Jan, lo egin eta txiza eta kaka egin. Haur txiki baten egiteko nagusiak dira (arnasa hartzearekin batera). Txikikeria irudi dakioke norbaiti, baina, izan, hil ala bizikoak dira egiteko horiek. Horregatik, zaintza-une horiei arreta handia jarri zien Emmi Pikler pedagogoak, eta jateko unea, garbitzekoa eta lotarakoa kalitateko zaintza-une izan behar zirela defendatu zuen; haurraren ongizaterako duten garrantziagatik, batetik, baina baita haurraren eta helduaren arteko une estuak direlako ere.
Egunean hiruzpalau aldiz aldatu behar zaio pixoihala haur txikiari; beste horrenbestetan erantzi eta jantzi; elikatu egin behar da; mukiak kendu; bainatu; lotarako prestatu... egunean zehar eta egunero-egunero errepikatzen diren zaintzak dira, errepikatzearen errepikatzeaz automatikoki egiten direnak, batzuetan. Alabaina, haur txikiarentzat itzelezko garrantzia dute une horiek, ondoezetik ongizatera baitaramate oinarrizko zainketek; bere beharrak ezagutzen, bereizten eta adierazten ikasten du eta, gainera, bakarka dago helduarekin, izan gurasoarekin, zaintzailearekin edo hezitzailearekin.
Emmi Piklerren (Viena, 1902-Budapest, 1984) pedagogiaren oinarrietako bat da zainketari daukan arreta eta garrantzia ematea. Bi dira Lóczy institutuan garatu zuen proposamen pedagogikoaren ardatzak: jarduera autonomo eta mugimendu askea, batetik (Hazi Hezi-ren 3. zenbakiko gai nagusian jorratu zen gisan, haurraren ekimena errespetatzea eta urratsak ez aurreratzea proposatzen du Piklerrek) eta zainketei dagokien hau, bestetik.Hala bada, bi oinarri horiek bat datoz, eta zaintza-uneetan ere posible da —eta are gehiago, beharrezkoa beharko luke izan— haurra bere garapen-prozesuaren protagonista izatea, helduak lagunduz, baina beti ere haren garapen erritmoa eta haren ikaskuntza-prozesua errespetatuz, beharrezko ez den esku hartzerik gabe. Piklerrek nabarmendu zuen haurra ez dela zainketen objektu bilakatu behar, baizik eta parte hartzaile aktibo izateko aukera eman behar zaiola.
Oinarrizko zainketa horiek modu egokian —horretara jarririk eta eskatzen duen atentzioarekin— egiten direnean, haurrak segurtasuna garatzen duela ikusi zuen Piklerrek, berak artean identifikatzen ez duen ondoeza goxatu baitio helduak. Haatik, oinarrizko premiak behar den moduan ez asetzeak heldua ondoan ez daukala sentiarazten dio umeari, eta Piklerrek azaldu zuenez,
“oinarrizko premiak ez asetzeak eta segurtasun fisikoaren gabeziak haurraren interesa mugatzen du, bai sozializatzeko interesa nola mundua deskubritzekoa ere. Haurrak segurtasunik ez duenean, ezin du autonomo izan; segurtasunik gabe mugimendu askatasunik ez dagoelako. Haurrak sentitu behar du zaintzen duen heldu horrek konfiantza osoa duela haren gaitasunetan”. Azken batean, lehen haurtzaroan haurra somatikoa da, gorputza du eta psikologia gutxi, beraz, gorputza da beste guztiaren abiapuntu.
Montse Fabres Kataluniako Mestres per l’Autonomia taldeko andereñoak hik hasi-k Emmi Piklerren pedagogiari buruz antolatu zituen jardunaldietan zaintza-uneen garrantziaz ikastaro bat eskaini zien hezitzaileei. Harremana, arreta eta errespetua dira zaintza-uneetako gako hitzak, Fabresen arabera; une horiek kalitatezkoak eta plazerean oinarrituak izan behar dutela azaldu zuen, bai haurrari eta bai helduari dagokionez ere. “Egunerokotasunean murgilduta dauden zainketa-une horiek guztiak harreman iraunkorrak sortzeko une pribilegiatuak dira. Garrantzitsua da gure kargu dugun haur bakoitzarekin harreman afektiboa eraikitzea; lotura segurua, iraunkorra eta konfiantzazkoa ezartzea”.
Jaten ematean, arropak eranztean eta janztean... umearen eta helduaren artean dagoen komunikazioa zaintzearen garrantzia nabarmendu zuen Fabresek. Begirada, ahotsaren tonua, hitz egitea, haurrari gertatuko dena azaltzea, keinu leunak egitea, heltzeko modua zaintzea, baimena eskatzea, entzuten jakitea, haurrari behar duen denbora ematea... horiek guztiak errespetuzko komunikazio bateko ezaugarriak direla azaldu zuen. “Era berean, haurra ere komunikatzen ari zaio une horietan ere, ekimena du, gorputzarekin helduari hitz egiten dio eta haurra bere buruaren kontzientzia hartzen ari da, zaintzailearengandik jasotzen duen tratuaren arabera eraikiko baitu bere buruaren irudia”. Komunikazioa eta elkarrekintza egon daitezen, pixoihal-aldaketa, jaten ematea, lo-kuluxkaren aitzineko unea... harreman mekaniko batean oinarritzeko arriskua saihestu behar dela dio Fabresek, “haurraren ekimena kontuan hartu behar delako”.
Zainketa hauek familiako testuingurutik kanpo, sehaska etxeetan eta haur eskoletan gertatzen direnean, haurrez arduratzen direnak hezitzaileak diren uneetan, ahal izanez gero haur bakoitzarekin bakarkako harremana izatea hobesten du. “Haurrak ongi ezagutzen dituen pertsonen kopuru jakin batekin lotura iraunkorra izatea da onena, eta harreman pribilegiatua eraikitzea, beti, heldu berarekin”.