Gurasoaren egoeraren arabera —autonomoa, etxeko langilea, funtzionarioa, besteen konturakoa...— edota lan-hitzarmenaren arabera, araudia era batekoa edo bestekoa den arren, langile guztiek badituzte oinarrizko eskubide batzuk.
Amatasun eta aitatasun baimenak, murrizketak, eszedentziak, edoskitzea... Haurren zaintzarako hainbat baimen eta laguntza izan ohi dituzte gurasoek. Eskubide horiez orokorrean hitz egitea arriskutsua ere izan daiteke, pertsonak adina errealitate eta errealitateak adina jarraibide egon daitezkeelako. Gurasotasunaren eta haurren zaintzaren arloa bakarra bada ere, amaren zein aitaren egoeraren arabera —autonomoa, etxeko langilea, funtzionarioa, besteen konturako langilea...—, edota tokian tokiko lan-hitzarmenaren arabera, araudia era batekoa edo bestekoa izango baita. Gainera, Hego Euskal Herriko kasuan, eskumen batzuk estatuarenak diren arren, autonomia erkidegoek ere badituzte eurenak. Edozein kasutan, bada oinarrizko eskubideak zehazten dituen araudi orokor bat edozein gurasori eragiten diona. Hona hemen:
AMATASUNAGATIKO ETENALDIA:
Lanean ari den edozein emakumek haurra izatean eskubidea du amatasun etenaldirako.
- Zenbat irauten du amatasun baimenak?
16 astekoa da, etenaldirik gabe. Erditzean emakumeak haur bat baino gehiago izaten baditu, bigarrenetik hasita beste bi asteko baimena izango du ume bakoitzeko. Haurra desgaitasunen batekin jaiotzen bada ere, bi aste gehiago hartu ahalko ditu. Familia ugarien kasuan, aitatasun baimena luzatzen bada ere, amatasunarena bere horretan mantentzen da.
- Noiz eskatzen da amatasun baimena? Erditze aurretik edo ondoan?
16 asteak nahieran har daitezke. Beti ere, 6 aste erditu ondoan har-tzen baditu emakumeak, horiek bere errekuperaziorako emanak baitira. 16 aste horiek hartuta ere, oporrak berdin-berdin dagozkio langileari.
- Beste gurasoarekin parteka di-tzake amak egun horiek?
Haurra izan ondoko lehen 6 asteak amaren errekuperaziorako dira. Beraz, amak hartu behar ditu derrigorrez. Handik 16 astera iritsi arteko gainontzekoak guraso bietako edonork har ditzake. Baita biek aldi berean ere, baina beti etenaldirik gabe. Haurrak adopzioan edota harreran hartzen badira, berriz, guraso biek lan egiten duten kasuetan, edonork har dezake baimena; biek batera zein txandaka ere bai, baldin eta bien artean 16 astetik pasatzen ez badira eta tartean etenaldirik egiten ez badute.
- Amatasun baimenean zenbat kobratzen da?
Oinarri erregulatzailearen % 100 kobratzen da, alegia, kotizatzen ez diren kontzeptuak kenduta geratzen denetik % 100.
Baina horretarako hainbat baldintza bete behar dira: 1. Gizarte Segurantzan altan egotea; 2. Aurrez kontizatu izana: a) Haurra izaten duenean pertsona onuradunak 21 urte baino gutxiago baditu ez da eskatzen kotizazio minimorik; b) 21 eta 26 urte arteko pertsonen kasuan, azken 7 urteetan 90 egun edota bere bizitza laboral guztian 180 kotizatuta izatea eskatzen da; c) 26 urtetik gorakoen artean, 180 egun kotizatu izana azken 7 urteetan edota 360 egun euren bizitza laboral osoan.
- Amatasun baimena beste gurasoarekin partekatzen badu, zenbat kobratzen du azken honek?
Hark ere bere soldataren oinarri erregulatzailearen % 100 kobratuko du.
- Zer gertatuko litzateke ama erdi-tzean hilko balitz?
Beste gurasoak 16 aste oso hartzeko eskubidea izango luke.
- Eta erditzean haurra hilko balitz?
Emakumeak amatasun baimena hartzeko eskubidea izango luke, berdin berdin. Amak lehen 6 asteak igarota lanean hastea erabakiko balu, amatasun baimenaren gainerako zatia beste gurasoak ere hartu ahalko luke.
- Erditu ostean haurrak, edozein arrazoi tarteko, ospitalean geratu behar badu, nolakoa da baimena?
Haurra ospitaletik atera ondotik har dezake amatasun baimena (errekuperaziokotzat jotzen diren lehen 6 asteak kenduta). Ospitalizazioa 7 egunekoa baino luzeagoa bada, amatasun baimena egun bat luza-tzen da haurra ospitalean dagoen egun bakoitzeko, etenaldia berezkoa baino 13 aste gehiagora iritsi arte.
- Amatasun baimenarekin egonik, langilea kaleratu daiteke?
Ez. Ez da legezkoa.
EDOSKITZE BAIMENA:
- Zer da zehazki?
Haurrak 9 hilabete betetzen dituen arte, edoskitzeko baimenagatik egunero ordubete hartzeko eskubidea du langileak. Ordubete hori jarraian edota ordu erdiko bi zatitan har daiteke.
- Jardunaldi murriztuan aritzeak eragiten dio?
Ez. Murrizketarekin ari direnek ere eskubide berbera dute.
- Edoskitze baimena dena batera har daiteke?
Hitzarmen kolektiboan hala jasotzen bada, edoskitze baimeneko ordu guztiak pilatzeko eta denak batera hartzeko aukera dago. Arau orokorra da 14 egun hartzea amatasun baimena amaitu ostean.
- Nork har dezake baimena?
Bi gurasoetako edonork har dezake, baina bietako batek bakarrik.
AITATASUNAGATIKO ETENALDIA:
- Zer da aitatasun baimena?
Etenaldirik gabeko 13 eguneko baimena da. Haur bat baino gehiago izaten baditu, bigarrenetik hasita beste bi eguneko baimena izango du ume bakoitzeko. Berdin gertatzen da aldi berean haur bat baino gehiago adopzioan edota harreran hartuz gero ere.
Familia ugarien kasuan edota familiakideen artean desgaitasuna duen norbait badago, aitatasun baimena etenaldirik gabeko 20 egunekoa izango da.
Amatasun baimenaz aparteko baimen bat da hau, eta ez da nahastu behar haurra jaio delako beste gurasoak har ditzakeen ordaindutako bi baimen-egunekin.
- Aitatasun baimena amari pasatzerik badago?
Ez. Aitak erabiltzen ez badu, baimen eskubide hori galduta geratzen da.
- Aitatasun baimena noiz hartu erabaki daiteke?
Bai. Amatasun baimeneko 16 asteetan zehar izan daiteke, edota juxtu horiek amaitu ostean.
- Zenbat kobratzen da aitatasun baimenean?
Soldataren oinarri erregulatzailearen % 100. Horretarako hainbat baldintza bete behar ditu: 1. Gizarte Segurantzan altan egotea; 2. Jaiotzaren aurreko 7 urteetan zehar 180 egun kotizatu izana edota bizitza laboral osoan zehar 360 egun.
- Haurra oporraldian jaiotzen bada aitatasun baimena galdu egiten da?
Ez. Izan ere, amatasun baimenaren 16 asteetan zehar edota juxtu ondoren har daiteke baimena.
JARDUNALDI MURRIZTUA:
- Zer da zehazki baimen hau?
Jardunaldi murriztua hartzeko eskubidea dute gurasoek 12 urte baino gutxiagoko haurrak zaintzeko, edota desgaitasun fisikioa, psikikoa edota sentsoriala duten seme-alabak zaintzeko.
- Zenbatekoa izan daiteke murriz-keta?
Gutxienez 1/8 eta gehienez 1/2. Kasu horretan soldata ere proportzio berean murrizten da.
- Zenbat denboraz har daiteke murrizketa?
Seme-alabak 12 urte betetzen dituen arte. Senitarteko desgaituak zaintzeko bada, ez dago denbora-tarte zehatzik.
- Nola eragiten die jardunaldi murrizketak Gizarte Segurantzako prestazioei? (Jubilazioa, gurasotasun baimenak, heriotza, langabezia...)
12 urtez azpiko haurrak zaintzeko murrizketa hartzen bada, lehen bi urteetan % 100 kotizatzen da, alegia, jardunaldi osoan lanean arituta bezala. Hortik aurrera berriz, lan jardunaldi murriztuko soldataren arabera kotizatzen da.
- Murrizketa nola egin nork erabakitzen du?
Zenbateko murrizketa hartuko duen eta ohiko ordutegiaren barruan zein ordutegitan lan egingo duen erabakitzea langileari dagokio, baldin eta ezaugarri horiek hitzarmen kolektiboan zehazten ez badira. Murrizketa eguneroko ordutegian aplikatu beharko da. Alegia, ezin dira orduak pilatu eta aste batean egunero 8 ordu lan egin eta hurrengoan jai hartu.
Guraso bakarrak eska dezake murrizketa?
Ez. Bi gurasoek ere eska dezakete, baita aldi berean ere. Baina biek enpresa berean lan egingo balute eta biek 12 urtez azpiko haurra zaintzeko eskatuko balute murrizketa, enpresak aukera izango luke bietako bati eman eta besteari ukatzeko.
ESZEDENTZIA:
- Noiz har daiteke?
Haurrak zaintzeko eszedentzia eskatzeko eskubidea du langileak. Eszedentzia eska dezake haur biologikoa zaintzeko nahiz adoptatutako edo harreran hartutako umeak zaintzeko.
Enpresak langile horri gizarte segurantzatik baja ematen dio eta ez du langilearengatik kotizatzen. Beraz, langileak ez du soldatarik jasotzen. Dena dela, enpresako langile izaten jarraitzen du eta itzultzeko eskubidea du.
- Zenbat denborakoa izan daiteke?
Haurrak zaintzeko eszedentzia umeak hiru urte betetzen dituen arte har daiteke. Ume biologikoen kasuan haurraren jaiotza eguna hartzen da kontuan. Baina ez dago jaiotzen den unean eskatu beharrik, baizik eta 3 urte betetzen dituen arte edozein momentutan eska daiteke.
Adopzioen edota harreren kasuan, ez da adinik zehazten, eta eszedentziaren hasiera data bezala umea adopzioan edo harreran eman deneko erresoluzioaren data hartzen da. Hortik hurrengo 3 urteetan eska daiteke eszedentzia, nahieran.
- Bi gurasoek eska dezakete?
Bai. Baita aldi berean ere. Baina biek enpresa berean lan egingo balute, enpresak aukera izango luke bietako bati eman eta besteari ukatzeko.
- Zein dira eszedentzian dagoen gurasoaren eskubideak?
Eszedentziako aldiak kontatu egiten du antzinatasunari dagokionez; langileak aldi horretan formatzen jarraitzeko eskubidea du; lehen urtean zehar (eszedentzia hartzen den egunetik kontatuta) bere lanpostua gorde egin beharko zaio; behin urtebete hori igarota, antzeko mailako lanpostu bat gorde beharko zaio. Edozein kasutan, enpresak ezingo dio uko egin atzera ere eszedentzian egon den langilea hartzeari.
- Eszedentzia hartzeak nola eragiten die Gizarte Segurantzako prestazioei? (Jubilazioa, gurasotasun baimenak, heriotza, langabezia...)
Langileak eszedentziarako eskubidea duen 3 urteetan lanean arita bezala kotizatuko du.