PELLO OTXANDIANO | EH BILDUKO PROGRAMA ARDURADUNA

Lehenik eta behin eskerrak eman nahi dizkiot Hik Hasiri orriotan gure proposamena aurkezteko aukera emateagatik. Badirudi datozen hilabeteetan euskal hezkuntzari bultzada bat emateko aukera ireki daitekeela mendebaldeko hiru probintzietan, hezkuntza hitzarmen bat osatzeko moduan egon gaitezkeela. Gure borondatea da goi mailako eztabaida politiko bat egitea, eta modu parte-hartzailean egitea, hezkuntza hitzarmen bat adostasun sozial eta politiko zabal baten emaitza baino ezin baitaiteke izan. Izan ere, hezkuntza komunitatearen parte-hartzerik gabe nekez eraikiko dira oinarri sendoak ziklo berri emankor baterako. Gizarte kontziente batek eta hezkuntza komunitate ahaldundu batek baino ezin dezake eraman euskal hezkuntza agertoki berri batera. Eta, gaude, elkarrekin bat beharko genukeela hezkuntza “estatu auzitzat” hartzean. Hau da, herri-eraikuntzan eta gizartearen garapenean funtsezko zutabe den neurrian, hezkuntzak alderdikerietatik salbu behar duela, Espainian gertatzen ez den bezala. Gogo horrekin egiten dio aurre EH Bilduk momentu honi eta eztabaida sozial eta politikoa aberasteko asmoz ondu dugu jarraian aurkezten dizuegun proposamena.

Zergatik orain? 

Lehenik eta behin badago beharra euskal hezkuntza eraberritzeko. Covid-19ak gauza asko erakutsi dizkigu, batzuk lehendik bagenekizkienak. Gure indarguneak eta ahulguneak jarri ditu agerian, herri-erronkak zehaztasunez identifikatzeko argia eman du. Besteak beste, ikusi dugu badugula beharra euskal hezkuntzaz gogoeta estrategiko sakon bat egiteko, gehiago itxaron ezin dezakeena. Izan ere, badago zer hobetu eta badago nondik ikasi. Besteak beste, eraldaketa pedagogiko sakon baten beharrean gaudela deritzogu, zeinak digitalizazioaren aldagaia ondo txertatzen asmatu behar duen.

Dokumentuaren bigarren atalean hezkuntza sistemaren diagnosi kualitatibo bat egiten saiatu gara, zortzi oinarrizko galdera erantzunez. Mundu osoko eskola sistemak aztertzen dituen ikerketa batek pausatutako sei galderei beste bi gehitu dizkiegu, nola gauden eta zer dugun hobetzeko pentsarazten digutenak. Batek baino gehiagok adierazi digu agian ez dela halako dokumentu bat hasteko modurik onena. Baliteke hala izatea, egia da datu zehatzak behar direla egiten diren baieztapenak oinarritzeko. Gure helburua gogoeta sakon baterako ikusmira zabaltzea izan da, ez analisi zorrotz bat egitea. Bestalde, hezkuntzako profesional batzuek beren lana epaitua ikusi dute diagnosi horretan. Ez dago halako borondaterik inondik ere. Hezkuntza sistema gainbegiratu nahi izan dugu, parametro kualitatibo batzuk definitu geure buruak munduko hezkuntza sistema aurreratuenekin alderatzeko oinarri bat eskaini asmoz.

Bigarrenik, badira mehatxuak epe laburrean hezkuntza sistemak kolokan jar ditzaketenak: jaiotza tasaren beherakada, segregazioak eta euskalduntzean gertatzen ari den atzerakada azpimarratu nahi ditugu. 2030. urteari begirako proiekzio demografikoek adierazten dute matrikulazioak asko egingo duela behera datozen urteetan. Gainera, migrazio fluxuek goranzko joerari eustea aurreikusten denez, klase eta jatorriagatiko segregazio egoerak are gehiago gordinduko dira hurrengo urteetan, sistemaren desorekak (egun ikastetxeen %30 inguru ez dira ISEC indizeak eskatzen duen mailara iristen) eta ikastetxeen arteko lehia muturreraino eramanez. Hainbat tokitan kolapsoaren atarian egon gaitezkeela deritzogu. Eta, bestalde, ikerketa ezberdinen argitara, datuak mahai gainean, badakigu atzeraldian gaudela euskalduntzeari dagokionez. Ez da soilik hizkuntza ereduek ez dutela legeak agintzen dituen irteera profilak erdiesteko biderik ematen (Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailaren azken ebaluazio txostenaren arabera D ereduko ikasleen %53,3ak ez du gaitasun nahikorik lortzen), baizik hizkuntza gaitasunetan atzera egiten ari garela. Euskararen erabilerak ere atzera egin du eskola eremuan.

Hirugarrenik, aldaketa gogoa sumatzen dugu hezkuntza komunitatearen baitan: irakasleengan, gurasoengan, ikasleengan. Uste dugu badagoela kontzientzia bat, zer hobetu badugula, hobe egin dezakegula eta hobe egin nahi dugula. Asko dira behar baino baliabide gutxiagorekin eta baldintza kaskarragoetan hezkuntza-berrikuntzan bidea egiten ari diren askotariko ikastetxeak. Konpromiso komunitario sendo bat dago lan horren oinarrian, hezkuntzako langile askoren bizi-gogoa, egunero-egunero inertziak hausten eta beren jarduera berrasmatzen saiatzen diren profesionalen lana. Bide batez, esango dugu, aitortza sozial bat merezi dutela pandemian zehar beren onena eman duten hezkuntza langile horiek, konpromiso komunitario horri esker hezkuntza ez da eten eta euskal gizarteak arnasa hartu ahal izan du.

Azkenik, nahiz sarritan badirudien euskal hezkuntzaren gaineko eztabaida kale itsu batean agortzera kondenatua dagoela, hotzean pentsatuta, azken urteetan jauzi kualitatibo baterako nahikoa indar metatu delakoan gaude: eskola askotako esperientziak hezkuntza berrikuntzan; Errenteriakoaren antzeko udal esperientzia komunitarioak; Hik Hasiren hezkuntza proposamena; EHIGE eta HEIZEren Euskal Eskola Publikoa, gaur, bihar diagnosia, LAB sindikatuaren Hezkuntza burujabea iruten txostena; Ikastolen Elkartearen Endekalogoa; OinHerriren ahalegina herri hezitzaileak saretzeko. Bada lurzoru partekaturik, aski emankorra, esango genuke. Bide batez, bioakio gure aitortza, baita ere, hezkuntza komunitate antolatuari, ekin eta ekin ari denari herri eraikuntzan, egunez egun, esperantzari eutsiz eta aurrerabideak eskainiz.

Horregatik guztiagatik, euskal hezkuntzaren eraikuntzaren fase historiko berri bat abiarazteko garaia dela deritzogu. Poz handia hartu dugu Eusko Ikaskuntzak antolatu zuen Ehun zubigile hezkuntza sistemaren etorkizuna elkarrekin lantzen jardunaldiaren emaitza ikusita. Euskal hezkuntzaz akordio nazional bat egiteko asmoz abiatu den prozesu horri gure babes osoa adierazi nahi diogu, eman dezakeelako aukera azken urteetan metatu den indar sozial hori bildu eta norabide emankor batean askatzeko.

Akordio nazional horren ispiluan begiratu beharko lukete, hain zuzen, mendebaldeko hiru probintziek zein Nafarroak hezkuntza hitzarmenak lantzeko orduan, bakoitza bere baldintza konkretuetatik abiatuz. Baldintza horietako batzuk aldekoagoak izanik mendebaldeko hiru probintzietan, EH Bilduk uste du momentua iritsi dela Euskal Autonomia Erkidegoan hezkuntza hitzarmen bat osatzeko. Eta uste dugu euskal gizartearen gehiengo baten iritziarekin bat egiten dugula hezkuntza hitzarmenak lau ezaugarri gutxienez izan beharko lituzkeela badiogu. Bat, herri ikuspegiz landua; euskal hezkuntzaren fase historiko berri bat irekiko duena. Bi, eraldatzailea; hezkuntza sistemaren sakoneko eraldaketa bat abiatuko duena, trantsizio baterako jauzikualitatibo bat izango dena. Hiru, bateratzailea; etorkizunaren gaineko ikuspegi partekatu batek gidatua. Eta lau, euskal hezkuntza Europako herrialde aurreratuenen arrastoan jarriko duena. Hain zuzen, datozen hilabeteetan irekiko den egoera esperantzagarri honen harira ezkerreko soberanismoaren posizio politikoa finkatzeko onartu genuen irailaren 18ko Konferentzia Politikoan hemen aipagai dugun hezkuntza proposamen berritua.


Aldaketa gogoa sumatzen dugu hezkuntza komunitatearen baitan: irakasleengan, gurasoengan, ikasleengan. Asko dira behar baino baliabide gutxiagorekin eta baldintza kaskarragoetan hezkuntza-berrikuntzan bidea egiten ari diren askotariko ikastetxeak


 

Indarrak batu, euskal hezkuntzaren fase historiko berri bat abiarazteko Egiten dugun proposamenaren abiaburuan badago oinarrizko ideia bat: indarrak batzea. Uste dugu urte gehiegi daramatzagula gure herri-gaitasunak kamusten dituen gatazkan trabatuta, biribilgune batean bueltaka. Gurea bezalako nazio ukatu baten hezkuntza prozesua ezin du desira eta helburu berdintsuak ditugunon arteko eztabaida liskartsuak lastatu. Esan bezala, eraldaketarako beharra dugu, aldaketarako gogoa sumatzen da eta nahikoa indar metatu dugu jauzi kualitatibo bat eman eta fase berri bat irekitzeko. Hala deritzogu, eta uste dugu iritsi dela horretarako momentua. Proposamen honetara heltzeko bide luzea egin dugu. Iraganeko irakaspenak jasotzen ahalegindu gara, eta hezkuntza komunitate euskaltzale eta aurrerazalearen baitan egon daitezkeen ikuspegi ezberdinen arteko zoru komun bat eraikitzen. Badago autoeraketaren tradiziotik datorren emari emankor bat, ekarpen historiko garrantzitsua egin diona euskal hezkuntzaren eraikuntzari. Eta badago sen berdinzale indartsu bat, besteak beste, azken urteetan areagotu den ekitate eta aukera berdintasun faltak soluzio bat galdegiten duela mahai gaineratu duena. Bi emari sortzaile horien baturak urrun eraman dezake euskal hezkuntza, Europako herrialde aurreratuenei parez pare begiratzeraino. Horretarako, guztiok egin beharko dugu ahalegin bat; konpromiso historiko berriak hartzeko garaia dela deritzogu. Proposamen honen hirugarren atalak Euskal Hezkuntza Sistema Publiko Burujabea izendatu dugun helburu estrategikoa definitzen du, herri ikuspegiz lantzen saiatu garena eta Hegoaldeko lau herrialdeei begira pentsatu duguna. Bertan deskribatzen dira euskal hezkuntza sistemarentzat nahiko genituzkeen ezaugarri nagusiak. Ondoren, laugarren atalean, mendebaldeko hiru probintzietarako trantsizio proposamen bat egiten da, aipatu helburu estrategikoarekin koherentea den Hezigune, Euskal Hezkuntza Publiko Bateratua aurkeztuz.

‘Hezigune’, lau hankako mahaia Jarraian, oso modu sintetikoan bada ere, Hezigune proposamenaren funtsa aurkezten dizuegu. Gehiago jakin nahi duenak ondorengo helbidean aurki dezake dokumentua eskuragarri: https://www.naiz.eus/eu/info/ noticia/20210919/egungo-dikotomia- -gainditu-eta-sare-publiko-bateratua- -nahi-du-eh-bilduk 


Sistemaren erabateko deszentralizazioaren alde egiten dugu, ikastetxeei autonomia aitortuz. Lidergo pedagogikoak ikastetxeen esku behar duela deritzogu, eta baita hartarako beharrezkoa den antolakuntzarako gaitasunak ere


 

Lehenengo hanka: Sistemaren konfigurazio berria Sistemaren erabateko deszentralizazioaren alde egiten dugu, ikastetxeei autonomia aitortuz. Lidergo pedagogikoak ikastetxeen esku behar duela deritzogu, eta baita hartarako beharrezkoa den antolakuntzarako gaitasunak ere. Ikastetxe autoeratuen edo autokudeatuen alde egiten dugu, beraz. Ikastetxe bat hezkuntza proiektu bat, horrek behar du deszentralizazioaren helburuak. Eta hezkuntza proiektu hori hezkuntza komunitatearen parte- -hartzearekin osatu beharko litzateke, antolaketa eredu demokratiko baten bidez. Ikastetxe komunitario deritzogu halako ikastetxeari. Bide horretatik, orain arteko publiko-kontzertatu dikotomia gainditu beharra dagoela deritzogu. Bateratzearen aldeko hautua egiten dugu: ikastetxe komunitario bakoitzak lankidetza hitzarmen bat sinatu beharko luke hezkuntza administrazioarekin, hitzarmen horren corpusa berdina litzateke ikastetxe komunitario guztientzat. Hitzarmen horretan ikastetxeek eta administrazioak konpromiso tasatuak hartuko lituzkete beren gain. Horrela, sistemaren parte liratekeen ikastetxeak parekideak lirateke, eskubide eta betebeharrei dagokienez berdinak. Hitzarmen horretan jasotako konpromisoak bere gain hartzeak egingo luke ikastetxe bat publiko, bere izaera juridikoa bat edo beste izan. Ikastetxe bat publiko egingo lukeena ez litzateke, beraz, ikastetxearen izaera juridikoa, baizik eta ikastetxe horrek komunitatearekiko zein konpromiso hartuko lituzkeen. Publikotasunaren kontzeptualizazio honek (publiko-komunitarioa) egiturazko berrikuntzak eskatzen ditu titulartasunarekin zerikusia duten eremu nagusietan: eskola eskaintzaren programazioan, ikastetxeen finantzazioan eta lan-harremanetan. Hiru eremu hauek agertoki bateratu batera eraman behar direla deritzogu. Sistemaren gobernantza berriaren parte lirateke Tokiko Hezkuntza Ekosistema Kooperatiboak deritzogunak. Ekosistema hauetan bi maila bereizten ditugu: hezkuntza formala eta ez-formala uztartzen dituzten Hezkuntza Kontseiluak eta eskola eskaintzaren programazio bateratua egiteko tokiko organoak. Azken honi dagokionez, Kataluniako otsailaren 16ko 11/2021 dekretua erreferentzia baliagarria dela deritzogu. Hain zuzen, dekretu honen helburua da klase eta jatorriagatiko segregazioari aurre egiteko esku-hartze efektibo baterako prozedura eta organoak arautzea.

Bigarren hanka: Iraultza pedagogikoa. Honek eskatzen du sistemaren baliabideak birprogramatzea: eredu zentralista eta, neurri batean, burokratizatu baten baliabide izatetik ikastetxe komunitarioetako hezkuntza proiektuen zerbitzura egongo diren baliabideak izatera pasatzea. Hor kokatzen ditugu Berritzeguneak, ikuskaritza, prospekzioa, ebaluazioa, unibertsitatearen papera eta abar.

Hirugarren hanka: Euskalduntzean jauzia. Euskal hiztun eleaniztunak sortzeko eredu eraginkorrena den murgiltze eta mantentze eredu orokortuaren alde egiten dugu. Halaber, hemen ere sistemaren baliabideak birpentsatu beharrean gaudela deritzogu: egun daudenak birplanteatu eta Euskararen Jabekuntzarako eta Euskal Kulturaren Transmisiorako Institutua sortzea proposatzen dugu.

Laugarren hanka: Inbertsio publikoaren gehikuntza. Europa iparraldeko hezkuntza sistemen ispiluetan begiratu nahi badugu inbertsio publiko handiagoa behar dugu, zeina Barne Produktu Gordinaren %6an kuantifikatzen dugun. Besteak beste, ratioak jaistea ezinbestekoa zaigu aipatu iraultza pedagogikoa egin nahi badugu.

Labur bada ere, hemen gure proposamenaren oinarriak. Desio batekin agurtzen naiz: Izan daitezela hurrengo hilabeteak euskal hezkuntza komunitateak urte luzetan ereindakoa ernaltzen ikusteko sasoia.