Komeni da giza izaeraren ezaugarri batzuk aintzat hartzea galdera horren erantzuna ulertzeko unean eta tutoretzaren gaian sakontzeko garaian.
Taldeko animaliak
Bizitzaren bidean suertatzen zaigun edozein giza taldek funtzio bat betetzen du gure garapenean: pertsonaren garapena edo gaitasunen jorratzea, indartzea, lantzea, loratzea. Taldearen bitartez, bestearekin hartu-emanean eraiki egiten gara, sortuaz, eraldatu egiten gara, tokatzen zaigun horretara egokitzeko helburuarekin. Gertatutakoari erreparatuta edo erreparatu gabe, etekina ateratzeko aurre programatuak gaude, giza izaeraren moldagarritasun harrigarriaren eskutik.
Giza taldean ikasten dugu zein garen: familian, alaba; lagunartean, laguna; eta eskolako ikasgelan, agian geroago gizartean, hartu dezakegun lekua esperimentatzen dugu. Batetik eta bestetik, hornitzen goaz gure izaera trebeziez eta ustezko gaitasunez, ondoren datorkiguna hobeto kudeatzeko.
Ibilbide horretan, eragin handiagoa edo txikiagoa izango duten pertsona ugarirekin egingo dugu topo.
Ikasgelako taldea erreferente bat bihurtuko da gure bizitzan zehar, eta etxean, familiaren saldan jasotakoak probatzeko eta laboratzeko esparru bat irudikatuko zaigu. Eremu horretan, irakaslea irakatsi beharrekoekin bertaratuko zaigu, eta hona hemen pedagogia klasikoaren gako indartsu bat: irakasten dena, irakatsi nahi dena baino haratago doa; edo beste modu batera esanda, irakaslearen borondatetik kanpo ikasleak ikasi egingo du, irakasleak nahi duena —agian— eta nahi gabeko beste eduki batzuk ere bai (Bisquerra, 2012).
Ikaslea harremanetarako gaitasunetan entrenatuko da: entzuten, parte hartzen, behatzen, hausnartzen, argudiatzen, isiltzen, agintzen, esana egiten, atsegina izaten, defendatzen, gozatzen, txantxa egiten, miresten, bestea balioan jartzen, eskertzen, bestearen lekua hartzen, laguntzen, jolasten, lankidetza gauzatzen, maitatzen… eta garrantzitsuena, gaitasun bakoitzaren norainokoak neurtzen, mugak esperimentatuz, akatsak eginez, sariak jasoz eta bide horretan nor eta nortzuk izaten jabetzen.
Irakaskuntza funtzioa
Bigarren Hezkuntzako irakaslea hortxe gerturatuko da ikasgelara, jantzita oso, bere arloetan, bere izaerarekin eta bere harremanetarako tresnekin. Irakasteko unean, transmitituko duen bakarra ez dira izango bere arloetako edukiak, horrekin batera, gizartean nola jokatu, lanarekiko ardura, berdinen arteko harremanak eta harreman hierarkikoak nola kudeatu ere landuko du. Kontzeptuez kanpo gertatzen den horri irakaskuntza funtzioa esango zaio, eta bere koordinazioari, tutoretza (Barriga, D., eta Fernández, G., 2002).
Gizartean bizitzeko tresna horien jorraketan, badira dimentsio batzuk bereziki esanguratsuak, legez agertzen zaizkigunak; horietako bat da aniztasunean bizitzeko trebezia.
Aniztasunean bizitzeko irakaskuntza
Aniztasunean bizitzen irakastea eta ikastea metodologiekin josten da, eta edozein tankerako edukiekin landu daiteke. Hona hemen proposamen batzuk (Álvarez Justel, 2017).
Irakaskuntza kooperatiboa: irakasleek, lankidetza eta laguntza eraginkorra garatzeko, beste profesional batzuekin elkarlana bideratzen dute: irakasgaietako irakasleekin, ikasten laguntzeko irakaslearekin, komunitatearekiko harremanetarako irakaslearekin, orientazioko irakaslearekin…
Ikaskuntza kooperatiboa: ikasleek elkarri laguntzen diote eta ikaskuntza eraginkorra da maila kognitiboan zein sozialean (tutoretza eta berdinen arteko irakaskuntza, ikaskuntza kooperatiboa).
Gatazken/arazoen konponbide kooperatiboa: ikasgelako portaera desegokiari heltzeko modu sistematikoa da, ikasgelan guztientzat arau argiak adosten direlarik eta errefortzu positiboak eta negatiboak aplikatzen direlarik gatazkak lankidetzan konpontzeko tekniken bidez.
Taldekatze heterogeneoak: ikasleak talde heterogeneoetan taldekatzea baliagarria da desberdintasunak errespetatzeko eta arreta pertsonalizatuaren bidez bazterketa saihesteko.
Irakaskuntza eraginkorra: metodologia hau erabili daiteke irakaskuntzaren jarraipena egiteko, ebaluazioaz eta curriculumaz jabetzeko, banakako eta talde txikiko egokitzapenak ahalbidetzeko, eta Hezkuntza Premia Bereziak dituzten eta ez dituzten ikasleen arteko aldeak murrizteko.
Erreferentzia-eremuko sistema: ikasleak eremu komun batean jartzen dira, hau da, bi edo hiru ikasgelatan. Irakaskuntza osoa ematen da eta irakasle talde txiki bat arduratzen da irakaskuntzaz.
Ikaskuntza alternatiboko estrategiak: Ikasteko eta arazoak konpontzeko estrategiak lantzen dira. Kontua ez da ikasteko estrategiak soilik ikastea, baita nola aplikatu ere (erantzukizuna ikaskuntzan).
Tutorearen trebetasunak
Bigarren Hezkuntzako irakasle guztiak tutoretzan inplikatuta daude. Tutoreak talde-gela berean irakasten duen irakasle-talde osoaren tutoretza dinamizatzen du. Tutore izatea ikasleei hazten laguntzea da, orientatzea eta gidatzea, beren onena lor dezaten, eskura dituzten hainbat baliabide eta estrategia erabiliz (Giner eta Puigardeu, 2008). Tutoreak trebetasun eta estrategia profesionalak eta pertsonalak izan behar ditu. Horretarako:
Lider, coach edo gidari izan behar du, ikasleei laguntzeko eta hazten laguntzeko.
Komunikatzaile ona izan behar du, sarean lan egin behar du gainerako tutoretza-eragileekin (irakasleak, orientatzaileak, kanpoko zerbitzuak, familiak), eta familien parte-hartzea sustatu eta lagundu behar du.
Behatzailea izan behar du, ikasleen beharrak eta arazoak detektatzeko edo ikasleen ahalmenak aurkitzeko.
Sortzailea izan behar du eta tresna berriak (teknologia berriak, etab.) bilatzera eta erabiltzera ausartu behar du.
Positiboa, erresilientea, enpatikoa, asertiboa, negoziatzailea eta bitartekaria izan behar du.
Ikasleak eta gainerako tutoretza-eragileak inplikatu, entzun, ulertu eta errespetatu behar ditu.
Aniztasunari erantzun behar dio, kohesioa eta harreman-giroa sustatu behar ditu.
Gelako eta ikastetxeko giroa zaindu behar du.
Aldaketa-eragile izan behar du, ikasteko eta hazteko espazioak eta baldintzak sortuz.
Eta bizitza osoan zehar entrenatu eta prestatu behar du. Baina, batez ere, jarrera ona eta sen ona izan behar ditu.
Ikastetxearen funtzioa
Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak oinarrizko garapen- eta sozializazio-testuingurua dira ikasle nerabeentzat. Jasotzen duten instrukziotik abiatuta, beren kultura-, adimen- eta arrazoiketa-gaitasunak zabaltzeko aukera dute. Ikasle diren aldetik, herritar-rola hartzen dute, eta institutua da biztanleriaren harremanak arautzen espezializatutako erakunde nagusia. Zentroan, berdinekin dituzten harremanak zabaldu eta dibertsifikatu egiten dituzte. Irakasleekin, nerabeek autoritatearekiko harreman-ereduak garatzen dituzte, gurasoekin dituztenetatik haratago. Azken batean, Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak nerabezaroko trantsizioaren, hau da, helduarorako urratsaren, zati handi bat gertatzen den agertoki nagusietako bat dira. Horrek erantzukizun objektiboa ematen dio hezkuntza erakundeari prozesu horretan (familia eta beste gizarte erakunde batzuekin batera).
Banakako harremanak, taldeko harremanak eta gelako giroa
Nerabeen hezkuntzan izandako emaitza bikainengatik aukeratutako hainbat ikastetxe aztertu ondoren, honako ondorioa gailentzen da behin eta berriz: garapen fisikoari, kognitiboari eta sozialari dagokienez, eskolako praktikak ikasleek dituzten desberdintasunetara egokitzeko duten prestutasuna eta gaitasuna da ikastetxe horien lehen ezaugarria.
Ikasleen interesetara hurbiltzean honako neurriak hartu izan dira:
Eskolako ordutegia murriztea, ikasleen interes pertsonalak garatzen laguntzeko.
Eskolako antolamenduan aldaketak egitea, ikasleen eta irakasleen talde txikiak sortzea, ikasleen beharren arabera eskolako erritmoa eta jarduerak artikulatzeko ahalmenak izanik.
Eta aholkularitza-planak garatzea, ikasle bakoitzak egunero pertsona heldu batekin harremana duela ziurtatzea eta tutoretza harremanak bermatzea entzute prozesuak indartzeko.
Ikastetxe horiek nerabeen garapen sozialerako eta emozionalerako ingurune positiboa sortzearen garrantzia azpimarratzen zuten, eta horra hor tutoretza prozesuen indarra. Horrela, ingurune horiek, nerabeen bizitza kalitatea hobetzeaz gain, errendimendu akademikoan modu positiboan laguntzen zutela bistaratu zuten.
Gelako giroa irakaslearen harremanetarako eta komunikaziorako trebezien mende dago, eta tutoretzak jasotzen ditu horretarako antolatutako neurri guztiak. Irakasle guztiek eratzen duten harreman kalitatea barne, eta familiekin elkarlana uztartuz, tutorea izango da arduradun nagusia.