Uxue Juárez, idazlearen eta irakaslearen iritzi artikulua.

 

Zahartrosiaren ondorioak eta heriotzaren presentzia onartzen ez dituen urgentziaren gizarte honetan, modan dago gaztea izatea, fit egotea eta zimur berriak ezabatuko dituen kremak, botox tratamenduak, peelingak eta bestelakoak kontsumitzea. Era horretan bizitza luzatuko bagenu bezala. Gaztetasunak eta meritokraziak ahalbidetuko duten balizko zoriontasunaren gizartean ezinezkoa da suizidioaren gaiaren gainean uzkurtu gabe, aitarena egin gabe, mintzatzea.  

Suzidio baten aurrean ondokoek bizi duten dolua da guztien artean zailenetariko bat. Erruak, haserreak lagunduta, ulertezina denaren emozioen molotov-koktelean murgilduko dira suizida baten bizirauleak (Suiziden oinordeko guztiek dute begi-ninian giltzapetutako arrain gorri txikitua./ Hona hemen nirea). Amatasuna duela gutxi deskubritu duzu eta, behin eta berriro, umearen kotxetik tiraka paseatzera irteten zarenero, errua datorkizu. Horri aurre egiteko edo hortik ebaditzeko, paisaian barna galarazten duzu begi ninia. Apropos. Hortxe galarazten dituzu ere zure pentsamenduak, gogoa. Zure eguna honela hasten da: niniak esnatzen zaitu. Zirt, bere aita hil dela gogoratzen duzu (lehenengo haginkada sabelean). Pardela aldatu eta titia ematen diozu, edo aldrebes. Zirt; bigarren haginkada. Lasai dago orain eta gosaltzeko astia izango duzu. Oker zaude, negarrez hasi da. Zirt; eguneko hirugarren haginkada bularrean dagoeneko.  

Pixkanaka, hildakoekin mintzatzeko lengoaia berria garatzen zoaz. Hori da Etxe bat Husaviken (Balea Zuria, 2025) poemarioan luzatu duzun proposamena: urtutako paisaia zabaldu duzu bai hildakoekin zein bizirik daudenekin hitz egiteko. Idazkerak baimentzen dizun joko horretan. Txikitatik sortu izan baitituzu ipuinak, poemak, zure koadernotan, zure mugikorreko idatz-oharretan. Hori baita errealitatea interpretatzeko eta gozatzeko ezinbestekotzat duzun mugimendua: idazkera. Husavikeko kostaldeetan errotu dituzu oraingoan zure pertsonaiak: balea andrea, balekumea eta elefante-gizona. Poemarioaren orrialdeak mareak bailiran erabiltzen dituzu minaren oihartzuna azaltzeko. Bere lerroetan eskegi dituzu karramarroen oskol hutsak ezerezaren pisua agertzeko. Olatuen mehatxua lausotzeko. Deabru zein mamu abisal horien guztien artean argilunez beteriko bidexka topatu egin duzu. Urazpiko basoan des-espazio bat topatu izan bazenu bezala. Gertatutakoak fikzio bilakatzeko. Umeek egiten duten moduan sartu ohi baikara idazkeraren joko-taulara: jakin-minez, jolasteko grinaz. Maleta eskuan dugularik, gure gorputza, gure izatea, labaintzen uzten dugu. Hurrengo desplazamendua piztuko duen gakoaren zain.