Txertoen aldeko eta aurkako jarrerak dira gurean, gurasoen artean zalantza eta eztabaida sortzen duen gaia da zalantzarik gabe, baina ezagutzen al ditugu txertoei buruzko xehetasunak? Ba al dakigu zertarako diren eta nolako eragina duten?
Bi hilabetetik 16 urtera bitartean jaso daitezkeen oinarrizko txertoak jasotzen dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako umeen txertaketa egutegiek, eta, oinarrizkoak direnez gain, badira ordainpekoak ere. Bidasoaz bestaldera, berriz, gurasoek ez dute aukerarik: haien seme-alabek derrigorrez hartu behar dituzte txertoak. Frantziako estatuak haurrak babesteko neurri hori hartzea beharrezkoa dela erabaki zuen eta 2018az geroztik, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan jaiotzen diren ume guztiak txertatzen dituzte.
Txerto horien helburua zein den azaldu digu Gontzal Martinez de la Hidalga pediatrak: “Helburu nagusia umeak gaixotasun larrietatik babestea da. Egutegietan agertzen diren txerto horietako batzuk ezohikoak dira txertoei esker. Poliomielitisaren kasuan, adibidez, duela hamarkada batzuk milaka eta milaka kasu zeuden munduan, paralisiak eta forma-anormaltasun handiak eragiten zituen eta guk jada ez dugu gaixotasun hori ezagutzen. Pakistanen eta Afganistanen bi foku daude, baina ia desagerrarazi dute eta hori lorpen handia da. Guk txertatzeari utziko bagenio, berriro indartuko litzateke eta horregatik da garrantzitsua poliomielitisaren kontrako txertaketari eustea”.
Txerto guztien helburua gaixotasunak desagerraraztea da, berez, baina helburu horretatik oso urrun gaude: “Gaixotasun batzuk ez dira hain larriak, hainbat txerto ez dira hain eraginkorrak… Gripearen edota COVID-19aren aurkako txertoak, adibidez, ez dira hain eraginkorrak birus horiek asko aldatzen direlako eta urtearen arabera, txerto horiek ematen duten babesa handiagoa edo txikiagoa da”. Orain, ordea, umeei gripearen kontrako txertoa jartzeko aukera zabaldu dute eta birusa hain aldakorra izanik, txerto hori jartzeko egokitasuna kasuz kasu aztertu beharko litzatekeela dio Martinez de la Hidalgak.
Bronkiolitisaren kasuan, txertoa ez, arnas birus sintzitialaren aurkako immunizazioa da injektatzen dutena. Immunizazio pasiboa da, defentsak –antigorputzak– sartzen dira gorputzean, defentsa horiek ez ditu gorputzak berak sortzen. Udazkenean eta neguan jaio diren eta jaioko diren umeei jartzen hasiak dira Hego Euskal Herriko erietxeetan eta oraindik ez dute erabaki hortik aurrera jaioko diren umeei jarriko dieten ala ez.
Umeak eta gainerakoak babesteko helburuz
Ume txikiak haiek epidemiarik ez sortzeko edo osasun arazo larriak dituzten pertsonak ez kutsatzeko txertatzen dituztela azaldu du Martinez de la Hidalgak, eta baita babesteko ere: “Umeak babesteko lehenbailehen txertatzen saiatu behar dugu, baina era berean, ahalik eta beranduen txertatzea komeni da immunitatea ahalik eta garatuen egon dadin eta efektua handiagoa izan dadin. Bi hilabeterekin hasten gara txertoak jartzen, lehenengo asteetan amak pasatutako defentsei esker nolabaiteko immunitatea badutelako”. Txertoek germen indargabearekin edo germen zatiekin jartzen gaituzte kontaktuan eta gaixotasunik sortu gabe defentsak sortzea da helburua. Txertoek germenaren ezaugarri jakin batzuekin kontaktuan jartzen gaituzte eta gure gorputzak germenarekin kontaktuan dagoela pentsatuz, defentsak sortzen ditu.
Gizarte gisa begiratuta, txertoek duten gastua bera desabantaila handia dela dio Martinez de la Hidalgak: “Gastua oso handia da eta albo- efektuak ere badituzte, normalean arinak dira baina kasu oso ezohikoetan efektu larriagoak ere sortu ditzakete. Desabantaila izan liteke, baita ere, efekturik eza edo efektua txikia izatea”. Beste arazo bat ere bada pediatraren esanetan: sendagaien eta txertoen atzean dauden interes ekonomikoak: “Horren aurrean zalantza sortzen zaigu: zer-nolako eragina duen merkatuak eta zer-nolako eragina duen etikak”.