30 urte bete ditu Hik Hasik eta alez ale, aldizkariaren 300. zenbakira ere iritsi gara.

 

Urteek aurrera egin dute, baina hasierako bokazio bera dugu: Euskal Herrirako hezkuntza eredu propioa eraikitzeko bidean, topagune izatea. 

 

Esku artean duzu 300. Hik Hasi. Zenbaki borobilera iritsi gara: aldizkariaren 300 ale argitaratu baititu Hik Hasik 30 urtez. 1995ko maiatzean ikusi zuen argia Hik Hasiren 0 zenbakiak, Joxe Mari Auzmendiren ekimenez eta beste hainbat pertsonaren ezinbesteko laguntzaz, eta orduan ekin zion hiru hamarkadaz luzatu den ibilbideari. Euskal hezkuntza komunitatean, irakasleen artean, sareen artean… elkartrukerako foro baten beharra gero eta nabarmenago sentitzen zen garai hartan eta denena eta denentzat izango zen topagune eta eragile baten premia ikusi zuten. Horrela jaio zen Hik Hasi.  

Aldizkaria izan zen egitasmoaren bizkarrezurra, baina ordutik hona enborrak adar ugari bota ditu eta euskal hezkuntza komunitatea elkartzeko eta sendotzeko borondatez jaio ziren orrialde haiez harago, formazioa ere zutabe izan du. Eragile izateko helburu izan zuen Hik Hasik hasieratik eta, bide horretan, zazpi balioren gainean jaio zen eta hazi da: euskalduna, nazionala, irakasleena, bateratzailea, irekia, plurala, bateratzailea eta independentea. Euskal hezkuntzako askotariko eragileen eta partaideen topagune, bilgune eta eztabaida gune izateko bokazioz abiatu zen Hik Hasi.   

 


Denena eta denentzat izango zen topagune eta eragile baten premia ikusi zuten. Horrela jaio zen Hik Hasi


 

30 urteotan Euskal Herriko ikastetxeetako esperientziak eta proiektuak bildu ditu, adituen esanak jaso ditu eta askotariko gaiak landu ditu sakontasunez. Alez ale, hezkuntzari buruz euskaraz idatzitako dokumentuen datu-base aberatsa eta esanguratsua sortu du Hik Hasik. www.hikhasi.eus webgunean eskuragarri dago eta ikasle, irakasle zein interesa duen ororentzat erreferentzia bilakatu da. 

Urteotan ahalegina egin du bide horretan eta horren lekuko dira hezkuntza komunitatea bateratzeko egindako saiakerak: 1999an hezkuntza gaiei buruzko eztabaida eta hausnarketa bilgune izateko xedez sortu zen Hezkuntzaren Gizarte Gunea izeneko egitasmoa bultzatu zuen. 2006an, berriz, Euskal Herriko Oinarrizko Hezkuntza Akordioa aurkeztu zen. Nazio Eztabaidagunearen Hezkuntza Batzordeko arduradun izan zen Joxe Mari Auzmendi eta eztabaida luzeen ondoren aurkeztu zuten Akordio hura. Ez zen azken saiakera izan, ordea: 2017an, urtebeteko hausnarketa eta lanketaren ondoren, Hezkuntza Proposamena aurkeztu zuen Hik Hasik; hezkuntza hobetzeko gakoak jarri zituen mahai gainean proposamen hark. Hezkuntza komunitate osoaren eskura jarritako dokumentua aztergai izan zuten hezkuntza arloko eragileek eta horrek gerora eragina izan zuen EAEko Hezkuntza Legearen lanketan.  

 


30 urteotan Euskal Herriko ikastetxeetako esperientziak eta proiektuak bildu ditu, adituen esanak jaso ditu eta askotariko gaiak landu ditu sakontasunez


 

Jardunaldiak, ikastaroak, bidaia pedagogikoak, liburuak, ale monografikoak, musika liburuak, CD-ak… Hezkuntza arloan hamaika ekarpen egin ditu Hik Hasik urteotan guztiotan eta orain pauso berri bat ere eman du ikastetxeentzako aholkularitza zerbitzua martxan jarrita, eraldaketa eta berrikuntza ardatz.   

Urte askotarako Hik Hasi! Eta zorionak hikhasitarroi eta urteotan guztiotan Hik Hasi posible egin duzuen guztioi!