Azkue Lekeitioko Natura ikastolan zaintza iker-taldea sortu dute irakasleek, gurasoek eta adituek.
Berrikuntza gauzatu eta mantendu dadin funtsezko ikusten baitute norbera, taldea eta ikastolako proiektua zaintzea. Ikerkuntza-ekintza-partehartzailea deitzen den metodologia ireki eta malgu baten bidez ari dira zaintza erdigunean jartzen duen bi ikasturteko proiektua planifikatzen eta aurrera eramaten.
Azkue Lekeitioko Natura ikastolan paradigma aldaketa bizi izan zuten 2010ean, Konfiantzaren Pedagogiarekin hasi zirenean, beste ikastola askotan bezala. Haur Hezkuntzako eraldaketa izan zen arren, klaustro osoak hartu zuen parte eraldaketaren esperientzian eta formakuntzan. Gero, 2015ean, LH1etik LH4ra bitarteko etapa eraldatzeari ekin zioten: 2ziola proiektua sortu zuten eta HHn ipini zituzten printzipioekin, balioekin eta helduaren esku-hartzeko irizpideekin diseinatu eta berritu zuten etapa. HH osoa eta LHko lehen zikloak eraldaketa pedagogikoan murgilduta zeudelarik, azkenik, LH5-6 eta DBH1-2ri iritsi zitzaion zurruntasunetik atera eta eraldaketa pedagogikoan murgiltzeko garaia…
Ikastetxe gehienetan urterik urte errepikatzen den patroiaren antzekoa zen Azkue ikastolakoa: berrikuntzaren errotan sartu eta jira eta buelta, aurrera egin nahian, praktikak hobetzeko zailtasun ugari aurkitu izan dituzte bidean, eta toki guztietan bezala, talkak zeuden Lekeitioko ikastolan ere; “beste eraldaketa bat”, “berriro hausnarketa”, “berriro berrikuntzak”… irakasleen artean eraldaketa beharrezko ikusten zutenen eta ez zutenen artean iritzi desberdinak agertzen ziren. Azkue ikastolaren ezberdintasuna ordea, talka horiek erdigunean jartzea eta zailtasunei adarretatik heltzea izan da, irakasleen zaintza eraldaketa pedagogikoaren ardatz bihurtu arte. Orain, LH5-6 eta DBH1-2 eraldatzeko, espazioak, materialak eta, batez ere, praktikak berritzeko, zaintza jarri dute erdigunean, Zaintza kultura eraldaketa pedagogikoaren giltzarri izeneko proiektuarekin.
Alderdi didaktikoari dagokionez, LH5-6 - DBH1-2 etapako eraldaketa pedagogikoa gauzatzeko hiru eremu finkatu zituzten: erronkena, zaintzarena eta hizkuntzena, eta proiektu bidez landu nahi izan zituzten hiru esparruak. Hizkuntzen proiektua eta erronkaren alorra (natur eta ingurugiroko zientziak, teknologiak, sormena eta plastika bertan landuko zituzten) gauzatzeko irizpideak ezarrita zituzten, baina zaintza pedagogikoki nola jorratu hausnartzen hasi zirenean, zalantzak sortu ziren. “Irakasleok ikasleen zaintzaz, naturaren zaintzaz eta materialen zaintzaz hitz egiten genuen etengabe hausnarketetan, eta garbi ikusi genuen eraldaketa pedagogikoan zaintzak presentzia eduki behar zuela, baina, era berean, ohartu ginen zaintza gelaratzeko proposamenak ezin zituela ikasleak soilik kontuan hartu, baizik eta komunitate osoari begirako planteamendu bat eskatzen zuela zaintzaren gaiak”, Azkue ikastolako zuzendari Ihintza Basterretxeak azaldu duenez. Ondorioz, LH5-6 eta DBH1-2ko hainbat irakaslek eta zuzendaritzako kideek zaintza taldea sortu zuten, alderdi didaktikoaz eta zaintzaren gelaratzeaz hausnartzeko. Hitzaldiak eta tailerrak egiten hasi ziren gaian formatzeko eta, poliki-poliki, zaintza taldeko irakasleak diskurtso bat partekatzen hasi ziren eta “zaintzaren praktikan sakontzeko beharra” sumatu zuten, Basterretxearen arabera. Hurrengo urratsa, zaintzaren iker-taldea sortzea izan zen, Azkue ikastolako klaustroko kideekin eta komunitateko helduekin, hau da, irakasle eta guraso boluntarioekin.
Irakasleongandik, norberengandik hasten ez baldin bada, eraldaketa ez da benetakoa sentitzen eta ez doa aurrera. Prozesuetan Ni-a, Gu-a eta proiektua zaindu behar dira
Naiara Gorroño, EHUko irakaslea
Zaintza iker-taldean hainbat adituren laguntza jaso dute proiektua garatu ahal izateko, Nekane Santamaria yoga irakaslearena eta Naiara Gorroño EHUko irakaslearena, besteak beste. Lehenengoak gorputz kontzientzia hartzen lagundu die iker-taldeko irakasleei eta gurasoei, eta, bigarrenak, ikerketa gidatu du Basterretxearekin batera. Izan ere, Gorroñok, mindfulnessari eta irakasleen identitateari buruzko tesia egin ostean eta zaintzaren etikaz eta irakasleen rolaz hainbat formazio eman ostean, identifikatua dauka berrikuntza prozesuetan zerk ezarri ohi duen aurrera egiteko galga: “Irakasleongandik, norberengandik hasten ez baldin bada, eraldaketa ez da benetakoa sentitzen eta ez doa aurrera. Prozesuetan Ni-a, Gu-a eta proiektua zaindu behar dira”.
Ikerkunta-ekintza- partehartzailea deitzen den metodologia ireki eta malgu baten bidez ari dira zaintza erdigunean jartzen duen bi ikasturteko proiektua planifikatzen eta aurrera eramaten.
Gizartearen aldaketa eta presioa
Proiektua testuinguruan jartzeko egungo beste bi ezaugarri kontuan hartzea ere garrantzitsua da, Basterretxearen eta Gorroñoren ustez: gizartearen aldaketek hezkuntzan duten eragina, batetik, eta, bestetik, hezkuntzak bizi duen nekea. Eraldaketa pedagogikoaren gaineko hausnarketarekin batera, irakaslearen funtzioaren gaineko gogoeta dago Azkue ikastolako proiektu honen ardatzean. Basterretxeak azaldu duen moduan, Lekeition ere presente dituzte gizartearen joera berriak ikastetxeetan eragiten ari diren ondorioak: “Aldaketa handia dator gure jendartera eta ikastetxeetara; besteak beste, osasun mentaleko arazoengatik edota Adimen Artifizialagatik, eta horrek guztiak, ikastetxeen zerbitzua, zeregina, eta irakasleen rola hemendik aurrera zein izan beharko litzatekeen pentsatzera eraman behar gaitu. Ikastetxeak pertsonak sortzen laga behar ditugu eta ez edukiz janzten; ikasleek, gero eta gehiago helduen presentzia eta bidelaguntza behar baitute”. Eta bidelaguntza hori egiteko, hezitzaileak, lehendabizi, norbere barrura begiratu behar du, Basterretxearen aburuz: “Hezkuntzaren betebeharra, gorputz mentala, fisikoa eta emozionala zaintzen laguntzea da”.
Horrekin batera, hezitzaileek bizi duten exijentzia eta nekea da irakasleen, taldearen eta proiektuaren zaintzari halako garrantzia emateko beste arrazoi bat, Gorroñok nabarmendu duen moduan: “Azkeneko urteetan asko hitz egin da ikaslea erdigunean jartzeaz eta hori eraldaketa bat izan da, baina askotan ikaslea erdigunean jarri dugu eta irakaslea ahaztu dugu. Eraldaketa bati ekin aurretik, oso kontuan izan behar dugu irakasleek Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan neke handia bizi dutela gaur egun”. Gorroñoren aburuz, hezitzaileek “benetako arreta” behar dute: “Gero eta exijentzia handiagoak baitauzkate alde guztietatik; digitalizazioagatik, gero eta egoera zaurgarri gehiago dauzkatelako gelan, administrazioen eta familien exijentziak dituztelako... Irakasleak hori guztia ari dira bizitzen, eta neke egoera larriak dituzte gaur egun”. Horri guztiari erantzun egin behar zaio, Gorroñoren aburuz, baina ez teoriatik: “Praktikan oinarritzen den erantzun bat behar dute irakasleek. Guk horregatik erakutsi nahi diegu irakasleei norbera zaintzen; garrantzitsua da norberak praktika hori edukitzea gero besteekin erlazionatu ahal izateko”.
Ikerketarekin, lehendabizi, Ni-ari jarri diote arreta: irakasleen zaintzari, Azkue ikastolako zuzendariak azaldu duenez: “Ikusten genuen ikastolan eraldaketa prozesu ugari egiten direla, baina ez direla benetan mantentzen; materialak eta espazioak aldatzen ditugula, baina praktikak ez ditugula aldatzen, nahiz eta irakasleak horretan saiatu. Eraldaketek ez dute irauten irakasleok praktika berdinak egiten jarraitzen dugulako edo begirada berdina delako edo inertziaz eta inkontzienteki aurreko mekanismoetan jarraitzen dugulako. Fokua, lehendabizi, irakasleengan jarri behar genuela ikusi genuen, norberaren aldaketarik gabe, ez delako posible eraldaketa pedagogiko bat bermatzea. Eta norberaren praktikak aldatzeko, norbera aldatu behar da, eta beraz, norberaren autoezagutza eta zaintza beharrezkoak dira. Berrikuntza pedagogikoa benetakoa izan dadin eta iraun dezan, zaintza da giltzarria”.
Zaintzaz ari direlarik, zehazte aldera, Gorroño eta Basterretxea ikuspegi feministatik hurbiltzen dira gaira, EHUkoak azaldu duen moduan: “Feminismoaren teorietatik zaintzaz hitz egiten dugunean bizitzari eusteko behar diren lan horiez guztiez ari gara. Guk ulertzen dugu zaintzeko beharrezkoa dela, baita ere, arreta egotea. Gaur egun, ordea, oso urruti gaude geure arretatik eta gu geu zaintzetik. Eta irakasleon lana, neurri handi batean, zaintza-lana dela kontuan izanik, lehendabizi, norberak bere burua zaintzeko praktika bat sortzea proposatzen dugu, arreta lantzearen bitartez. Arreta hori nola landu? Meditazioaren eta yoga praktiken bitartez; arreta geure adimenera, geure gorputzera eta geure emozioetara eramatearen bitartez”. Gorroñok arreta norberarengana eraman ondoren, zaintzaren teoriek proposatzen duten eran, harremanetara eta interdependentziara begira jartzea proposatzen du: “Zaintza norberegandik hasten dugu, baina gero besteengana eramaten dugu, harreman horietan emozioak eta afektua kontuan edukita; benetako eraldaketa pedagogikoa horrela sor daitekeela uste dugu, pertsonak erdigunean jartzen ditugunean”.
Fokua, lehendabizi, irakasleengan jarri behar genuela ikusi genuen, norberaren aldaketarik gabe, ez delako posible eraldaketa pedagogiko bat bermatzea
Ihintza Basterretxea, Azkue Lekeitioko Natura ikastolako zuzendaria
Ikasturte honetan egiten ari diren formazioari Zaintza habiak, gorputz artean deitu diote. Gorroñok azaldu du zergatia: “Habia batek arrautza batzuk dauzka, etorkizuneko bizitza bat, ernaltzeko dagoen zerbait. Eta guk hezitzailearen lanean hori egiten dugula ulertzen dugu, etorkizunerako zerbait ernaltzen ari garela. Era berean, 'gorputz artean' diogu, gorputzetik harremantzen garelako”. Baina ikasturtean zehar egin dituzten formazioetan zaintza hori ez da maila teorikoan eta diskurtsiboan gelditu, praktikara ekarri dute. Gorroño: “Zaintzak praktika bat izan behar du eta praktika norberegandik hasi behar da. Irakaskuntza, oso feminizatua dagoen lanbidea da eta emakumeok asko zaindu ditugu besteak, baina emakumeok norberaren zaintza oso ahaztuta eduki dugu kulturalki. Gure helburua hezitzaileek 180 graduko bira ematea eta norberak zaintza praktika bizitzea da. Gero, zaintza praktika hori harremanetara eta taldera eramateko, eta hortik proiektura eramateko. Hiruki horren hiru ardatzak dira garrantzitsuak”.
Formazioen bidez, autozaintza eta autoezagutzarako baliabideak eskaini dizkiete irakasleei. Mindfulnessa eta mindfulnessean oinarritutako meditazioa izan dira tresna horiek, Basterretxeak azaldu duenez: “Ulertzen dugulako meditazioaren bidez autoezagutza eta guk landu nahi ditugun jarrera guztiak lantzen ditugula, hala nola, pazientzia, distentsioa, desidentifikazioa, enpatia, konpasioa, adeitasuna… Hain zuzen ere, mindfulnessak sustatzen dituen ezaugarriak hezkuntzan erreferente batek eduki beharrekoak dira, lehendabizi norbere buruarekin eta ondoren besteekin praktikan jartzeko”. Zuzendariaren aburuz, “meditazioa da irakasleon patroi aldaketak bultzatzeko tresna”.
Funtsean, pertsona ereduaz ari dira hitz egiten zaintza proiektuan, irakasleak bere izatea baitu lan tresna, Gorroñoren iritziz: “Irakaslea bere izate guztiarekin da irakasle, pertsona dago hor. Gu proposatzen ari garena da, 'aizu, zaindu zaren pertsona hori'; baina zaren pertsona hori zaintzeko beharrezkoa da zaren hori ezagutzea. Eta, nor zaren ezagutzeko, lehendabizi, gelditu egin behar duzu. Gizarte honetan oso deserosoa da gelditzea, baina, era berean, gelditzeko behar ikaragarria daukagu. Beraz, horixe da guk proposatzen duguna: gelditu, isildu, eta esna dezagun arreta, eta arretarekin senti dezagun gure gorputza, begira dezagun gure adimena, begira dezagun zein pentsamendu darabilkizgun, zer emozio ditugun… Eta, azkenik, begira diezaiegun harremanei, ea zer-nolako harremanak ditugun. Ikerketa honen bidez esparru fisikoa (gorputza), emozionala (adimena eta pentsamendua) eta harremanak (interdependentzia) zaintzen ikasi nahi dugu". Hori guztia zaintzeko, EHUkoak beharrezko ikusten du autoezagutza: “Ezin dugu zaindu ezagutzen ez dugun hori. Gure proposamena hori da: ezagutu dezagun nor garen, eta ezagutza horretatik erlaziona gaitezen besteekin”.
Harremanak dira zaintza-proiektuaren zutabe, Gorroñok irakaskuntza harreman sare baten moduan ulertzen baitu: “Kontuan hartu behar dugu irakaskuntza harreman sare bat dela eta harreman sare horiek zaintza behar dutela, hau da harremanen aspektu emozionalei eta afektiboei begiratu egin behar zaiela. Behin alderdi afektiboa eta emozionala begiratzean eta kontuan hartzean, gero akademikoki ere dena hobeto joango da”.
Hurrengo ikasturtean, taldearen zaintzan
Ni-tik hasi dira, irakasleen zaintzatik, baina prozesu guztian taldea eta ikastolako proiektua ere kontuan ditu ikerketak. “Ni-a, Gu-a eta proiektua elkarrekin doaz —Gorroñoren arabera—. Ni-az hitz egitean, Gu-taz ere ari gara, horrela ulertzen dugu guk autozaintza; eta Ni-a eta Gu-a zaintzen ditugu proiektua ere zaintzeko. Euskal Herrian asko landu izan dugu taldea, kolektiboa eta soziala, baina norbanakoa ahaztu egin dugu kasu askotan, eta horrek leherketa handiak eragin ditu, esate baterako, herri mugimenduetan, mugimendu ekologistetan, politikoetan edota mugimendu feministetan. Taldea asko landu da, baina Ni-a ez da zaindu, eta oreka beharrezkoa da. Gure asmoa, denbora guztian, Ni-aren eta Gu-aren arteko elkarrizketa horretan ibiltzea da. Eta horretan oinarritzen da interdependentzia, azken batean, hori baita zaintzaren zutabe nagusia, inter-harremana edo interdependentzia".
Aurrera begira, zaintzaren kultura helburu
Gaur egun iker-taldean irakasle eta guraso boluntarioak daude, eta eurak zaintzan formatuz eta ahaldunduz doazen neurrian indartuko da proiektua ikastolan, trakzio motorraren efektuz. Ikerketa proiektuak, pausoz pauso, irakasleen Ni-aren, Gu-aren eta proiektuaren arteko zaintzaren oreka bilatzea du xede, era horretan, ikastolan zaintzaren kultura sortzeko eta sustatzeko. Aurrera begira, zaintzarako espazioak eta denborak zehaztuko dituzte, eta baliabideak zenbatuko, praktikak eta egiteko moduak benetan aldatzen joateko, eta eraldaketa pedagogikoa gauzatzeko eta mantentzeko. Izan ere, Basterretxearen aburuz, zaintza kultura sortzea eta sustatzea ez da formazio batzuk jasotzea soilik, “eta ez da formazioa jaso duten irakasleengan gelditzen; hori da motorra gero komunitatera zabaltzeko. Prozesu hau martxan jarri dugu, baina datozen ikasturteetan autozaintzako espazio horiek beharrezko izango dira proiektuak bizirauteko”.