Halaxe izaten da gai deserosoak etxean zein eskolan lantzea.

 

Gizarte gisa ekidin egiten dira konfrontazioa edota gatazkak eragingo dituztelakoan, baina gatazkak ezinbestekoak dira gizabanako gisa hezteko eta ez lirateke soilik emozio negatiboekin lotu beharko.

Gai arantzatsuak ikasleekin edota seme-alabekin lantzea oso garrantzitsua da. Gai zail horiek gizarteratzeko idatzi nituen nire ipuinetako bi: Barruan duguna eta Askatasun doinua.

Lehendabizikoak dolua lantzen du, emozioen balioestea abiapuntu gisa hartuta. Urte askotan zehar heriotzaren gaia tabua izan da. Ez zen heriotzaren inguruan hitz egiten eta sortzen zizkigun emozioak ezkutatu egiten ziren. Zorionez, gaur egun gero eta material gehiago dugu gai horri heltzeko eta etxeko txikitxoenen bidelagun izan ahal izateko.

Askatasun doinuak, aldiz, Palestinako herriak bizi duen genozidioa pertsonifikatzen du haurrek hobeto uler dezaten. Hainbat eskolatan gatazkak ez dira lantzen, eta, are gehiago, gatazka konkretuak: “Zergatik hau bai eta beste hori ez?”, izan ohi da erantzun ohikoena. Haurren aurkako genozidio baten aurrean gaude, Bigarren Mundu Gerratik heriotza kopuruan aurrekaririk ez duena. Nola ez ditugu ba haurrak erdigunean jarriko haurren aurkako genozidio baten aurrean?

Haurrengan, etorkizuneko helduengan, espiritu kritikoa, konpetentzia soziala eta adimen emozionala lantzen ditugula esatea oso polita geratzen da lema gisa, baina horretarako gai deserosoak eta gatazkak konplexu barik lantzen hasi beharko ginateke.

Urtz taldeak esaten zuen bezala: “Zaila bada, ez da ezinezkoa; zaila bada, badago lortzea.”

Zerk egiten du gai bat zail, gaia berak ala helduon malgutasun faltak?