Zaintzarekin, prebentzioarekin eta sarearekin, harreman eta bizitza askoz ere osasuntsuagoak izango genituzke.
Zaintza, prebentzioa eta sarea. Ardatz horien inguruan biraka dabil esku artean duzun aldizkaria. Prebentzioa lehenik eta zaintza ondoren. Bide hori hartuz gero, harreman eta bizitza askoz ere osasuntsuagoak izango genituzke.
Prebentzioa gakoa dela dio elkarrizketa nagusian Julene Armendariz pedagogo perinatalak. Prebentzioa, maila indibidualean eta baita maila kolektiboan ere. Eta prebentzioarekin lotuta doaz, bai zaintza eta baita sarearen beharra ere; sarea, zaintza kalitatezkoa izan dadin. Izan ere, indibidualismoak jota bizi garen garaiotan, inoiz baino garrantzitsuagoa da komunitatearen eta kolektiboaren garrantzia aldarrikatzea, animalia sozialak baikara, eta ezin baitugu isolatuta bizi.
Zaintza behar dugu denok: haurdun den emakumeak behar du, ama izan berri denak ere bai. Ume jaioberriak zaintza behar du eta zaindu gaitzaten beharko dugu gerora ere. Taldean goxo egotea eta lagunekin harreman osasuntsuak izatea ere zainketa horren parte dira. Eta zaintzaren beste muturrean egongo lirateke, adibidez, tratu txarrak eta jazarpena.
Eskola jazarpenari buruz aritu gara, hain zuzen ere, gai nagusian. Maitane Ormazabal psikologoak jazarpen kasuen aurrean familiek nola joka dezaketen azaldu digu eta hiru familiaren testigantzak ere jaso ditugu: biktimaren familiarena, erasotzailearen familiarena eta baita ikuslearen familiarena ere. Izan ere, begira dagoenak eta ezer egiten ez duenak ere, badu bere ardura. Baita zer egina ere.
Familien ardura ezin alde batera utzi; izan ere, jazarpen kasuen atzean dauden harremanak izateko moduek, jokabideek eta ikasitako ereduek askotan helduon jokabideetan dute jatorria. Prebentzioa behar dugu, beraz, horretan ere.
