Alizia Fernandez Huarte, Oiongo Ramiro de Maeztu eskolako irakaslearen iritzi artikulua.
Gure txikitako eskolan —hau da, aurreko mendekoan—, aniztasuna ez zen oraingoa bezalakoa. Horrez gain, eskolak funtzio selektiboa zuen: ikasleak sistemara egokitu behar zuen edo kanpoan geratu.
Orain eskolak inklusiboa izateko beharra du: aniztasuna lehen baino askoz zabalagoa izanda ere, eredu malgua eskaini behar du arrakasta guztion eskura izateko. Lehen oina zapatan sartu behar zen —edo oinutsik geratu— eta orain zapata oin guztietara egokitu behar da.
Paralelismo horrekin jarraituz, orain zapatariak zapata desberdin asko ekoiztu behar ditu: takoidunak, etxeko zapatilak, mendiko botak, mokasinak... eta tamaina desberdinetakoak gainera; lana ez zaio erraztu gure zapatariari. Gainera, behar duen formazioa edo baliabideak ez baldin baditu, nekez lortuko du edo bere betiko zapata ekoizteko joera izango du. Akaso politagoa, agian modernoagoa, baina betikoa.
Gurera bueltatuz (gure umeak zapatak ez direlako) inklusio hitza nonahi agertzen zaigu, baina Antonio Bolivarrek dioen moduan, “eskolako hobekuntza ataza konplexua da, esatea egitea baino errazagoa dena”. Eta gu, zapatarien legez, batzuetan noraezean ibiltzen gara, asmatu ezinik eta itota.
Ezagutu genuen lehengo eskolaren eta irudikatzen dugun eskola inklusiboaren arteko kontraesanetan bizi da gure sistema. Zoritxarrez, horren ondorioak gelan bertan pairatzen ditugu irakasleok. Aniztasunera egokitu nahi dugu, baina emaitzen exijentziak —estatistikekin eta konparazioekin— estutzen gaitu, beti maila estandar baten bila. Ikasketa sakonak nahi ditugu, baina askotan familien edo gizartearen arnas lehiatsua garondoan hautematen dugu. Formatzeko edo gure praktika hobetzeko behar dugun denbora, amaigabeko burokrazian gastatzen dugu.
Nahi eta ezinean ibiltzen gara, aniztasuna aberastasuna beharrean, itotzen gaituen arazo gisa sentituz. Nahi bai, baina oraindik ez dut uste lehengo eredu mekanizista eta sailkatzailea guztiz gainditu dugunik, momentuz.
Bitartean, zapatariak bezala, tinko jarraituko dugu, “kolpe, kolpe, kolpeka, josi eta josi” noizbait korapilo horiek aska daitezen.