Ongizate pertsonalak ongizate kolektiboan eragin positiboa duela sinetsita ari dira lanean Ikastolen Elkartean.

 

Yogako prestakuntza jaso, gainerako irakasleekin partekatu, eta, ondoren, denek ezagutza hori ikasgeletara eramatea du helburu Yoga ikasgelan izeneko egitasmoak. Ongizate pertsonalak ongizate kolektiboan eragin positiboa duela sinetsita ari dira lanean Ikastolen Elkartean.

 

Yoga ikasgelan izeneko egitasmoa abiatu du ikasturte honetan Maider Herce Lezeta irakasleak. Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakaslea da Arizmendi ikastolan. Yoga integraleko irakaslea ere bada, eta haurren eta gazteen yogan eta Yoga ikasgelan ikastaroetan espezializatu da Herce. Urte asko daramatza yoga praktikatzen, baina arlo horretan zuen ezagutza sakontzeko gogoa piztu zitzaion, eta orduan topatu zuen Mahashakti Eskolak eskaintzen duen haurrentzako yoga ikastaroa. Honela azaldu du: “Yogako eskoletara joaten nintzen nire herrian, Eskoriatzan, eta, ondoren, nire ikasgelara yogako tresna batzuk eramaten nituen: arnasketa, posturak, erlaxazioa… Ikasten nuena ikasgelara eramaten nuen, baina zalantza izaten nuen beti, ea ongi ari nintzen, egiten nuena umeentzat egokia ote zen. Zalantza horien erdian, Mahashakti Eskolak eskaintzen duen haurrentzako yoga ikastaroa ezagutu eta egin nuen, eta, ondoren, yoga integraleko trebatzaile izateko prestaketa jaso nuen. Horretan ari nintzela, Yoga aulas izeneko ikastaroa egin nuen, eta haurrentzako eta gazteentzako yogan eta yoga ikasgelan lantzeko espezializatu nintzen”.

Ikasitakoa ikasgelara eramaten hasi zen orduan, eta, ondo funtzionatzen zuela ikusita, edukiak euskarara ekartzeko, euskaraz barneratzeko eta euskaraz zabaltzen hasteko hautua egin zuen: “Nire bokazio profesionala eta pertsonala uztartu ditut, eta, Ikastolen Elkartean lortu nahi dugun pertsona ereduaren barruan barne sendotasunari erantzuteko konpromisoa dugunez, han ikasitako guztia lantzen hasi nintzen Arizmendi ikastolan, eta, gerora, Ikastolen Elkartean prestakuntza eskaintzen hasi nintzen”.

Arizmendi ikastolan, GPS (Garapen Pertsonalerako Saioak) izeneko ikaskuntza-esperientzia dute. Ikastolen Elkarteak bultzatzen duen pertsona ereduari erantzuteko pentsatuta eta diseinatuta daude saio horiek. Pertsona eredu horrek bost bereizgarri ditu: euskalduna da, erabakitzailea eta ekintzailea, eraldatzailea, kooperatiboa eta barne sendotasuna duena, hain zuzen ere. Egitasmo hau azken hori lortzera bideratua dago bereziki.

 

 

Ideia nagusia da egunero tarte bat eskaintzea tentsio fisikoak askatzeko, gorputza mugitzeko, kontzientzia hartzeko, arnasketa egokiak eginez gorputza baretzeko eta arreta entrenatzeko

Maider Herce, Arizmendi ikastolako eta yoga integraleko irakaslea


 
Mahashakti Eskola oinarri

Mahashakti Eskolak abian duen Yoga aulas izeneko proiektuan du jatorria euskarazko egitasmoak. Prestakuntza horren helburua da irakasleak ahalduntzea ikastetxeetan gainerako irakasleekin yogako hainbat proposamen sortzeko, aurkezteko eta garatzeko tresnak eskaintzeko, ondoren irakasle horiek yogako tresnak ikasgeletan parteka ditzaten.

Mahashakti Eskolak abian duen prestakuntza gizarteak duen behar batetik sortu da. Yoga integralak duen helburu nagusienetako bat ez da irakasleak trebatzea soilik, Hercek azaldu duenez: “Haientzat, oso garrantzitsua da, norberak prestakuntza jasotzen duen heinean, jasotzen duen onura hori gizarteratzea. Eta hor kokatzen da Yoga ikasgelan egitasmoa. Irakasleek prestakuntza jasotzen dute, ikastetxeetara itzultzean gainerako irakasleen artean zabaldu dezaten jasotako prestakuntza”.

Ikasgeletan ikusten diren zailtasunei erantzun nahian sortu zen egitasmoa. Izan ere, ikasle askok arretari eusteko zailtasun izugarria dute, emozioak eta bizipenak kudeatzea ere kostatzen zaie eta, gainera, gorputzak adin horietan espazio propioa behar duelako eta curriculumak ez duelako horretan behar duen arreta jartzen: “Ikasleek ordu asko pasatzen dituzte modu desegokian eserita, ordenagailuaren aurrean… Ideia nagusia da egunero tarte bat eskaintzea tentsio fisikoak askatzeko, gorputza mugitzeko, kontzientzia hartzeko, arnasketa egokiak eginez gorputza baretzeko eta arreta entrenatzeko. Horrek guztiak, ongizatea ekartzeaz gain, nork bere buruarekin konektatzeko modua eskaintzen du. Gaur egun, teknologiaren, sare sozialen eta ditugun sinesmen eta patroien eraginez, pertsonaia askoren atzean ezkutatuta bizi gara, eta yoga ikasgeletan lantzea nork bere benetakotasunarekin konektatzeko modua da”, adierazi du Hercek.

Hercek Lehen Hezkuntzan praktikatzen du, batez ere, baina Ikastolen Elkartean eskaintzen duen prestakuntza etapa guztietako irakasleentzat da egokia: “Tresna guztiek etapa guztietarako balio dute, baina etapako ezaugarrien arabera moldatu behar dira”, azaldu du.

 

Lau kaxa eta hainbat tresna

Yoga ikasgelan egitasmoak lau kaxa ditu:

- gorputza- erlaxazioa
- arnasketa kontzientea- arreta eta meditazioa

 

Yoga integralak gorputz fisikoa, gorputz emozionala eta gorputz mentala hartzen ditu kontuan, Hercek azaldu duenez: “Kaxa horiek hiru gorputzei erantzuten dieten tresnak lantzeko dira. Horregatik da yoga integrala: guztia landu nahi delako, eta ez alderdi fisikoa, alderdi emozionala edo alderdi mentala, bakoitza bere aldetik. Kaxa horietako bakoitzak hainbat tresna biltzen ditu, eta tresna horiek konbinatu egin beharko lirateke, pilula batzuk sortzeko eta pilula horiek hiru gorputzetan eragin dezaten”.

2025eko urrian hasi zen Herce hainbat ikastolatako irakasleei saioak eskaintzen, eta 17 ikastolatako 33 irakasle joaten dira prestakuntza saioetara. Arnasketa landu zuten lau orduko lehen saioan: “Ondoren, hilabete utzi genuen, kaxa horretan ikasitako tresnak ikasgelan eta praktika indibidualean aplika zitzaten. Azaroan, beste saio bat egin genuen, eta gorputz fisikoa landu genuen beste lau orduz”, zehaztu du Hercek. Urtarrilean, erlaxazioa landu zuten, eta otsailean, berriz, arreta eta meditazioa. Martxoan egin zuten bosgarren saioa. Saio horretan, lau kaxa horiek ikasturte osoan lantzen jarraitzeko modua diseinatu zuten, eta, esku-hartzea eskatzen duten uneak identifikatzen ikasteaz gain, egoeraren arabera pilula desberdinak erabiltzeko tresnak eskuratu zituzten.

Helburua da irakasleek euren ikastolan eta ikasgeletan aplikatzea saioetan ikasitakoa. Horretarako, Herceren hitzetan, ikasleak nola dauden identifikatzen ikastea da gakoa: “Oso garrantzitsua da ikasle taldea nola dagoen eta ikasleak nola dauden identifikatzea. Egoera ona ez bada, irakaslearen esku-hartzea garrantzitsua izango da ikasleen artean giro ona eta lanerako giro egokia sortzeko. Adibidez, jolasgaraian istiluren bat izan badute, garrantzitsua da tresna jakin batzuen bidez hori nola baretu dezakegun ikastea. Interesgarria da jakitea nola bideratu dezakegun ikasleen arreta une horretan egin behar duten ekintzara; edo, ikasleak oso motel baldin badaude nekatuta daudelako, gorputza nola aktiba dezaketen jakitea, bizitasuna pizteko eta gorputz mentala berriro ere lanean jartzeko”.

 


Oso garrantzitsua da ikasle taldea nola dagoen eta ikasleak nola dauden identifikatzea

Maider Herce, Arizmendi ikastolako eta yoga integraleko irakaslea

 

 
Egunerokoan txertatzea

Arizmendi ikastolan, egunerokoan erabiltzen dituzte yogak eskaintzen dituen tresnak, bai ikasgelan gatazkak bideratzeko, bai ikasleen artean ongizatea sustatzeko. Lan giro egokia sortzea ere lortzen dute, tresna horiek erabilita ikasgelan konfiantza giroa nagusitzen delako.

Horretarako, ez da beharrezkoa ordu batzuk espresuki yoga egiteko gordetzea, baizik eta yogak eskaintzen dituen tresnak egunerokoan txertatze, Matematikako eskola izanda ere, denak lasaitzeko, barrenak kokatzeko eta eskola hortik abiatuta hasteko tarte bat hartzea: “Hori da helburu nagusia: aparteko gauza bat ez izatea, eta egunerokoan integratzea. GPS saioak oso ongi daude, entrenamendua behar dugulako eta gauza batzuk sistematizatu egin behar ditugulako, baina beharrezkoa da gero egunerokoan une horiek gordetzea. Goizeko momenturen bat edo jolasgarai osteko momenturen bat gordetzen jakin behar dugu. Edo Matematikako eskola une batez mozten jakin behar dugu, gauzak ez daudelako ongi eta garrantzitsua delako une horretan bertan lantzea. Oso garrantzitsua da momentu horiek identifikatzen ikastea”, azaldu du Hercek.

Denentzat —irakasleentzat zein ikasleentzat— onura dakarren tresna da, beraz: “Prestakuntzetan ikasitakoa ez da irakaslearen barnean soilik gelditzen, aplikazioa baitu ondoren ikasgelan. Aberasgarria da, gainera, eguneroko bizitzarako”, azpimarratu du Hercek. “Guk esaten dugu inork ezin duela inor eraman norbera ez dagoen tokira. Beraz, ikasleekin barne sendotasuna landu behar badugu, nork bere barne sendotasuna landu behar du lehenik, eta gai horrek presentzia izan behar du eskolan. Nork bere barrena landuta, askoz ere hobeto transmitituko dugu hori guztia”, nabarmendu du. Irakasleek praktika pertsonala egiteko konpromisoa hartzen dute, eta haiek erabakitzen dute ikasitako horretatik zer eramango duten ikasgelara.

 


Ikasleekin barne sendotasuna landu behar badugu, nork bere barne sendotasuna landu behar du lehenik, eta gai horrek presentzia izan behar du eskolan

Maider Herce, Arizmendi ikastolako eta yoga integraleko irakaslea


 

Haietako batzuk hasiak dira dagoeneko ikasitakoa ikasgelan aplikatzen: “Ongi ari dira, lehenik bakoitzak bere bidea egin behar baitu; baina ari dira jada lantzen eta aplikatzen. Sorpresa handia izan da, gainera, Bigarren Hezkuntzako irakasleak tresna horiek erabiltzen ari direla jakitea”, adierazi du Hercek.

Eguneroko eskoletan txertatzea ez da denbora galtzea, eta hori oso garbi utzi nahi izan du Hercek: “Egunerokoan txertatzen badugu eta eskola bakoitzean 5 minutu hartzen baditugu arnasa hartzeko, ikasleak kokatzeko, gorputza baretzeko eta gorputz mentala arretara bideratzeko, 50 minutu irabaziko ditugu, zalantzarik gabe. Tarte hori hartzea ez da denbora galtzea, zeren, hartu ezean, oso litekeena da ikasleek 20. minuturako arreta galtzea eta hortik aurrerako denbora guztia alferrik galtzea”.