FITO RODRIGUEZ Idazlea

Maisulana liburu bat, eleberri bat, saiakera bat, proposamen intelektuala... izan daiteke, haren egilearekin batera, transzendentzia lortu duena, eta, horri esker, bere arloan ohi baino urrunago joatea lortu duena, mugatua zegoenetik harago, betiere. 

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik (Antigua, 1929ko irailak 27 – Donostiako Alde Zaharra, 2012ko urtarrilak 14) heziketaren munduari egin dion ekarpena, nire aburuz behintzat, ezin da jakintzaarlo berezietara (hala fonetikara nola soziolinguistikara, fikziora, saiakeragintzara, gogamen filosofikora, hizkuntzara edota dialektologiara) soilik mugatu. Aitzitik, Txillardegi hezitzaile gisa zer den konturarazteko, hezkuntza-arloan bertan intelektual modura aztertu behar dugu, ezinbestean. Jite horixe dugu, ordea, egungo Pedagogian gutxiturik bezain ahazturik dagoen joera. Izan ere, irakaskuntzari buruzko proposamen garaikideak azpimarraturiko irakaslearen portaerak teknikariaren irudia hobesten du, eta irakasleen gizarte-inplikazioa baztertzen. Txillardegiren adibideak, berriz, hezkuntza eta hizkuntza intelektualizatu egin dizkigu. Horra hor haren funtsezko ekarpena hezkuntza-harremanen munduari. 

Txillardegi, polimata. Asko zekien hainbat jakintza-arloz. Gainera, bazekien ikuspegi nahiz informazio haiek guztiak elkarrekin behar bezala lotzen eta, une historikoaren arabera, proposamenak egiten. (Ph. Blom. A Wicked Company, 2010). Hala, esate baterako, euskara batuaren aldarrikapena zabaldu zuen 1956an Euskaltzaindiari zuzendutako bere “Karta Idigian”. Aintzakotzat hartua izan ez zenez, dimisioa aurkeztu zuen euskaltzain urgazle gisa. 

Paradigma-eraldatzailea (T. Khun. The Structure of Scientific Revolutions, 1962). Zientziaren historian, errealitatetik jasotako datuak antolatzeko eredu berriak proposatzen dituena da berezko eraldatzailea. Horrela, Galileo, da Vinci, Servet, Einstein… mota horretako intelektualak dira. Txillardegik, berak gidatutako Baionako “Euskal Idazkaritza” zeritzonaren bidez, euskara batuaren paradigma berria proposatu zion Koldo Mitxelenari eta, harekin batera, euskarari, benetako iraultza bideratuz. Hiru gai nagusi arakatu ziren batuaren proposamenean: 

1. Izenaren deklinabidea, mugagabearen erabilera azpimarratuz (garai hartan oso galdua). 

2. Aditz laguntzailea, ez osoa, oinarrizko jokoak bakarrik. 

3. Euskal Herriko toponimoen zerrenda. 

1964ko abuztuaren 29an eta 30ean, Biltzarra egin zen Baionan. Piarres Lafitte izan zen buru, eta hauek gonbidatu zituzten: Koldo Mitxelena, Joseba Intxausti, Imanol Berriatua, Xalbador Garmendia, Gabriel Aresti eta Rikardo Arregi. 

1964ko Biltzarretik ateratako proposamenaren onespena eskatu zitzaion Euskaltzaindiari (erantzuna lau urtez luzatu zen), eta Jakin aldizkariak bere egin zituen erabakiak 1965eko urtarrilean. Proposamen horrekin bat egin zuten orduko idazle gehienek Ermuko bileran, 1968ko ekainaren 28, 29 eta 30ean. Azkenik, Euskaltzaindiak Mitxelena izendatu zuen Literatur Hizkuntzaren Batasuna lantzeko batzordeburu, eta 1968an, Arantzazun, besteak beste, aditz-paradigma berria onartu zen. 

Artista askea. (Norbert Elias. Mozart. Zur Soziologie eines Genies, 1991). Mozarti buruzko monografia horretan aztertzen da nola erakundeen mendeko intelektualak beren burua askatuz joaten diren. Horrela, Mozart bezalako musikariak, apezpikuentzat edo printzeentzat soilik lan egitetik, “artista” izatera pasa ziren. Hau da, inolako trabarik gabeko balizko sortzaile modernoen genesia erakusten digu Eliasek. Horixe, eta ez besterik, izan zen Txillardegi, intelektual berria. Literatura modernoa euskaraz eman zigun idazle urbanoa, laikoa eta iraultzailea. Nazioarteko kultura-erreferentzia europar garaikideak euskal nazio zaharrera ekarri zituen abertzalea. 

Jakintzaren maitale. Jakintza maite zuen botereen gainetik (eta kontra). E. Zolak (J'Accuse…!, 1898) erabili zuen bide bera erabili zuen. Zola, izan ere, auzitara eraman zuten ohitura onen kontra egiteagatik. Egoera berean gertatu ziren Goncourt anaiak, Jules eta Edmond, 1853an, artikulu batengatik. Baita Flaubert bera ere, Madame Bovary eleberriagatik… Txillardegik Elsa Sheelen eleberria kaleratu zuenean, sekulako kritikak jaso zituen, baina bere hautu literarioari eutsi zion horien guztien gainetik. Einsteinen hitzetan esanda, “arazoen funtsera doan gogoamena” dugu Txillardegi intelektualaren proposamenen ezaugarrietako bat. Hala hizkuntzalaritzan, dialektologian, fonetikan, soziolinguistikan edota glotopolitikan. Txillardegi zenari asko zor zaio, eta zorra kitatzen saiatu beharra dago. 

Pentsaera berritzailea. Gizartean errotutako pentsaeraren aurka aritu zen Txillardegi. Galileo moderno baten antzera, aztertu zituen arazoak gehienetan ez ziren abagunekoak, egiturazkoak baizik. Sabino Aranak esandako “Euzkadi da euzkotarron aberria” lelo horri kasu egin beharrean, birmoldatu eta “Euskara da euskaldunon aberria” esan zuen, borroka politikoaren ardatza kulturan jarriz, eta ez arrazan. 

Literatura ausarta. R. Descartesek pentsatzeko metodo bihurtu zuen zalantza. Txillardegik, berriz, bere garaiko politika- eta kultura-ordena jarri zuen zalantzan, baita haren borroka-ildoak ere. Leturiaren egunkari ezkutua liburuko protagonistak, adibidez, mundu honetan norabiderik gabe aurkitzen dira, eta, aurrera egingo badute, noraezekoa zaie erabaki bat hartzea. Bizitzea behin eta berriro aukera bat egitea baita. Txillardegiren idazkera, ene ustetan, entsegu- -idazlearena izan da hastapenetatik amaieraraino: hizkera malgua, sintetikoa, dibergentea, originala; mintzaira joria, sortzailea eta gogoetarako prestatua.

Deuseztatzailea eta eraikitzailea. Lyotardek, modernitate osteko intelektualari buruz aritzerakoan, deuseztatzailea eta eraikitzailea izan behar duela dio. Halaxe izan da Txillardegi. Beraz, Txillardegiren irudi intelektuala eta haren ekarpenak bere ardatzetan kokatu behar direlakoan nago. 

Subjektutasun existentziala. Txilardegi izan zen gurean subjektutasun existentzialaren bultzatzailea, J. P. Sartreren bidetik. Esaten zuen kolonizazioari buruz kolonizatua bakarrik mintzatu daitekeela behar bezalako sakontasunez, kolonizazio kulturala kolonizatzaileek sekula izan ez dezaketen bizi-esperientzia delako. Ikuspegi hori zabaldu nahirik, J. P. Sartre euskarara ekartzeaz gain, A. Memmiren, F. Fanonen edo L. Senghor-en adibideak ekarri zituen gure kulturara Branka aldizkarian idatzitako artikuluetan. 


Eskola emateko garaian ere hezitzailearen rola intelektualaren ereduarekin lotu izan du beti, egun ia ahaztua bezain funtsezkoa dugun hezkuntza-jarrera erakutsiz eta, de facto, heziketan intelektualaren irudia aldarrikatuz.


 

Hezkuntza ere intelektualizatu zuen Hezkuntza ere intelektuala. Jose Luis Alvarez Enparantza hamaika alderdi dituen pertsonaia da. Idatzi honetan, hezkuntzarekin zituen loturak agertzea egokitu zait. Ez da hori, agian, Txillardegiren alderdi ezagunena. Pedagogiaz ez du gauza handirik idatzi, nahiz eta C. Freinet, esaterako, euskarara ekarri zuen. 

Gauza pare bat azpimarratu nahiko nuke nik Txillardegi (“Larresoro”, “Usako”, “Harribizketa”…) eta Pedagogia elkarrekin lotzean. Alde batetik, eskola emateko garaian ere hezitzailearen rola intelektualaren ereduarekin lotu izan du beti, egun ia ahaztua bezain funtsezkoa dugun hezkuntza-jarrera erakutsiz eta, de facto, heziketan intelektualaren irudia aldarrikatuz. Bestetik, ofizioz hizkuntzalaria izanik, baina, aldi berean, halabeharrezko ikuspegi soziolinguistikoa galdu gabe, bere maisulanetan kasu berezia egin dio aspaldidanik kezkatzen nauen arazoari: hezkuntzan ahozkotasunari ematen zaion garrantziari, alegia. 

Eskola ematean, benetako Txillardegi intelektuala azaldu da beti, eta horri erreparatu nahi diot nik hemen eta orain, irakasleak izan behar duen erantzukizuna aldarrikatzeko. Izan ere, hezkuntza-erreformaren sasoietan (erreformismo-garaietan esan genezake, bide batez), errotik garaturiko Txillardegiren diskurtsoa (berdin fonetikaz edo gramatikaz, elebitasunaz nahiz hizkuntza-eskubideez...), haren hausnartzeko gaitasuna, ez dira inoiz motz geratu irakaslearen ustezko neutraltasunaren mozorropean. Aitzitik, haren hautuak beti agerian egon dira, haren eskoletan erreformismoak ez du inoiz tokirik izan. 


Alde batetik, eta edukiei dagokienez, etengabe gaurkotzen eta birziklatzen ibili zen, eta bestalde, irakasle teknikari huts gisa nahi duen eskola instrumentalistan, Txillardegik hausnarketarako tartea modu irekian eduki zuen beti.


 

Laurogeiko hamarkadaren hastapenetan, Zorroagako fakultatean bildu ginenean, aurrean nuen gizona, haren idatziengatik eta haiek sinatzeko erabiltzen zituen goitizinengatik soilik ezagutzen nuen. Larresorok edo Txillardegik lanean aritzeko hiru aukera zituen aurrean aldarte hartan. Alde batetik, Deustuko Unibertsitatean irakasle gisa segitu. Bestetik, Donostian sortzen ari ginen Euskal Herriko Unibertsitate Publikoan aritu; baina, azken aukera horretan bi bide desberdin zituen, gutxienez: Filosofia arloan aritu edo Hezkuntzan murgildu. Azken hori izan zen haren hautua. Eta bere bizitzan egindako besteetan bezala, ene aburuz, hautu intelektual eta erradikal baten ondorioa izan zen hura. Pedagogia aukeratu zuen (orduko Hizkuntzaren Pedagogia, zehazkiago esanda), Hizkuntza Filosofiaren kaltetan, askoz euskaldunagoa eta euskal gizartearentzat eraginkorragoa-edo iruditzen baitzitzaion, nahiz eta garai hartako Filosofia Fakultateak hasi berria zen Zorroagako fakultatearen ospe eta prestigio gehiena bildu. Pasadizo horrek, bada, haren bizitzako hautuetako baten berri ematen digu. Idatzita ez dagoena. 

Kontuan hartu beharra dago garai hartan, heziketa-zereginetan biok batera ibili ginen hartan, pedagogiaren mundua etsipenak jota zegoela. Funtsezkoak izan zaizkigun egileek (Basil Bernstein, Michael Apple edo Pierre Bourdieu eta Jean Claude Passeron) zioten irakaskuntzak indarrean zegoen gizarte mota iraunarazteko besterik ez zuela balio. Etsipen horren aurrean, Txillardegiren zeregin erradikala, nola irakatsitako edukietan hala emandako eskola-formetan, intelektualarena izan da, praktikan, Henry Giruoxek teorizatutako irakasle eraldatzailearen ereduari jarraituz (Los profesores como intelectuales, 1990). 

Hau da, intelektual gisa gizartemailan erakutsitako jarrera bera dugu Txillardegik hezkuntza-jardunean erakatsitakoa. Alde batetik, eta edukiei dagokienez, etengabe gaurkotzen eta birziklatzen ibili zen, eta, bestalde, irakaslea teknikari huts gisa nahi duen eskola instrumentalistan, Txillardegik hausnarketarako tartea modu irekian eduki zuen beti. Hitz batean, bere bizitza osoa bezala, Txillardegik “intelektualizatu” egin zuen hezkuntzaren jarduna, intelektual eraldatzaile bati dagokion eran, bide praktiko batez, pedagogiak ahazturik zuen jarrera kontzientziatzaile historikoa berreskuratuz (Freire, P. Pedagogía del oprimido, 1985). 

Baina badago Txillardegiren zeregin pedagogikoetan gaur egun funtsezkoa den beste nabarmendura bat. Izan ere, eta goian aipatu bezala, intelektualari dagokion jite erradikal hura gizarteari buruzko ohiko irakurketa marxistazalearekin loturik azaldu ohi zaigu. Bai Bernsteinek, Applek edo Pierre Bourdieuk eta Jean Claude Passeronek, baita Freirek ere, salatu zuten zapalkuntza, funtsean, salaketa ekonomikoa izan da soilik. Txillardegiren ekarpena, hezkuntza-munduan hizkuntzaren eta kulturaren zapalketari eman beharreko berebiziko arreta izan da (Euskal kulturaren zapalketa, 1984). Ildo horretan, bat dator W. Labovek B. Bernsteini berari egindako kritikarekin (Labov, W. Sociolinguistic Patterns, 1972) eta M. Stubbsek garai bertsuan proposatutakoarekin (Lenguaje y Escuela, 1984). Hau da, eskolak badu hizkuntzaren eta kulturaren arloetan erantzukizun berezia, eta zapalkuntza-egoera iraultzeko lana ere badu. 

Eskolan, beste hainbat gauzarekin batera, hitz egin ere egiten da, eta Txillardegiren ekarpen praktiko zein teorikoak izugarriak izan dira hitz egiteak eskolan duen garrantziaz ohartzeko (Bat aldizkaria). Idazki xume hau Txillardegi intelektualaren ekarpenak dagozkien ardatzetan kokatzeko baliagarria izatea espero dut. Hark irekitako bideak, ordea, oraindik jorratzeke dauzkagu. Segi dezagun, beraz, hazitakoa landatzen eta jasotakoaz gozatzen...