak: “Ez dugu zalantzan jarri behar haurrak ere badakiela zer egin behar duen jaiotzeko, eta konexio hori sentitzea, gero elkarrekin topatzeko orain elkarrekin lanean ari garela sentitzea, zoragarria da, ama haurrari laguntzen ari zaio bidea egin dezan, eta prozesua gisa horretan ikustean, dimentsio berri bat hartzen du”.
Erditze-ostean
Haur jaioberriarekin nahiz haur txikiekin eta familian egiteko yoga praktikak ere erakusten ditu Higuerak, izan ere, berak dioen bezala, bizitzako etapa guztietan da lagungarria praktika hau. Erditze-osteari begira, zehazki, hemen eta orain egoten jakitea da yogak egin dezakeen ekarpen handienetako bat: “Erditu berritan kudeatu beharreko egoera asko aurkitzen ditugu, izan erditzea ez delako izan guk espero bezalakoa, edo negarrez ari den haurrak zer daukan ez dakigulako… Horren aurrean egoten irakasten digu yogak, bizitzan ezin dugula, uste genuen bezala, dena planifikatu eta kontrolatu”. Yoga gurasotasunean ere bidelagun aparta dela dio Higuerak: “Guraso bezala laguntzen du norbere burua ezagutzen eta bidelaguna da, baita ere, ama gisa garatzen ari zaren prozesu honetan. Eta haurrari ere laguntzen ari zara yogak eskaintzen dizun begirada zabal horretatik begiratzen diozunean”.
Kontuan izan beharrekoak
Haurdunaldiko klase espezifikoez harago, ohiko yoga klaseak edo bakarka etxean egin litekeen yoga praktika ere onuragarria da haurdunaldian, erditzeari begira eta erditze-ostean ere, Higueraren aburuz, praktika horietan zehaztasun txiki batzuk kontuan izanez gero. “Hainbat postura zaindu egin behar dira, tripagatik, eta dagokion ginekologoari kontsulta egitea komeni da”. Baina ohean etzanda, atsedena behar duen andreak ere egin dezake yoga, postura eta ariketa fisikotik harago, zerbait sakonagoa baita milaka urte dituen praktika hau: “Ohean etzanda ere egin ditzakegu bisualizazio indartsu batzuk, meditazioak edo beste era bateko praktikak; beti moldatu daitezke”.