Azaroa zaintzari buruzko hitzekin bete zaigu eta, zer aldatuko da abendutik aurrera? Izan ere, zaintza benetan erdigunean jarriko bagenu, sistemaren erdigunean, hasteko, eta baita norbere bizitzaren erdigunean ere, dena aldatuko litzateke.

Zaintzak erdigunean. Ezker eskuin, ahoa beterik entzuten dugu eta esan ere esan izango genuen, zaintzak erdigunean jarri behar ditugula. Baina, zertaz ari gara? Nola egiten da hori? Zaintza benetan erdigunean jarriko baldin bagenu, sistemaren erdigunean eta baita norbere bizitzaren erdigunean ere, dena aldatuko litzateke.

Zaintza erdigunean jartzeak makroan eta mikroan eragingo luke. Gizon zuri heterosexual (ustez) autonomoa sistemaren erdigunetik erauziko luke zaintza erdigunean jartzeak, eta Emagin elkarteko Ainara Santamariak eta Monika Mendiberrik Gaurkoa ataleko elkarrizketan esan diguten bezala, autonomo izate horren fikzioa desmuntatzen hasiko ginateke. Inor ez gara benetan autonomoak eta ez gara izango. Beti beharko dugu zaintza beraz, elkarren beharra dugula, sinpleki.  Eta mikroan ere eragingo luke, noski. Jendarte moduan ez ezik, norbanako moduan balioen sistema hankaz gora jartzea lekarke zaintza benetan erdigunean jartzeak, gure lehentasunak, denborak eta erritmoak aldatuko lituzke.

Zaintza sistemaren eta gure bizitzen erdigunean jartzeak lehendabizi norberaren ongizatea zaintzea lekarke. Komunitate osasuntsuagoa izango ginateke zaintzari merezi duen denbora eta espazioa eskainiko bagenizkio. Denbora lapurtzen baitiogu zaintzari; horzka egiten diogu geure ongizateari, eta baita zaintzen ditugun horien ongizateari ere, bereziki mendekoen direnen kasuan, hala nola adinekoen kasuan baina baita aldizkari honetan hizpide izaten ditugun haurren eta nerabeen ongizateari ere. Izar Arregi psikologoak elkarrizketa nagusian ohar egin digu: aurrenerabezaroa lapurtu die gizarte eredu honek gure seme-alabei. Azkarregi goazelako. Eta azkar ez da osasuntsu, ez gorputz ez buru.

Zaintzak erdigunera ekartzeko, ekintzak behar ditugu.