Musika ibilbidea eten zuen Joni Ubedak bigarren umearen esperoan zeudela jakin zuenean. Musika eszena eta gurasotasuna ez ei dira bateragarriak. Azken horiek Ines Osinagaren hitzak dira. Eta ñabardura ere berea da: “Eszena hau da bateraezina”. Eszena hau. “Eszena guztia muntatua dago, beste gauza asko bezala, adin tarte konkretu bateko klase sozial, arraza eta genero konkretu bateko jendearentzat... zaintza-ardurarik ez duen jendearentzako”. Osinagak “eszena” dioen lekuan beste edozer jar genezake, lan-mundua, alor-soziala... bizitza, azken finean. Zaintzari bizkarra emanda antolatu dugu jendarte-eredu hau. Juanjo Quintela psikologoaren hitzak dira: “Geroz eta gutxiago eta geroz eta okerrago zaintzen duen gizarte bat ari gara
eraikitzen”.
Hautua egin behar da, dikotomia bat bailitzan, lana, bizitza publiko eta soziala edo zaintza. Bata ala bestea. Eta hori, hautua egiteko baldintzak dituztenek. Askotan sistemak erabakitzen baitu gure ordez, psikologoak dioen bezala: “Aita-amak presazko mundu xurgatzaile horretan sartzen dira, segur aski beste erremediorik geratzen ez zaielako. Baina horrek dakar euren gurasotasuna osotasunez, soseguz eta gozamenez bizitzeari uko egitea. Eta kasu askotan, ukapen hori ez da norberak hautatua, obligaziozkoa baizik, bizi garen eredu sozial honek horretara garamatzalako, beste era bateko errealitaterik sortzen ez dugun artean”.
Osinagak dio, beste eszena bat muntatu behar dela zaintzarekin bateragarri izango bada. “[Eszena] ez da izango konpatiblea eraikitzen dugun arte eszena bat parekidea, zaintza kontuan hartuko duena”. Quintela ere Osinagaren zentzu berean mintzo da: “Beste eredu sozial batzuk imajinatu behar ditugu, beste alternatiba batzuk gurasoei haurrekin egoteko denbora gehiago utziko dietenak, horregatik arriskuan jarri beharrik gabe euren diru-sarrerak”
Zaintzari duen garrantzia ematea prebentzioa da, haurrentzat lehenik, baina gurasoen-tzat eta bereziki amentzat ondoren, eta gizartearentzat, zer esanik ez. Gizarte lehentasun beharko luke zaintzak –haurrenak eta oro bat norbere eta guztion zaintzak–. Lehentasun politiko. Zaintza politikoa baita, Bilgune Feministako Edur Epelde Pagolak “Gaurkoa” elkarrizketa laburrean dioskun bezala. Horrela zaintzea, gero eta gutxiago eta okerrago zain-tzea, erabaki politikoa baita, finean.
Hain esparru desberdinetatik, musika-eszenatik, psikologiatik eta feminismotik mezu bera zabaltzen da datozen orriotan, zaintza erdigunean jarriko duen jendarte-eredu bat behar dugu, bizitzarekin bateragarria izango bada. “Edo ez da gure iraultza izango!”