Elkarrizketa | Izar Arregi, Psikologoa eta familia terapeuta

Alerik ale, arreta berezia eskaini diogu nerabezaroari Hazi Hezi aldizkarian eta Izar Arregi psikologoa izan dugu kezkak argitzeko erreferentzia nagusia. 47. zenbakian elkarrizketa egin genion.

 

“Psikologoarenera joateko beharra duzu” esan ordez, “merezi duzu”, esaten du Izar Arregik. Bizitzan dauzkagun hainbat egoeraren aurrean, “indartsuago izateko lagungarri den emozio lanketa” proposatzen du Arregik. Psikologo klinikoa eta familia terapeuta da, nerabezaroan aditua. Azkoitian dauka kontsulta, baina “justizia soziala bilatzeko” daukan behar horretan, “kirrinka” egiten dio terapia “aberatsentzako kontua” izateak, eta bai Hazi Hezin eta baita beste hedabide batzuetan ere, dibulgazio lanetan kolaboratu izan du.

 

Nerabeekin hasten zara eskuarki lanean. Nerabeen kasuan, zein dira psikologoarenera joateko arrazoiak?
Nahiz eta nerabeak lagunen gairen batengatik, elikadura nahasmenduengatik, tristuragatik, konplexuengatik edo intseguritateengatik etorri, normalean nire kontsultara etortzen diren nerabe gehienak gurasoengatik etortzen zaizkit. Gehienetan atzetik familia historia bat egoten da. Gurasoak banatzen ari dira, eta horrek seme-alabari desidealizazio bat dakarkio eta ezin kudeatu dabil, edo oso gogorra egiten zaio gurasoa beste bikote batekin ikustea; edo gurasoak borrokan dabiltza eta epaitegira joan-etorrian dabiltza eta nerabea gaizki dago; edo gurasoa hil zaiolako emozioak ezin kudeatu dabil... Gurasoekiko indibiduazio-prozesu hori gauzatzeko zailtasunak izaten dituzte nerabeek askotan.

Nerabezaroan autoestimua eta autokontzeptua oso ongi zaindu beharreko elementuak dira. Hala egin ezean, zailtasunak areagotzen al dira?
Nerabeak etengabe ari dira euren buruari galdetzen “nor naiz ni?” eta “zenbat balio dut?”. “Zenbat balio dut lagun gisa, alaba gisa, matematiketan, futbolerako?”. Eta, “zer nahi dut?”. Ondo barneratu behar dute gauza desberdinak direla gaitasunak izatea eta izatea bera. Nerabea ez da egiten duen hori soilik, ez nerabea eta ezta pertsona ere. Joango dira euren bidea topatzen, eta lasaitasun mezua eman behar zaie. Zer naizen ni eta zenbat balio dudan, neuk 47 urterekin ez badakit, normala izango ez da ba nerabe batek 17rekin ez jakitea! Lasaitze horrekin angustia gabe hasiko dira bidea topatzen. Bestela, beldurrez eta antsietatez esploratuko dute nerabezaroa. Identitate krisia nerabezaroko ezaugarria da; baita indibiduazio-prozesua ere, eta hirugarrenik, lagunen garrantzia nabarmenduko nuke.

Zenbateraino dira horiek nerabezaroaren ezaugarri eta zenbateraino nerabearen arazo?
Ebolutiboak diren ezaugarriak patologizatzeko arriskua ikusten dut. Intentsitatea begiratu behar diogu, baina esan bezala, nerabezaroko ezaugarria da krisia, baita konplexuak edukitzea ere. Konplexurik gabeko nerabe bat ez da nerabe bat; zalantzak edukitzea sanoagoa da ez edukitzea baino; gurasoak zalantzan jartzea ere sanoa da. Gurasoengandik aldentzeko talka egin behar dute nerabeek eta aldentzeko gustuko ez duten zerbait ikusi behar dute gurasoengan. Talka hori egotea sanoa da eta normala da; ez egotea baino sanoagoa da.

 


Nerabezaroko ezaugarria da krisia, baita konplexuak edukitzea ere. Konplexurik gabeko nerabe bat ez da nerabe bat; zalantzak edukitzea sanoagoa da ez edukitzea baino


 

Batzuetan egoera okertu egiten zaigu… jarrera desegokiak edo arrisku handiko jarrerak hartzen dituzte nerabeek...
Nire maisu batek beti adibide hau jartzen zuen: guraso batek lana ongi egin arren, baratzea ongi  landu eta ereindakoa zaindu arren, gerta daiteke izozte baten ondorioz uzta bertan behera geratzea; baina oso desberdina da baratze bat txingorrarekin edo izozte batekin izorratzea edo belar txarrekin eta landatu gabe eta zaindu gabe egotea. Alegia, nerabezaroan beti daude arrisku batzuk, batik bat komenigarria ez den laguna edo bikotea topatzen badute, eta norbere eboluzioan oinarria ona izan arren, beharbada gorabehera zail batzuk gerta daitezke, baina probabilitatea eta pronostikoa hobetzeko eta bere identitatean aurrera joateko, familia giro eta balore lanketa egokia izan dituenak askoz aukera handiagoa dauka aurrera ondo ateratzeko.

Lehendabiziko 7 urteak bereziki ongi zaindu beharrekoak direla esaten du Psikologiak, hor ezartzen baitira pertsonaren zutabeak. Zuk nerabezaroan hartzen dituzu pertsona horiek, baina lehen haurtzaroan zer zaindu beharko genuke baratzean ez daitezen belar txarrak hazi?
Batik bat norbere buruaren lanketa zaindu beharko litzateke. Guraso gisa, afektua eta baldintzarik gabeko onarpena eskaini behar dizkiogu seme- alabari: onarpen begirada eta haurrarengan sinesten dugula transmititu behar diogu, baldintzarik gabeko maitasunarekin batera.

Askotan gertatzen da, ordea, gurasoa horretaz guztiaz jabetzen denean, errudun sentitzen dela. Autoexigenteak diren guraso horiek, heziketaz asko arduratzen direnek, euren buruak birrintzen dituzte gisa horretako informazioa jasotzen dutenean, edo hitzaldietara joaten direnean; are okerrago sentitzen dira, militantzia eta entrega handiagoa izan behar dutela pentsatzen dute. Eta beharbada ez, beharbada haurrek ikusi behar dutena da gurasoa ere ez dela perfektua. Badaude guraso batzuk, segun zer lanketa egin duten, dena umeari begira egiten dutenak, eta dena umearen beharren arabera egiten dutenak… Niri horrek zalantzak sortzen dizkit.

Baina, hala ere, hori ez da gehiengoa. Gizarte honetan haurrak erdigunean jartzea eta haien heziketari halako garrantzia ematea orokorra ote da?
Ez, inolaz ere ez; baina heziketari buruzko aldizkariak irakurtzen dituztenek eta guregana etortzen direnek hala bizi dute. Horregatik, nik uste dut informazio hori guztia, hain zuzen ere, informaziorik batere ez daukaten pertsonek behar dutela. Psikologoen artean esaten dugu, atetik sartzen diren pertsonek % 50a eginda daukatela psikologoarenera joate hutsarekin: kontsultara etortzen denak esperantza dauka, bestela ez da etortzen eta zerbait egiteko prest dago; eta hirugarrenik, bere buruari opa dio gauzak aldatzea.

 


Onarpen begirada eta haurrarengan sinesten dugula transmititu behar diogu, baldintzarik gabeko maitasunarekin batera


 

Haurren eta nerabeen depresio arazoak, segurtasun faltak, bullying arazoak… ugaritzen ari direla diote datuek. Zergatik ote da?
Estatistika guztiak gora eta gora eta gora eta gora doaz. Psikologo guztiak gainezka gaude. Nerabeetan ikaragarri igo da eskaera. Asko ikusten ditugu depresioak eta jokabide inpultsiboak, adibidez, norbere buruari min ematea edo dena ja-ja-ja! berehala nahi izate hori… Gizarte eredu honen gaitzak dira, mugikorraren bueltan eta “salba dadila ahal duena” moduan bizitzeak dakartzan arazoak dira. Komunitatearen babesa galtzen ari gara; talde txikiak eskaintzen duen pertenentzia sentimendu hori galtzen ari da eta oso beharrezkoa eta lagungarria da, bereziki nerabeentzat: “Nire gurasoak gaizki daude, baina zureak ere bai eta harenak ere bai eta denok gaude elkarrekin; aspertuta baina elkarrekin”. Aldiz, sare sozialetan agertzen den “beti pozik” jarrera hori mingarria da nerabeentzako. Nerabeari benetan min ematen diona ez da bere herriko festetan gaizki pasatu izana; min ematen diona da 15 urterekin bera bakarrik dela herriko festetan gaizki pasatu duena, denek Instara igotako argazkietan ondo pasatu dutela erakusten dutelako.

Sare sozialek hainbeste eragiten al diete nerabeei?
Izugarrizko eragina dauka nerabeengan. Elikadura nahasteak jaitsita zeuden azken denboraldian, eta berriro ikaragarri igo dira sare sozialen eraginez lau-bost urteetan. Lehen anorexia kasu asko ikusten genituen, baina orain, horrez gain, gorputzaren kultua ikaragarri igo da, baita mutilen artean ere; gorputzaren eta indarraren idealizazioa ari gara ikusten nerabeen artean.

Mugikorraren beste arrisku bat bat-batekotasuna da. “Dei galdua egin dizut eta ez didazu erantzun; snatch bat bidali dizut, ez al didazu erantzun behar?”. Gaur egun nerabeek ezin dute itxoin, ez dakite zain egoten, dena berehala behar dute, eta bizitza ez da horrela. Egin dugun gizarte honetan, haurrek beharra izan baino lehenago gurasoak aurreratu egin gara eta benetako beharra baino lehenago eman diegu oraindik behar ez duten hori guztia. Intentzio onenarekin egin badugu ere, ez da ona haurrentzat. Gaur egun haurrek eta nerabeek ez dute daukatena apreziatzen. Surfean hastea pentsatzen ari da seme-alaba eta, ikastaroa egin aurretik, gurasoak dagoeneko zer taula eta zer neopreno erosiko dizkiogun begiratzen ari gara. Horrela gauzek balioa galtzen dute. Xoxoteko gailurrera oinez edo autoz igo gaitezke eta handik ikusiko dugun ikuspegia eta hartuko dugun salda berdinak izango dira, baina oinez igota edo autoz igota, sentsazioa desberdina izango da.